Hizkuntzalaritza esperimentala jorratuko duen katedra bat ireki dute UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Ahal deituriko laborategi bat hedatuko dute haur elebidunen hizkuntza jabekuntza aztertzeko. Arrate Isasi Isasmendi ikerlari eta irakaslea (Arrasate, Gipuzkoa, 1994) katedra eramateko izendatu dute. Isasik baieztatu du bost urteko ibilbidea egin eta hizkuntza jabekuntzari buruzko ikerketen emaitzak karrikaratu ondotik «egonkortuko» dela katedra.
UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak berriki plantan eman du hizkuntzalaritzari buruzko katedra bat. Zer da?
Bai, katedra linguistikoaren barnean, bost urteko lehen fase bat izanen dugu, eta horren karietara ni izanen naiz irakasle eta ikerlari erreferentea. Katedra guzietan bezala, nire lanaren parte bat irakaskuntzara bideratuko dut, eta bestea, ikerketara. Bost urte horien ondotik, ikerketen lehen ondorioak aurkeztuko ditugu, eta orduan egonkortuko da katedra.
Zer ikertuko duzue bost urtez?
Nire izenean hitz eginen dut gaur, baina argi gera dadila honen gibelean ikerketa talde oso bat garela. Gure ardatza da haur elebidunen hizkuntza jabekuntzaren prozesua ikertzea. Interesatzen zaigu euskara eta frantsesa ikasten ari diren haur elebidunen hizkuntza jabekuntza aztertzea eta elebitasun maila desberdinek nola eragiten dioten hizkuntza jabekuntzari. Adibide bat emateko, maiatzean hasiko gara 3 eta 5 urte arteko eta 7 eta 8ko haurren kasu sistema eta hitz hurrenkera aztertzen.
Hiztun eleaniztunak diren haurrak ingurune eleaniztun batean daude Ipar Euskal Herrian. Euskarak zer leku du eremu horretan?
Bereziki horixe interesatzen zaigu. Dugun ingurunea modu konkretu batean da eleaniztuna. Baionan ibiltzen bazara oinez, euskara ez duzu entzunen, baina eskolan badu presentzia handiagoa haurren artean. Haur ttipien artean presentzia handia du, eta horregatik interesatzen zaigu haurrek nola ikasten duten euskara, eskolan bakarrik jasotzen dutelarik. Bada profil linguistiko biziki jakin bat, eta interesatzen zaigu profil hori nola garatzen den ikustea eta profil horrek zer-nolako eboluzioa duen adinean aitzina egin ahala. Esate baterako, ikusi nahi dugu euskara alde batera uzten duten haurrek nolako hizkuntza gaitasuna mantentzen duten.
Ipar Euskal Herrian, eskola eremuan haur batek arazoak dituelarik, anitzetan bideratzen da hizkuntza bakar bat ikastera: frantsesa. Terrenoan hori sumatzen duzu oraino?
Elebitasunak haurrak nahasten dituen ideia hori aspalditik datorren ideia da eta guziz okerra da. Azkenaldian, zorionez, geroz eta familia gutiagok pentsatzen du hori horrela dela. Orain beste ideologia mota batzuk zabaldu dira familietan. Kontrakoa gertatzen ari da: elebitasuna bere horretan ona izan daitekeela uste dute. Aldatuz joaten dira hizkuntza ideologiak, eta aldatu da modu kapitalistan, zentzu utilitaristan. Erraten da zenbat eta hizkuntza gehiago jakin orduan eta hobeki dela, eta anitzetan ez zaio garrantzirik ematen zer hizkuntza ikasi behar den. Ingelesa, adibidez, batzuetan biziki modu bortxatuan irakatsi nahi izaten da. Baina gustatuko litzaidake zinezko indar bat egitea euskarari balioa emateko, eta ez besterik gabe edozein hizkuntza bezala ikasteko eta irakasteko. Euskara bada hemengo hizkuntza, eta hori biziberritzeko ez da besterik gabe elebitasunaren balioa erdigunean jarri behar; euskararen balioa agerian uztea garrantzitsua da.
