Te ekoizpena Santa Grazin, japoniarren maneran

Mylene Dupuy-Althabegoiti Japonian ohartu zen tea mendi eskualdean landatu daitekeela, Santa Graziko Mendikotean 500 landare ezarri zituen; 4.000tik goiti dira orain. Heldu den urtean hasiko da bere dutea saltzen.

 DSC6550
Mylene Dupuy-Althabegoiti landareak eskuz kentzen, Santa Graziko etxaldean, iragan astean. J.E.
Joanes Etxebarria.
Santa Grazi
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Mylene Dupuy-Althabegoitik (Paue, Okzitania, 1971) «maitasunarengatik» ihardesten du, galdetzen zaiolarik zergatik ekoitzi nahi duen tea Santa Grazi gaineko lurretan. Senarrarekiko maitasuna, Santa Graziko bere lurrekiko, eta japoniarren tearekiko maitasunak bultzatu zuten bide berri bat ikertzera. Fisika irakaslea da aspalditik, elektrikaria ere bai azken urteetan, eta, gauzak ontsa baldin badoaz, heldu den urtean hasiko da bere tea saltzen.

Maitasunak eraman zuen Dupuy Tolosatik (Okzitania) Euskal Herrira bizitzera, senar zuberotarrari «segitzeko», haren erranen arabera. Fisika irakaslea da, baina ez zuen lan hori atzematen 2013an Donibane Lohizunera heltzean. Elektrikari bilakatzeko ikasketak egin, eta enpresa bat sortu zuen bi urte berantago. Zuberoaz ere maitemindu, eta senarrarekin Santa Graziko etxe bat erosi zuten, 2019an, Mendikotea izenekoa. Te landare batzuk landatzen hasi zen 2020ko udazkenean; bostehun landarerekin hasi zen, «ikusteko Santa Grazin pusatzen ahal zenetz». Esperientzia ongi atera zitzaion, eta 4.000 te landaretik goiti ditu orain Mendikotea etxe inguruko lurretan.

 DSC6582
Santa Graziko Mendikotea etxe inguruko hektarea bateko lurretan diren te landareak, iragan astean. J.E.

Camellia landarea «aspalditik atzematen da Euskal Herrian», Dupuyren erranetan. Familia horretako landarea da tea (Camellia sinensis). Momentu berdintsuan eta bakoitza bere aldetik, te egile desberdinak plantatu ziren Ipar Euskal Herrian, 2019 eta 2020 artean. Dupuy-Althabegoitiren arabera, teak behar dituen hiru baldintza betetzen dira hemen: «Lur azidoa, ura kantitate handian eta maldan landatua izatea».

Japoniarren maneran

Nagusiki, bi eragin handi aipatzen dira tea ekoizteko maneran: txinatarrena eta japoniarrena. Dute berdea egiteko, hostoak bildu bezain laster berotu behar dira, oxidazioa gertatu baino lehen; txinatarren maneran, wok batean egiten da, eta japoniarrek, berriz, baporean berotzen dituzte. Dupuyk japoniarren teak duen «barazki gustua» anitz preziatzen du, baina badu beste arrazoirik ere haien manera erabili nahi izateko: «Tea landatzeko ideia Japoniatik heldu zaidanez, hango maneran egin nahiko nuke. Baina beharbada ene dutea, hemengo lurren gustua hartuko duenez, ez da batere japoniarrena bezalakoa izanen. Pario bat da».

«Ikerketa proiektu bat bada. Entseguak egiten ditugu ikusteko tea nola landatu behar den lur hauetan». 

MYLENE ADUPUY-ALTHABEGOITI Te ekoizlea

Komertzializazioa hurrengo urtean hastea pentsatua badu ere, jadanik Idoki sarearen parte da. «Eskuz egina eta ekoizpen ttipia» izanen da, haren erranetan. Dupuyk eskuz bildu eta biribilduko ditu hostoak, Japoniara iragan maiatzean egin bidaian ikasi zuen bezala: «Ez dute haien jakintza atxiki nahi, prest dira partekatzeko», zehaztu du. Japonian te ekoizle gehienak tresnekin ari dira, eta zailena izan da eskuz ari zen etxalde baten atzematea, lana eskuz egiten ikasteko. 

Bidaia batek piztu zion interesa barnatzen ari da te egilea, landareak handitu arau. Japoniara iragan maiatzean joan zen berriz, hostoak bildu eta berotu ondotik haien artean nola biribilkatzen dituzten hobeki ikasteko. «Japonian, gustuaz gain, hostoak eskuz biribilkatuz estetika ere lantzen dute, eta orratz forma ematen diete. Zinez eder da», esplikatu du Dupuyk. Gainera, euskara eta japoniera ikasten hasia zen lehenago, eta bi hizkuntzen arteko antzekotasunak ere zubiak eraiki ditu bi herrien artean egiten dituen loturetan. Ez daki oraino japoniarren teknikak baliatuz hango gustua duen dutea ekoizten ahalko duenez, baina irri artean erran du, dena den, Santa Grazitik bortxaz «nortasuna duen dutea» aterako dela. 

