Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), 2005. urtean sortu zenetik, laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzea ukan du beti lan ardatz nagusietan. Azken urteetan, laborarien praktikak klima aldaketari egokitzea, etxaldeak autonomoagoak bilakatzea eta trantsizio energetikoaren bidean ezartzea lehentasunen zerrendan kokatu dituzte Ainhize-Monjoloseko bulegoetan. Lan hori ezagutarazi eta egonkortzeko, aurtengo emaitza kanpaina trantsizioekin lotu dute.
Klima aldaketarekin, laborantzako praktiken aldaketak ezinbestekoak bilakatu direla uste du Francis Poineau Mitikileko laborari eta EHLGko bulegoko kideak: «Murru baten parean garenez, ezin dugu lehen bezala segitu», dio. Aldaketa edo trantsizio horietan, Ainhize-Monjoloseko langileek sostengu teknikoa ekartzen diete laborariei, hainbat alorretan.
Trantsizioen teknikariak
Laborantza ganberak bide desberdinak ireki ditu trantsizio desberdinetan laguntza teknikoa ekartzeko, eta, gehienetan, laborari talde baten interesetik abiaturik. Kabalen hazkuntza nagusi den lurraldean, lurren %85 soroz osatuak direla ohartarazi du Poineauk belarrekin egiten duten lana iragartzeko: «Soroan da kabalen oinarrizko bazka. Baliabide hori hobeki baloratzea esperimentazioetan eta entseguetan oinarritzen da; adibidez, ongarri mineralen kantitatea tipitzea edo desagerraraztea».
Gisa horretako esperimentazio lanetan, etxalde jakin batzuetan entseguak egin eta teknikariek segitzen dute bilakaera, ondorioak ateratzeko. Belarren kalitatea hobetzeko alhapideak itzulikatzea ere lantzen dute, kabalak eremu tipietan zerratuz, eta gunez aldatuz, «belarra hobeki pusa dadin, eta haren balorea goratzeko», zehaztu du Poineauk. Gehitu du «nahigabean belarra gastatzen ahal» dela, eta hori gerta ez dadin ari direla lanean.
EHLGko teknikariek lurren diagnostikoak egiten dituzte; besteak beste, landare bioerakusleak aztertuz. Produktu fitosanitarioak edo pozoiak erosi eta baliatzea saihesteko, berriz, hainbat ildotako ikastaldiak antolatzen dituzte laborantza ganberako langileek. Poineauren erranetan, «ikastaro edo formakuntza horiek guztiek helburu dute laborariak laguntzea haien gogoetetan».
Belarrak produktu kimikoekin kentzeko partez, adibidez, hainbat tresna aurkeztu eta sustatzen dituzte laborarien artean, haien abantailak eta desabantailak kontuan hartuz, Poineauk dioenez: «Material garestia izan daiteke, eta kooperatiba kolektiboekin eskuratzea hobe da. Segur da belar kentze kimikoa baino konplikatuago dela; behaketa lan gehiago galdegiten du, eta aitzinetik ikustea noiz kendu behar diren. Baina pozoiekiko dependentzia gutiago bada eta lurrak babesten dira, ingurumenean ere eragin anitzez ere gutiago badu».
Artoa nagusitu den lurraldean, bestalde, ogi sailaren inguruko gogoetan ere sartua da EHLG, trantsizioari zentzu ekonomikoa ekarriz, Poineauren ustez: «Normalki laboraria aldagaia da sail gehienetan, ematen zaio ahal dena edo gelditzen dena. Ogiarekin, gogoeta alderantziz egin da, lehengaia baloratzea baita abiapuntua, laborariak bere lanetik irabaz dezan, eta ondokoek haien partea hartzen dute, baina saila eraikia da laboraria bere lanetik bizi ahal izan dadin».
Etxaldeetan zuhaitzak eta hesiak ukaitearen interes desberdinak ere ikertu eta promozionatzen dituzte. Azken urteetan, gainera, «kalitate hobeko» gorotza kausitzeko etxaldean berean atzeman daitezkeen mikroorganismoekin entseguak egiten dituzte laborari batzuek, EHLGko teknikariekin. Poineauk ez du dudarik aitzindariak behar direla gisa horretako bideak irekitzeko: «Behar dira gauzak hasi nonbaitetik, itxoin gabe bakarrik jin daitezen, edo itxoin gabe egun batetik bestera aldaketak gertatzea erabaki inposatuekin».
Sos bilketa, urte oroz
EHLGk ulertzen dituen trantsizioen zentzuan doazen erabaki inposatuak, preseski, ez dira berehalakoak: berriki protestak izan dira Europako laborantzarako diru laguntzetan neurri agro-klimatikoen sailean baitira pagatzeko berantak, eta, gainera, hitzeman ziren laguntza heinak ez baitira segurtatuak. Poineauren ustez, zentzugabekeria da: «Alderantzizkoa da egin behar litzatekeena: ahal gehiago eman eta jendea sustatu horretara buruz joan dadin, egiazki mobilizatzeko».
EHLGk egin duen lanak ere ez du instituzioen laguntza ekonomiko handirik, uraren agentziaren partetik salbu. «Ez gara instituzio bat, Euskal Herriko laborantza panoraman inposatu gara alternatiba sortzen dugulako, baina ganbera ofizialek zergen sosa badute, guk ez», argitu du laborariak. Alta, Poineaurentzat bistakoa da emaitza egiteko kanpaina norbanakoei bezala enpresei ere zuzentzea logikoa dela, denen interesean delakoan: «Lurra, ura... biziaren oinarri dira, eta laborariek horiekin lan egiten dute. Denen interesa da ingurumena zaintzea, denen interesa da laborariak zentzu horretara joan gaitezen».
Ahal mugatuekin ere, aitzina segitzeko arrazoiak sobera ikusten ditu Poineauk: «Gure analisia eta determinazioa alde ditugu zentzu onera joateko. Zientzialarien analisiak bat egiten du gurearekin, eta gizartearen aspirazioa ere zentzu horretara doa».