Markak hautsi ditu Matt Etxebarne Agirregomezkortak (Bidarte, 2001) azken urteetan. Foil surf oholarekin —masta daraman ohol bat da— munduko uhin handienetakoa hartu zuen 2023an: Hawaiiko Jaws uhina. Munduan ibilia izanik ere, Euskal Herriko lekuetan egin du esperientzia: Belharran hasi zen surfean, 16 urtetan. Surflari gisa profesionala izatea ez da erraza, haren hitzetan, baina hilabete honetan izenpetzekoa du lehen kontratu profesionala. Urtarrilaren 27an berriz iratzarri zen Belharra, eta hor ere ibili da, foilarekin. Naturari lotua izatea eta baldintzen menpeko izatea gustuko du, surf egiteak errutinarik ez baitu.
Zergatik hautatu zenuen surfa?
Bizitza kasik osoa itsasoan pasatu dut; 5 urterekin hasi nintzen surfean, lagunekin. Eskolatik atera eta hondartzara joaten ginen, Bidartekoa naizelako eta itsasoa hortxe dugulako. Gainera, amatxi Hendaian bizi da, eta han pasatzen nuen denbora anitz. Pasio hori horrela hasi zen, eta pixkanaka surf ohola ezin izan dut gehiago utzi. Errugbian eta pilotan ere aritu nintzen, baina, erabaki behar izan dudanean zeinekin segitu, surfa da gelditu.
Ogibidea duzu?
Hilabete honetatik goiti kontratu bat izenpetzekoa dut; beraz, lehen aldiko, surflari profesionala naizela erraten ahal dut. Orain arte ez nintzen hala; udan surf irakaslea naiz surf eskola batean, eta neguko sasoian marka babesleekin irabazten dut dirua, baina zaila da hortik bizitzea. Gure kirolean, gainera, dena da garestia; garestia da bidaiak egitea, materiala erostea... Horregatik, sosa irabazteko marka babesleekin aritu behar dugu; irudiak grabatu eta sare sozialetan zabaltzen ditugu.
Beldurgarriak dira uhin handietako surflarien argazkiak. Zer sentitzen duzu zuk uhin handi baten erdian zarenean?
Ene gurasoek gauza bera diote, beldurgarria dela, eta ez dutela begiratu nahi! Guretzat, ez dut erranen normala denik, baina ohitura badugula bai. Uhin handietan pasatzen dugu bizia, betidanik barnean gara. Sentsazio bereziak ditugu, baina ohitura badugu. Sentitzen dena da mendi bat bezala dela, itsasotik jalgitzen dena. Indarrarekin, erortzeko arriskua dugu, eta sentsazio anitz baditugu ber momentuan: beldurra, estresa, ezinegona... Urtean zehar, halere, asko entrenatzen gara egun horiei begira; beraz, normalean, prest egoten gara. Azken aldian, Belharra uhinean, banekien zergatik hor nintzen. Beldurra lehenago izaten dut, saioa hasi aitzin, baldintzak begiratzen ditudanean. Beti pentsatzen dut handiegia izanen dela... Gainera, uhin handiak gutxitan agertzen direnez, presio handiagoa sentitzen dugu. Behin saioa hasita, kontzentratzen gara, eta gozatzen dugu.
Belharran egin duzu surf berriz ere aurten. Zergatik da berezia zuretzat uhin hori?
Ttipia nintzenean Belharra ene ametsik handiena zen. 16 urterekin deliberatu nuen Belharran surf egitea, nire baitatik. Amari erran nion Hendaiara nindoala, besterik gabe, baina Belharrara joatea zen ene plana. Hango lekuko surflariek, Peio Lizarazuk eta beste batzuek, ikusi ninduten uretan sartzen txalekorik gabe, eskuak arraunean, eta galdetu zidaten zertara nindoan. Erran nielarik Belharrara nindoala, eta kaskorik gabe nintzela, ez ninduten sinetsi. Baina ikusi zutenean zinez hara nindoala, txistu egin zidaten: txaleko bat eman zidaten, eta jet eskiz eraman ninduten tokira. Geroztik, haiekin joaten naiz, eta haiekin ikasi dut.
