Udako besten eredua jomugan

Baionako bestez instituzioek egin duten bilana gaitzetsi dute Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaiak. Besta eredua zalantzan ezarri dute, eta protokolo eraginkor baten beharra azpimarratu.

Ekintza feminista herriko kontseiluan
Mugimendu Feministak Baionako kontseiluan egindako protesta, uztailaren 17an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista eta Itaia emazte sozialisten erakundea haserre agertu dira instituzioek Baionako bestez egin duten bilanaz. Besta eredua ezarri dute jomugan, eta herriko etxeari leporatu diote eraso sexistak «minimizatzea», eta, beraz, «bortxaketaren kultura» eta «kultura matxista» sustatzea. Prokuradore Jerome Bourrieren arabera ere, bestetako bilana «baikorra» izan da, erran baitu sexu eraso abisuak jaso dituztela, baina salaketarik ez dela izan. Indarkeria matxistaren kontra ari diren eragileek, ordea, argi dute salaketarik ez izateak ez duela erran nahi erasorik ez denik gertatu. Itaiak ezarria zuen babes gunean, gutxienez 11 sexu erasoren berri ukan dute.

Eta erasoak ez dira bakarrik Baionako bestetan gertatzen. Hazparneko bestetan, ekainean, bortxaketa bat gertatu zela salatu zuten herritarrek, eta elkarretaratzea egin zuten erasoa gaitzetsi eta biktimari elkartasuna adierazteko. Oro har, Ipar Euskal Herriko bestetan «protokolo eraginkorrak» martxan ezarri behar direla uste dute Mugimendu Feministak eta Itaiak, horretara heltzeko bide desberdinak proposaturik ere. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak uste du erakundeen «inplikazioa eta baliabideak» behar direla; Itaiak genero zapalkuntza ahalbidetzen duen «sistema kapitalistaren» kontra «errotik» borrokatzeko dei egin du.

Azken hilabeteetan berriz egituratzen hasi da Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista, eta, Baionako bestetako egoera salatzeko, protesta egin zuten herriko kontseilu atarian uztailaren 17an, gertatu erasoen gaineko «kontzientzia hartze kolektibo baten premia larriaz» ohartarazteko. Besten ereduari kritika egin dio Lola Garcia Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak: «Gure ustez, besta eredua den bezalakoa izanik, ezin da bilan on bat egin. Erasoak izan dira: genero erasoak, sexu erasoak, eraso arrazistak eta erailketa bat. Ez ditugu bestak lasaiago ikusten batere, auzapezak erran duen bezala». Garciaren arabera, Mugimendu Feministak aldarrikatzen duena instituzioek ez dute «batere» entzuten. «Okerrago da oraindik: egiten entseatzen garena errekuperatzen dute. Mugimendu Feministaren proposamenak berriz hartzen dituzte, eta horiek desbideratu, eta hori biziki lanjerosa da». 

Bi adibide eman ditu Garciak: Maina babes gunearena eta Angela egitasmoarena. Herriko etxeak plantan ezarritako tresnak dira biak; lehena, biktimak hartzeko gune bat da; bigarrena, peña eta ostatu gehienetan ezarritako pegatina baten bidez biktimei harrera eginen zaiela segurtatzen duen egitasmoa. «Maina harrera gunea herriko etxeak bereganatu du orain, bere komunikazio planoan sartzen du, errateko zerbait egiten dutela, baina zehaztu behar da egunez bakarrik irekia dela, ez dela leku zentral batean eta ez dela ikusgarria», zehaztu du Mugimendu Feministako kideak.

Aña Iriart Ihurtzuri talde feministako kideak bat egin du mugimendukide Garciarekin, eta esplikatu du Angela egitasmoa ere ez dela «behar bezala» plantan ezarria izan. «Baionako Herriko Etxeak sekulako komunikazioa egin du Angela protokoloarekin, erranez denetara hedatua zela, baina, joan garelarik ostalariengana pixka bat galdekatzera, ohartu gara ez dutela den mendreneko formakuntzarik izan. Errekuperazio politikoa izan da, argiki». 

«Baionako Herriko Etxeak sekulako komunikazioa egin du Angela protokoloarekin, erranez denetara hedatua zela, baina, joan garelarik ostalariengana pixka bat galdekatzera, ohartu gara ez dutela den mendreneko formakuntzarik izan».

AÑA IRIART Mugimendu Feministako kidea

Andrea Pebet Itaiako kidearentzat, instituzioek ezarritako protokoloa «aurpegi zuriketa bat» egiteko baliatzen dute. «Ez zaie interesatzen erratea bestetan indarkeria handia gertatu dela plano anitzetan. Harremanak izateko eredua bera da bortitza. Bilan positibo bat egiten dute beren dispositiboak goraipatzeko, errateko Angela eta Maina gunea eraginkorrak izan direla». Pebetek uste du iazko bestetako bilan «katastrofikoa» ezin zuela «gorde» herriko etxeak; eta, horren aitzinean, aurten kontatu nahi izan dutela beren protokoloek «funtzionatu» dutela.

«Minimizaziorako» joera

Eragileen arabera, instituzioek egiten duten lana ez da «eraginkorra». Hortik harago, uste dute erakundeen diskurtsoek sexu erasoak «minimizatzea» eragiten dutela. Ildo horretan, Jerome Bourrier prokuradorearen hitzak «adierazgarriak» izan dira, Garciaren ustez. «Erraten du abisuak izan direla baina salaketarik ez; hori izugarri lanjerosa da, minimizatzen baitu emazteek bestan bizi dutena». Garciak esplikatu du gisa horretako diskurtsoek «bortxaketaren kultura» elikatzen dutela. «Intentsitate apalagoko eraso horiek babesten dituen sistemak permititzen du bukaeran bortxaketak inpunitate osoz gertatzea; horri deitzen diogu guk bortxaketaren kultura». 

