Mendiko lasterketak ohikoak badira ere, proposamen originala da Zuberoako ikastolek bihar antolatuko duten Iratiko Triatloia: gisa horretako kirol lehiaketa eskaintza arras guti da Ipar Euskal Herriko barnealdean. Egitasmoaren abiapuntuan dira Sohütako ikastolako gurasoak, batzuek triatloietan parte hartu izan baitute. Kirol proposamena plazaratu zutenen artean da, kasurako, Gillen Guiresse. «Amiñi bat kanbiatzeko antolatu dugu triatloia, kultur mailan ikastolek gauza anitz egiten baitute», erran du Guiressek. Guraso taldeak abiatu zuen ideia gauzatzeko, Zuberoako ikastoletako laurogei bat laguntzailek segurtatuko dute biharko antolaketa.
Triatloia egiteko hiru aukera izanen dira parte hartzaileentzat. Triatloietara ohituak direnek formula luzea dukete gustukoen: 1.200 metro igerika, hamar kilometro korrika laurehun metroko desnibelarekin, eta bizikletan 94 kilometro, 2.700 metroko desnibelarekin. Guiressen arabera, argi da bizikleta partea dela «gogorrena». Ibilbide laburra, berriz, antolatzailearen erranetan, «kirolari normal batendako aski erraza izanen da»: Zortziehun metro igerika, hogei bat kilometro bizikletan seiehun metroko desnibelarekin eta bost kilometro korrika berrehun metroko desnibelarekin. Azken formula bertsio luzea txandaka egitea da, taldeko kide bakoitzak kirol bakoitzari dagokion partea eginez.
Desafioa
Triatloien usaia duten kirolariak espero zituzten antolatzaileek; gutiago lekuko kirolariak, Guiressek dioenez: «Zuberoa eta Baxenebarreko jende andana batek izena eman du, triatloien esperientziarik ez dutenak. Mendiko lasterketan ari direnak dira, baina desafio bat izanen da haientzat. Bizikleta edo igeriketa, bakoitzak landu du behar zuena». Hirurehun parte hartzaile izanen dira orotara. Talde profesional batzuk erakarri nahi bazituzten ere, azkenean ez dute Iratiko triatloian izenik eman; ondoko urtean aritzea espero dute, halere, antolatzaileek.
Eguraldi ona espero dute, baina hotzak alda lezake konfigurazioa, Iratiko aintziran eginen den igeriketa partearentzat hamabi gradutan izan behar baitu urak, gutienez. Gisa horretako ekitaldien arrakasta aroaren araberakoa da partez, eta aro ona espero dute antolatzaileek. Nolanahi ere, egun osoan abiatze desberdinak ikusten ahalko dira, musika izanen da, eta ikastoletako gurasoek ostatua atxikiko dute gaueko zortziak arte. Ondotik, bestak Iratiko ostatuan segituko du.