Dena ez da egoera berean Euskal Herrian eta Japonian; kulturalki dutearen lekua handia bada ere, japoniarren te ekoizpena «azkarki apaltzen» ikusi du Dupuyk bere bidaia desberdinetan. Euskal Herrian, berriz, tearen presentzia agertzen da laborantzaren egoeraren eraginez: «Ene bi auzo laborariek erretreta hartu dute aurten, lurrak alokatzen dizkiete inguruko laborariei, baina ez da instalazio berririk izanen. Guk etxea nahi genuen, baina hamar hektareako lurrak hartzea galdetu ziguten, ez zelako laborantzan ariko zen nehor. Sinesgaitza da».

Maiatzean Japoniara joan zen Dupuy (eskuinean), semearekin (ezkerrean), hostoak biribilkatzeko teknikak ikastera. J.E.
Mylene Dupuy-Althabegoiti —eskuinean—, semearekin —ezkerrean— eta japoniar batekin, joan den maiatzean, Japonian. Hostoak biribilkatzeko teknikak ikastera joan ziren. HITZA

Dupuyk, hastapenean, Mendikotea inguruko lurrak gisa batez baliatzeko ukan zuen tea landatzeko ideia. Bidea emeki-emeki egiten du salmentara buruz: «Lehenik lurrak, gero landaketa, laster ekoizpena». Baina santa graztarrari iduri zaio, ttipia izanagatik, merkatu bat ukanen duela: «Gezurrik erran gabe, merkatu ttipi bat da. Baina bada jendea lekuko mozkinak xerkatzen dituena, eta bada jendea kafea baztertzen duena eta dute berdea hobesten, osagarri aldetik abantailak dituelako». 

Idokin, badu te egile kide bat Uztaritzen: Mikel Esclamadon. Beste eskualdeetako ekoizleekin ere elkartu dira azken denboretan; tearen inguruko ikerketa egiteko bretainiar edo okzitaniar laborariekin, besteak beste. «Bost te ekoizleren arteko ikerketa proiektu bat da. Entseguak egiten ditugu ikusteko tea nola landatu behar den lur hauetan: landareen arteko distantziak, lurra estaltzea, barietateak... Eta egiten ditugun duteak ere ikertuko ditugu», erran du, xeheki, Dupuyk. Haientzat baino gehiago, te landatzen hasi nahiko luketenei pentsatuz ari dira lan horretan, besteen «hutsetatik ikas dezaten».

4.000 landareen heinak handia iduri lezake, baina te bakoitzetik 20 eta 30 gramo dute baizik ez da ateratzen uzta bakoitzean. Lan anitz izanen du ekoizpena abiatzean, landare bakoitzean hosto berrienak hautatu, bildu eta segidan berotu eta biribilkatu beharko dituelako dute berdea egiteko; dute beltza ere eginen du. Uzta garaian sasoilariak beharko lituzkeela pentsatzen hasia da, baina hori ere «emeki-emeki» ezarriko du plantan.

Te landaren erdian telefonoak jo, eta Dupuy elektrika solasean hasi da, ogibideak obretan aritzera eramaten baitu oraino bulta baterako. Donibane Lohizune eta Santa Grazi artean antolatzen ditu asteak: batean elektrikari, bestean te ekoizle. «Emazterik abantzu batere ikusten ez den» ofizioa du Lapurdikoa; Zuberoan, berriz, laborantzan emazte «anitz» ikusten ditu lanean.

Plangintza zehaztu gabe ere, argi da Dupuyren helburua «osoki» te landareetatik bizitzea dela, baina oraino urte batzuetan bi herri eta ofizioen arteko joan-jinak egin beharko ditu, «trantsizioan». Beharra badelarik, laguntzaileetan du enologo izan nahi duen semea ere, batzuetan te landareen arteko belarrak mozten dituena. «Parekotasunak badira enologia eta tearen inguruko lanen artean», ziurtatu du.

Kronologia

  • 2019. Mylene Dupuy-Althabegoitik Japoniara bidaiatu zuen. Han ikusi zituen te landareak Santa Graziren gisako mendietan.
  • 2019-2020.

    Te landareen lehen landaketa, udazkenean.

  • 2020-2021.

     Bi urte horietan, udazkenean, beste 2.000 landare landatu zituen; 4.000, orotara.

  • 2024. Japoniarako bidaia maiatzean, te hostoak eskuz biltzeko teknika ikasteko.
  • 2025. Dena ongi joanez gero, Santa Graziko Mendikotea etxeko tearen lehen salmentak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.