Irudian bi emazte ageri dira tangoa dantzatzen, Katatxu ostatuan. Konplize dira, biak errientsak, euskaldunak eta feministak. Ez dakigu tango dantzaldi hori egiazki gertatu zen edo asmatua den. Komikia ezagutu duzue, beharbada, Asisko Urmenetaren Gora Euskal Herrientsak irakurri baduzue. Emazteetan lehena Malena Jauregiberri Erbin da, Alozen sortua, 1884an. Irakaslea, idazlea, euskaltzaina, Begiraleak euskal emazte abertzaleen taldeko lehendakaria… Bestea, Jule Fernandez Zabaleta. Liburuko orrietatik tiraka aritu naiz emazte horiengana hurbiltzen saiatzen. Hasi, eta minutuak oharkabean pasatzen zaizkit. Jule Fernandez Zabaleta Iruñean sortu zen, 1898an. Irakasle ikasketak egin zituen eta pedagogia berritzaileak landu zituen. Harrigarria badirudi ere, Bartzelonara joan zen Maria Montessoriren ikastaro batean parte hartzera. Emazte engaiatua, abertzalea eta feminista. Emakume Abertzaleen Batzako Nafarroako burua izan zen, besteak beste. 1924an (duela 100 urte!), diskurtso feminista bat eman zuen Euskaltzaindiak antolatu egun batean: «Hau eskatzen du feminismoak premiaz: emakumeentzat lana, ongi ordaindutako lana, haien duintasunaren zaintzailea izango den lana. Ez ezazue esan gizonak bezala ezin estudiatu dezakeela. Ogibide batzuk ezegokiak iruditzen zaizkizue, baina ez dira. Medikuntza, esate baterako».
Zenbat istorio, zenbat pertsona, zenbat erreferentzia eskapatu zaizkigu edo ezabatu dizkigute? Nola berreskuratu gure historia, herri eta pertsona zapalduona?
Hasteko, poz handiz entzun dut Iruñean pastorala prestatzen ari direla aurtengo maiatzerako, Jule Fernandez Zabaletaren omenez.