Euskarazko aisialdi eskaintza dagokion neurrian lagundu dezatela. Eskaera hori egin zien atzo arratsean Udaleku elkarteak Lapurdiko kostaldeko herrietako auzapezei. Euskal Hirigune Elkargoko batzorde iraunkorreko hautetsien aitzinean mintzatu zen Maddi Bordagarai Udalekuko koordinatzailea, egunerokoan egiten duten lanak hizkuntza politikan duen eragina ikusarazteko. Elkartearen eredu ekonomikoa aurkeztu zien, eta eskatu zien haiekin partaidetzan aritzeko. Haur egun bakoitzeko 25 euro eskatzen dizkiote herriko etxeei. Batzuek betetzen dute, baina gehienek ezta aparantziarik ere. Diru galtzea 155.000 eurokoa da.
Ikusi gehiago
Ipar Euskal Herrian euskarazko aisialdi jarduerak eskaintzen dituen elkarte bakarra da Udaleku. Bost zentro ditu, denak Lapurdin: Hendaian, Miarritzen, Baionan, Uztaritzen eta Itsasun. Orotara, 74 herritako 1.128 haurri egiten diete harrera. Haur egunka egiten dituzte kontuak aisialdi egituretan, hau da, haur bakoitzak zentroan pasatzen duen egun kopurua kontatuz. Udalekuri dagokionez, urtean 17.695 haur egun dira. Horretaz gain, hamabi egonaldi antolatzen dituzte. Hamasei langile dituzte, eta behin-behineko 139 kolaboratzaile. Egitura gotorra da.
Baina, gaur egun, herriko etxeek elkartearen jarduera lagundu ezean, ez da bideragarria ekonomikoki. Defizitarekin bukatu dituzte azken urteak, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren ezohiko diru laguntza bati esker lortu dute kontuak ixtea. Duela urte batzuk, kontu ikuskatze bat galdetu zuten: azterketaren ondotik ebatzi zuten elkarteak ongi kudeatzen zituela diru kontuak; diru eskasia da haien arazoa. «EEPk eta elkargoak aztertu zuten Frantziako Estatuko aisialdi egiturek zer finantzaketa zuten, eta ebatzi haur egun bakoitzeko 32,8 euro eskatu behar genituzkeela. Garai hartan, 16 euro eskatzen genizkien herriko etxeei, eta horiek ere ez zizkiguten ematen; irri egin genuen», kontatu du Bordagaraik. Gaur egun 25 euro eskatzen dituzte.
Diruztatze sistema konplikatua dela esplikatu du Udalekuko koordinatzaileak. «Herriko etxeek dute eskumena, baina ez dira behartuak deus egitera» Duela kasik 30 urte, aisialdi eskaintza elkarteen esku zen osoki, baina, pixkanaka, herriko etxeek beren gain hartu dute. 2017tik, hau da, Euskal Elkargoa sortu zenetik, hark du eskumena Zuberoan eta Nafarroa Beherean, eta dagokion eremuarentzat 32,8 euro ordaintzen dizkio Udalekuri haur egunka. «Hautua egin dute besteen aitzinean eredu izateko», esplikatu du Bordagaraik. Baina, Lapurdiko kostaldean, herriko etxeek atxiki dute eskumena, eta handik heldu dira Udalekuko haur gehienak. 34 herri zenbatuak dituzte. Batzuek osorik ematen diete 25 euroko ordaina; horien artean dira Miarritze, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Donibane Lohizune eta Uztaritze. Beste batzuk hurbiltzen dira; baina badira batzuk bost euro ematen dizkietenak, bi euro edo bat ere ez.
Ateak itxiak
Lapurdiko kostaldeko herriko etxeekin «urtero diru eskean» aritu beharra deitoratu du Bordagaraik. «Bilkurak eskatzen dizkiegu, haiekin mintzatzeko, baina urtean pare bat hitzordu lortzen ditut gehienez ere». EEPko lehendakari zenean, Antton Kurutxarri Udalekurekin elkarlanean aritu ziren, baina ez zuten arrakasta handiagorik ukan. «Lurralde eremu bakoitzak bilkurak antolatu zituen, baina bertan behera utzi behar izan ziren, hautetsiak ez baitziren heldu. Kurutxarri herriko etxeen ikustera joan zen, banaka, baina ez zuen deus lortu». Orain dela hilabete eta erdi bilkura bat egin zuten Kurutxarrirekin eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarekin. Hor atera zen batzorde iraunkorrean hautetsiak interpelatzeko aukera, Lapurdiko kostaldeko herriko etxe gehienek ordezkaritza baitute hartan.
Ateak itxita egin zuten atzo gaueko aurkezpena, baina Bordagaraik espero du hautetsiekin parez pare mintzatzeak aukera emanen diela ate batzuk irekitzeko. «Esplikatu diegu hizkuntza politikan ezarri dituzten helburuak betetzen laguntzeko tresna gisa ikusi behar dutela Udaleku, eta esplikatu diegu nondik heldu den 32,8 euroko kopurua». Ikusteko dago hemendik aitzina zer erabaki hartuko duten. Bordagaraik argi du: herriko etxeek jarrera aldatu ezean, «kokatuak» izanen dira.
elkargoak Egonaldiak diruztatuko ditu
Euskal Elkargoko batzorde iraunkorrak atzo arratsean erabaki zuen Udalekuk antolatzen dituen egonaldiak diruztatzea. adierazi dute 6 eta 15 urte arteko haurrei eskainitako aisialdi zerbitzu hori «funtsezkoa» dela «hizkuntzaren transmisioan». «Eskolaren jarraipen gisa, modua ematen du haurrak hizkuntzarekiko duen esposizio denbora luzatzeko. Haren dimentsio ludikoak plazer kontzeptu bat ematen du, eta eragin positiboa du haurrak euskara ikasteko eta erabiltzeko duen motibazioan». Haur egunka 32,8 euro emanen dituzte, gehienez ere 68.000 euroraino.