Aines Hariztoi

Traputzarra

2024ko martxoaren 1a
05:10
Entzun

Gure bulegoko traputzarra arras xirtxila da. Litsak galdu ditu, erdi pelatua da. Zola garbitzerakoan joan-jinak biderkatu behar ditugu. Zikina torratzeko ahalegin guziak egin behar ditugu. Garbiketa egiteko gure txanda etortzen den aldi oro, traputzar gaizo honek denetarik entzuten du. Alta, aldi oro lana bukatu eta zarpaila bihurtzen dugu eta zoko batean uzten, ondokoa arte. Lan burtsako garbiketa-teknikariak gure traputzarra ikusiko balu, gutaz irri eginen luke, arrazoiarekin. Honek tresna dotorea du, trapu laua eta zabala, gider luze batekin. Makurtu gabe zapia zegoan sartu, xukagailuan tinkatu eta eraikineko zorua jestu zabal eta arinez ikuzten du.

Tresna arrunt bezain funtsezkoa da trapua. Gehienetan ez diogu estimu izpirik erakusten eta ematen dizkigun zerbitzuak ez ditugu gogoan hartzen. Bazter batean egoten da luzaz, puni, geldo, ahantzia, haren beharra ukan arte. Orduan, baitezpadakoa eta baliosa bilakatzen zaigu. Bazterrak lohi direnean soilik bere lana eskertzen dugu.

Eguneroko lanerako tresna dutenentzat —gehienetan eta ustekaberik gabe emazteak—, ezin da nolanahikoa izan. Ergonomikoa izan behar du, eraginkorra baina gorputzarentzat ahalik eta gutien kaltegarria. Gorago goraipatu tramankulu bikaina bezalakoa. Alta, guti dira zola egunero oinkatu eta garbitzen dutenengan pentsatzen dutenak. Izan ere, Garaziko Osasun Erakunde Publikoko erratz hautsiak ez du zuzendaritzaren bihotza hunkitu. Langileak erremintari egokitu behar izan dira, ziliportarik egin gabe, erietxeak ez omen baitu diru idorrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.