Munduko uhinetan ere ibilia zara...
Bai. Portugalen, adibidez, Nazare uhin handia bada; ez da hemendik hain urrun, ez da hain gertu ere, baina, autoz joaten ahal denez, aukera badugu hara joateko azken orduan erabakita ere. Iragan neguan, Hawaiira joan ginen lagun batekin, eta biziko uhin hoberena hartu nuen han; bonba bat; hamabost metro ingurukoa! Eta iragan udan, Mavericksera joan ginen, Kaliforniara [AEB].

Nola prestatzen zarete uhin handietarako?
Egunero entrenatzen gara, uretan eta uretik kanpo. Gure kirola ez da lasterketa bat prestatzea bezala: guk beti prest izan behar dugu, ez baitakigu noiz hasiko diren uhin handiak. Kolpez uhin erraldoiak sortzen dira, eta guk egun horretarako prest egon behar dugu. Batzuetan zaila da, ez dugulako data finkorik; zaila da aurreikuspenik gabe aritzea.
Zuen kirola biziki lotua da baldintza naturalei...
Bai, eta baldintzak begiratzen ikasten da. Uhin handi gehienak neguan izaten dira. Beraz, garai horretan gure ohitura da esnatzean baldintzak begiratzea, gosaltzeko momentuan. Batzuetan zaila da asmatzea, zeren biziki fite aldatzen ahal baitira. Euskal Herrian garelarik ez da ezer gertatzen, ondoan garelako, baina bidaia egin baduzu espres, ez da hain erraza baldintza aldaketei egokitzea. Urrun diren uhin handiak hastear direnean, egun batetik bestera erabaki behar dugu joan ala ez. Surfean, azkenean, dena antolatzen ahal duzu, baina ez dakizu nehoiz zer gertatuko den. Horregatik maite dut kirol hori: saio bakoitza sorpresa bat da; naturak agintzen du.
«Surfak logistika handia eskatzen du, eta lekukoekilako harremana ez da beti erraza. Baina aldi berean, ulergarria da: surfa modan da, gero eta jende gehiago ari da, eta ez da beti erraza kohabitazioa. Arriskutsua izaten ahal da jende gehiegi baldin bada»
Uhinak diren lekuetan surflarien arteko tentsioak izaten ahal dira. Zerk eragiten du hori?
Adibide bat emanen dut: iragan udan, Tahitira joan nahi nuen Teahupoo uhin erraldoian surf egitera, foilarekin. Dena prestatua nuen, aspaldi nituen helburuetariko bat zelako. Beraz, bidaia egin nuen, eta joan aitzin jet eski gidari bat erreserbatu nuen tokira joateko. Saioa hastean, ordea, hango gizona ez zen etorri, eta bakarrik gelditu nintzen zazpi orduz hondartzan, surfik egin gabe. Halako tokietan, lekuko surflariak egoten dira, eta entzun zuten etorri nahi nuela foilarekin. Garai hartan bazen Olinpiar Jokoen inguruko giro tirabiratsu bat, eta ez zuten nahi ni han egotea. Tahitira joan-etorria egin nuen debalde. Surfak logistika handia eskatzen du, eta lekukoekilako harremana ez da beti erraza. Baina, aldi berean, ulergarria da: surfa modan da, gero eta jende gehiago ari da, eta ez da beti erraza kohabitazioa. Arriskutsua izaten ahal da jende gehiegi baldin bada.
Euskal Herrian ere hala gertatzen da?
Lekuen arabera... Parlementia hondartzan, adibidez, egun on batez, ehun pertsona ibiltzen dira uretan, eta denek nahi dutena egiten dute. Arriskutsua izaten ahal da. Beste leku batzuetan, lekuko surflariak badira, haien lekua da, eta babesten dute lekua, nolabait. Horregatik, babestua izatea ez da baitezpada gauza txarra. Baina bai, giroa berezia da, eta lekuaren arabera anitz aldatzen da. Uhin handietan ere gertatzen da; lekukoek hartzen dituzte uhin onenak, eta zuk... ahal duzuna.