«Intentsitate apalagoko eraso horiek babesten dituen sistemak permititzen du bukaeran bortxaketak inpunitate osoz gertatzea; horri deitzen diogu guk 'bortxaketaren kultura'». LOLA GARCIA Mugimendu Feministako kidea

Mugimendu Feministako kidearen iritziz, instituzioentzat «larria den gauza bakarra bortxaketa da», eta beste motako sexu erasoak «isiltzeak» erasotzaileen «inpunitatea» ekartzen du; beraz, «giroa ez da segurua emazteentzat». Ondorio bera atera du Ihurtzuriko Iriartek ere: «Gertatzen den eraso oro isiltzen dute, aipatu gabe uzten dute, bilan positiboa egiten dute... Baina guk argi dugu ez direla besta lasaiak izan; besta giroa ez zela segurua sentitu dugu guk, beldurrarekin ibili gara besten denboran». 

Itaiaren babes gunea
Itaiaren babes gunea, uztailean, Pannecau karrikan, Baionako bestetan. PATXI BELTZAIZ

Itaiak Baionako bestetan Pannecau karrikan ezarria zuen babesgunean «probokazio anitz» jasan behar izan dituztela salatu du Pebetek. «Lotsarik gabe erasotzaileak zirela erratera heldu zitzaizkigun, eskuin muturreko ideiak aldarrikatzen zituzten gure aitzinean, iraintzen gintuzten... Gure afixetan tindaketa naziak eta faxistak izan ditugu». Halako jarrerak «krisi kapitalistaren» barruan kokatzen ditu, eta uste du «besta eredua eta gizarte eredua» hertsiki lotuak direla. «Besta eredua lotua zaio gizarte ereduari: arrunt berekoia da, bakarrik norbere plazera da inportantea, eta, besteak gaizki badira, bazterrean uztean ditugu. Hori dena lotua zaio kontsumitzeko manerari, dena kontsumitzen baita: alkohola, droga, musika, baita harremanak ere». Erasoei bide ematen dien «kultura matxista» biziko arlo guzietan garatua dela azaldu du Pebetek; «bestetan ere bai».

Protokolo baten beharra

Besta giroan gertatzen diren erasoez kezkaturik, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek agerraldia egin zuten iragan ekainean Baionako Zizpa gaztetxean: Herri Urrats, EHZ, Lurrama, Nafarroaren Eguna, Lapurtarren Biltzarra eta hainbat herritako gaztetxe eta besta komitetako ordezkariak egon ziren. Erran zuten antolatzen dituzten ekitaldietan mota anitzetako erasoak gertatzen direla, eta horiei «erantzuteko» beharra aldarrikatu zuten. Besta guztientzat balioko duen protokolo bat lantzen hasiko dira heldu den ikasturtetik aitzina, besta giro «segurua» sortu nahi baitute.

Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere norabide horretan lan egiteko xedea du. Iriartek erran du «badirela» besta giro segurua duten besta ereduak, hala nola EHZ festibala. Esplikatu du horrelako adibideak ardatz harturik Mugimendu Feminista erregularki biltzen ari dela, «lurralde osoan baliatzen ahalko den» protokolo bat plantan ezartzeko. «Ikusten ari gara erasoen aitzinean zer erantzun ekartzen ahal dugun eta nola antolatzen ahal garen. Beharrezkoa ikusten dugu protokolo orokor bat lantzea, baina tokian toki egokitzeko balioko duena, lurraldearen arabera, jende kopuruaren arabera eta besta motaren arabera».

«Protokoloak eta erasoen kontrako tresnak proiektu emantzipatzaile baten barruan kokatu behar dira, hots, indarkeria matxista errotik kenduko duen sistema baten barruan». ANDREA PEBETItaiako kidea

Garciak uste du protokolo horren barruan «formakuntza eta sentsibilizazioa» ezinbestekoak izanen direla. «Irudikatzen duguna da lurralde osoan aplikatuko litzatekeen protokolo bat, modua emango lukeena urte osoan lan egitea, formakuntza saioen bidez». Proposatu du besta komiteekin eta bestaren inguruko eragile profesionalekin derrigorrezko trebakuntza saioak egitea. Horretarako, tokiko erakundeen inbertsio ekonomikoa galdetu du, argi baitu Mugimendu Feministak baliabide horiek behar dituela «tresna eraginkorrak» izateko.

Pebeten irudiko, beharrezkoa da besta espazioetan «gero eta presentzia handiagoa» ukaitea, eta adierazi du hori, besteak beste, protokolo baten bidez lor daitekeela. Nolanahi ere, aldarrikatu du Itaia antolakundearentzat ezinbestekoa dela «protokoloak eta erasoen kontrako tresnak proiektu emantzipatzaile baten barruan kokatzea; hots, indarkeria matxista errotik kenduko duen sistema baten barruan». Bestela, gisa horretako tresnek «sistemari petatxu bat» emateko balio dutela erran du, eta, beraz, «sistema iraunarazteko» balio dutela, «errotik aldatu gabe».  

Anartean, Pebetek argi du «lanean» segitu behar dutela, eta jakinarazi du iazko udan hasi zuten lana segitzeko asmoa dutela. Izan ere, besta komite eta gaztetxe batzuetako kideekin saioak egin zituzten erasoen kudeaketaren inguruan. Pebeten ustez, helburua da eragileak gai izan daitezen beren kasa protokoloak plantan ezartzeko, «beren espazioetan gertatzen diren erasoak kudea ditzaten». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.