Tren geltokiko jantokia kulturgune bihurturik

Hendaiako Borderline Fabrika 2021ean ireki zuten. Inko Manterola langileak erran du orotariko kultura egitaraua proposatzeaz gain erresidentzia tokia dela artistentzat. Ander Fernandez laguntzaileak azpimarratu du mugarik handiena ekonomikoa dela.

Borderline Fabrikaren kanpoa, Hendaian, otsailaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Hendaiako Borderline fabrikaren aitzinaldea, otsailaren 7ko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Hendaiako tren geltokitik atera, eta edozein bidaiarirentzat ohiko bista Frantziako Poliziaren autoa parean izatea da. Geltokiari kolaturiko eraikin batean, berriz, bertzelako irudi bat eman dezakeen Borderline fabrika atzeman daiteke. Gunea 2021ean ireki zuten Hendaiako artista eta sortzaile batzuek. Geroztik, ekintza kulturalak eta artistikoak egiten dituzte astero.

Borderline Fabrikak lau urte beteko ditu maiatzean. Ander Fernandez laguntzailearen arabera, SNCF trenbide konpainiak bere jantokia zenaren eraikina berriz erabiltzeko mezua zabaldu zuen, eta Open Gare deituriko deialdiari erantzutea erabaki zuten. Tren konpainiako hainbat zerbitzurekin harremanetan egon ondotik, baiezkoa ukan zuten kultur espazio gisa abiatzeko.

Gaur egun, hiru langile dira Borderlinen, eta hirurogei bat laguntzaile aktibo dituzte. Inko Manterola bertako langilearen ustez, fabrika ireki zenetik argi zuten koordinatzaile postu bat izan behar zela. «Hastapenetik koordinatzaile figura bat izan genuen, eta lehenengo diru laguntzak haren soldata bermatzeko bideratu genituen».

«Hastapenetik koordinatzaile figura bat izan genuen, eta lehenengo diru laguntzak haren soldata bermatzeko bideratu genituen» INKO MANTEROLAHendaiako Bordeline Fabrikako langilea

Langileez gain, Manterolak eta Fernandezek azpimarratu dute etxekoak izendatzen diren lagunak badirela, elkartearen bizitzan parte hartzen dutenak. «Etxekoek asko ematen diote elkarteari, eta, horren truke, elkarteak asko ematen die etxekoei». Gainera, bi kideek zehaztu dute sortzaile erresidentziak antolatzen dituztela, artistak kulturguneko pertsona «garrantzitsuak» direlako.

«Orotariko» eskaintza

Borderlineko kultura eskaintza diru laguntza publikoen bidez finantzatzen dute. Fernandezen hitzetan, nahiz eta geltokiko kulturguneak ostatu bat baduen, ez ditu diru sartze guziak bermatzen. Aitortu du muga nagusia ekonomikoa dela eta diru laguntzen «menpe» bizi direla. Aurrekontuaren %60 laguntzez osatzen dute, eta %40ko autofinantzaketa dute.

Borderline Fabrikaren barna, Hendaian, otsailaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU
Borderline Fabrikaren barna, otsailaren 7an. GUILLAUME FAUVEAU

Alabaina, diru laguntzek proiektu «anitz» egiteko parada eskaintzen dutenez, Borderline Fabrikak bi jarduera mota proposatzen ditu. Fernandezek kontatu du hilabeteko animazioak eta ekitaldiak eskaintzen dizkiotela orotariko publiko bati, eta Manterolak kontatu du ortzirale guziz ekitaldi bat proposatzen dutela. «Ipar Euskal Herri mailan ez dakit, baina Hendaian bakarrak gara aste guziz kultura ekitaldiak eskaintzen», dio Manterolak.

Bete-betea agertzen da otsaileko egitaraua, eta Borderlinek lankidetza zenbait sortzen ditu ekitaldiak aitzina eramateko. Fernandezen arabera, nahiz eta muga ekonomikoa noizbehinka handia izan daitekeen, kontent dira, kulturguneak lortu baitu aste guziz heldu den publikoa hunkitzen. Haren erranetan, nagusiki familiak agertzen dira, baina gaineratu du egun batez gazteak eta bertze egun batez zaharragoak jin daitezkeela, betiere egitarauaren arabera. «Urtarrilaren 17an, Izaki Gardenak taldearen kontzertua izan genuen, eta 40 urte inguruko euskaldunak etorri ziren; otsailaren 6an, berriz, Porrotx izan genuen, eta haurrak etorri ziren, nagusiki».

«Urtarrilaren 17an, Izaki Gardenak taldearen kontzertua izan genuen, eta 40 urte inguruko euskaldunak etorri ziren; otsailaren 6an, berriz, Porrotx izan genuen, eta haurrak etorri ziren, nagusiki» ANDER FERNANDEZHendaiako Bordeline Fabrikako laguntzailea

Kasik lau urte pasatu ondotik, Hendaiako proiektua iraunkortzen ari dela adierazi dute Manterolak eta Fernandezek. Helbururik gabe baina ez noraezean, etengabeko mugimenduan dagoen proiektu bat da, eta aitzina begirako oinarrizko ikusmira finkatu nahi dute fabrikako kideek. Hala ere, kulturgunea fite hetsi beharko balute ere, orain arteko bidea agerian eman dute. «Hemendik hiru hilabetera hetsi beharko bagenu ere, bidea oso interesgarria izan da, eta geure buruari ez diogu presio hori eman nahi. Egunez egun goaz, eta ikusmira ttipi batekin, baina presiorik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.