Azaroaren 2an Larzabalen egingo den Debrien Figurak transfeminismoaren inguruko eguna nondik sortu den ulertzeko, antolatzaileen arabera, bi elementu aipatu behar dira: militantzia feministaren inguruko pertsonen arteko sarea eta Larzabaleko Espelleteniaren inguruan sortu den dinamika. Hiru kolektibo dira antolatzaileetan: Paf talde transfeminista, Baipeletenia kultur elkartea eta BIK Baipeleteneko Irakurle Kluba. Genetikoki, berriz, Baionan eta Atharratzen ditu aitzindariak Debrien Figurak egunak: Loverdose festibalaren eta Bekat’uros egunaren segida gisa uler daiteke Oztibarrekoa. «Argiki bi ekitaldi horien programazio berdintsua da», laburbildu du Nathalie Riobe Paf taldeko kideak.
Ikusi gehiago
Espelleteneak azken urteetan sortu duen dinamikarekin, jende anitzen elkargunea bilakatu da Larzabaleko ostatua. «Oztibarren ez da bortxaz dinamika orokorrik edo egun konkreturik feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan», Rioberen erranetan, baina pertsonen arteko harremanak hiru elkarteen lankidetza ekarri du azkenean. Antolatzaileak zehaztu du talde bakoitzak berea ekarri duela antolaketa mailan: «Pafek teoria feminista eta transfeminista, BIKek ekarpen kultural eta literarioa eta Baipeleteniak euskara, bai eta Oztibarreko alde lokala ere».
Espazio berria sortzen
Lekuko sortzaileen azoka, tailerra, bertsolariak, mahai ingurua, erakusketa, Altxalili queer kabareta eta kontzertu feminista izanen dira azaroaren 2an Espelletenean. Helburua espazio berri bat sortzea da, Riobek dioenez: «Espazio queer, transfeminista eta segurua sortzea da xedea».
«Oztibarren ez da dinamikarik edo egun konkreturik transfeminismoaren inguruan»
NATHALIE RIOBEPaf taldeko kidea
Loverdose festibal ttipi baten itxura ukanen duela argi du Riobek: «Baionan osoki sortua izan zen, Atharratzen ere posible izan zen, eta orain saiatuko gara halako espazio bat biziarazten Oztibarren ere». Transfeminismoa eta euskararen inguruan izanen da «dena», antolatzaileak erran duenez.
Deabruen idatz zezaketen, baina euskalkiaren hautua egin dute antolatzaileek, «lekukoa» indartzeko. Baionakoek eta Atharratzekoek kausitu dutenaren esperantzan, Riobentzat inportantea izanen da ikustea Oztibarren zer eragin dezakeen egun horrek: «Gure eztabaiden erdigunean da, eta kasik jokoan dena, nagusiki, hori da: jakitea nahasketarik izanen denetz, espazio segurua izanen denetz, nolako erreakzioak izanen diren».
Egitaraua
- 10:00-13:00. Paf taldearen erakusketa mugimendu feministaz, lekuko sortzaileen azoka eta erakusketa.
- 11:00. Bertsolariak: Miren Artetxe Sarasola, Eli Pagola Apezetxea eta Nahia Etxeberri Lopepe.
- 13:00. Bazkaria. Izenak emateko: 06 37 13 17 47.
- 16:00. Tailerra: Plazera politizatu, besta kolektibizatu. Hitzaldia: Kuir identitatea eta euskal identitatea.
- 19:30. Deabruen desfilea.
- 20:30. Altxalili kabareta.
- 22:00. Zetkin.
- 00:00. DJ Plazeratu.