Ipar Euskal Herriko paisaia mediatikoan «bere lekua atzeman du» Mediabask astekariak, Goizeder Taberna kazetari eta erredaktoreburu izandakoak erran duenez. Hedabideak hamar urte bete ditu aurten, eta hasieratik izan da proiektuaren muinean Taberna. Iraganari so, 2013an, Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta hetsi zuten; «batez ere, arrazoi ekonomikoengatik». Baina ez horregatik bakarrik: «Aro digitalera pasatzeko zailtasunengatik ere bai», esplikatu du Tabernak. «Damuturik eta penaz» gelditu zuten Euskal Herriko Kazeta, baina «beste zerbaiten hasiera» izanen zela argi zuten muinean ibilitako langileek. Formatua eta maiztasuna aldaturik, Mediabask proiektua sortu zuten, eta 2015eko urtarrilean martxan ezarri zuten Mediabask.eus webgunea; urte bereko martxoan atera zuten idatzizko lehen zenbakia.
Iragan urtarriletik, Tidjan Peron da erredaktoreburua; kazetaritza eskolako trebatzea Mediabask-en egin zuen, eta ikasketak bukatu berri zituela proposatu zioten ardura. «Harriturik baina gogotsu» onartu zuen, eta hedabidearen independentzia «atxiki eta babestea» izanen da haren erronka.
Tabernak azaldu du «hiru hankako» ekoizpen bat egitea zutela gogoan hasieratik: bi euskarritan argitaratzeko xedea zuten —webgunean eta paperean—, baita Kazeta.eus ataria elikatzekoa ere. «Euskara integratua izan da gure hizkuntz hautuetan. Mediabask-ek %10 eskaintzen du euskaraz, zubiak eraikitzeko mundu erdaldunaren eta euskaldunaren artean. Helburua da pixkanaka mundu erdaldunak interesa ukaitea euskararekiko eta euskaraz egiten diren gauzekiko. Gaur egun oraindik euskararekin harremanik ez duen jendea euskarari eta euskararen erronkei interesatzea inportantea zaigu. Baina, aldi berean, euskaldunentzat eskaintza bat egitea ere beharrezkoa ikusten dugu», esplikatu du Tabernak. Bata bestearen «osagarri» dela argi du.
Orain, Mediabask Radio irratia estreinatu dute —momentuz, musika pasatzen dute gehienik—, baina irailetik goiti eguneroko emankizun bat hedatuko dute. Publiko berriengana iritsi nahiko lukete horrela; batik bat, Ipar Euskal Herrira bizitzera heldu diren biztanle berriengana.

Egindako ibilbidea «oso aberasgarria» izan zaio Tabernari, eta erran du abentura horrek «hazi eta hezi» duela. Erredaktoreburu izan zen zenbait urtez, eta «momentu oso bereziak eta krisi gordinak» bizi izan dituela gogoratu du: euskal gatazkaren konponbidea, pandemia, etorkinen krisia... «Ez dut uste leku guzietan hala gertatzen denik. Azkenean, munduari begira gara, baina problematika batzuk erabat tokikoak dira, gure historiarekin lotuak. Bizi garen lekutik ari gara, baina mundua dugu gainean». Peronek uste du hedabideak gero eta zentralistagoak bilakatzen ari direla, eta horren aitzinean tokiko hedabideek premiazko rola dutela jokatzeko. «Herri ttipiak ez ditugu utzi behar. Tokiko hedabide izaten segitu behar dugu, hurbileko informazioa zabaltzen, zinez jendea lotzen duena», erran du.
Eztabaida zikloa
Egitasmoaren hamar urteak markatzeko hamar eztabaida antolatu dituzte, Ipar Euskal Herriko egungo erronkei heltzeko, eta horien «argazki orokor bat» egiteko. Laborantza, etxebizitza, osasuna... Hainbat gai jorratuko dituzte; saioko, bat. Hiru eginak dituzte, eta laugarrena egitekoa dute: apirilaren 18an, Uztaritzen, eta besta komiteak izanen dituzte aipagai orduan. «Helburua da jendeak gure hedabideari lotzea, baina baita jendeak beren artean lotzea ere. Gainera, herritarrei aukera eman nahi diegu hautetsiekin eta adituekin loturak egiteko. Oro har, gizarte loturak sendotu nahi ditugu eztabaida horien bidez», adierazi du Peronek. Momentuz, jendea mintzaldietara joan dela erran du, eta gai horiekiko «interesa» sentitzen dela gizartean.
Peronek argi du Mediabask-eko lantaldeak erronka handiak dituela aitzinean, eta eskertzen du «taldearen jarrera parte hartzailea». Ondoko hilabeteetan, 2026ko herriko bozen prestaketa lanari ekinen diote, eta lantzen ari dira nola emanen duten horien berri.