«Euskara bada hemengo hizkuntza, eta hori biziberritzeko ez da besterik gabe elebitasunaren balioa erdigunean jarri behar; euskararen balioa agerian uztea garrantzitsua da»
Uste duzu hizkuntza batez jabetzeko prozesuan ez dela desberdintasunik egiten hizkuntzen artean?
Iruditzen zait desberdintasun handia egin behar dela. Euskara irakatsi behar litzateke bere testuinguruarekin eta hemengo hizkuntza dela onartuz eta aitortuz. Horrek eskatzen du hizkuntza politika orokor bat, hezkuntzaz gain. Hezkuntzaz gain dagoen zerbait bultzatu beharko litzateke. Haurrek ikusten badute euskarak eskolatik kanpo ez duela baliorik, garrantzia kentzen dio hizkuntzari eta ez da bilakatzen jabekuntza serios bat. Prozesuak eta helburuak desberdinak dira ingelesa edo euskara ikasten baduzu.
Bertzalde, euskara hizkuntza minorizatua dela ahanzten da.
Bai; alta, kontzientzia linguistikoa berebizikoa da. Horrek eragin dezake benetako hizkuntza jabekuntza eraginkorra plantan emateko lehen pausoetarik bat. Komunitate osotik etorri behar da kontzientzia hartzea. Irakasleek funtsezko rola dute. Eta gurasoen komunitateak ere bai; guztiek egin beharrekoa lana da.
Lehen aldikotz ireki dute hizkuntza jabekuntzaren arloko katedra bat Paueko Unibertsitatean. Nola hartu zenuen berria?
Izugarrizko aukera da. Izugarria da, baina ardura handia dugu katedra hau aitzina eramateko. Egundoko tresna izan daiteke katedra maila zientifikoan gehiago jakiteko. Aukera bat da, eta behartuak gaude gure ikerketetako emaitzak hezkuntzarako eta hemengo euskararen biziberritzerako bideratzea. Horretarako ere bada katedra.
UPPAn Euskal Ikasketen inguruan zegoen eskasiari erantzuten dio? Balio bat ematen dio?
Bai. UPPAk katedra sortu izanak lizentziari aukera berriak ematen dizkio, eta Euskal Ikasketek duten presentzia zabaltzeko balio du. Gainera, espero dugu eramanen ditugun laborategiko lanek lagunduko dituela ikasleak gehiago erakartzen eta lizentziari dinamika bat ekartzen. Euskal lizentziari bultzada handia emanen dio.
Terrenoko lana denez hizkuntzalaritza esperimentala, zer metodologia eramanen duzue haurren hizkuntza jabetza aztertzeko?
Hasieran, gure laborategian esperimentuak eginen ditugu. Horretarako, Ahal izeneko laborategia hedatuko dugu. Iker zentroan dago eta bertara gomitatuko ditugu hizkuntza profil desberdinak dituzten familiak. Lehenik, gomitatuko ditugu euskaraz etxean ikasi duten haurrak. Galdetegiak emanen dizkiegu, eta jokoen bidez galdera batzuk eginen dizkiegu. Hori izanen da ikerketaren lehen fasea. Heldu den urtetik aitzina nahiko genuke gehiago mugitu, grabaketen egiteko, familien etxeetara edo eskoletara joanez.
«Deigarria zait ikustea badela orokorrean euskaraz hitz egiten edo euskaraz anitz hitz egiten ez dutenen artean kontzientzia ttipi bat, eta euskararekiko interesa badagoela, nik espero baino handiagoa»
Nerabezaroan anitzetan euskara bazter batean uzten dute haurrek, hein handi batean. Horrek erakusten du eremu eleaniztun desorekatu batean bizi garela?
Bai, guziz. Egia da inguru eleaniztunak konplexuak direla eta desberdinki artikulatuak direla. Euskararen kasuan, desoreka bat bada, eta, haurren hizkuntza euskara bada, desoreka egoera hori irauli behar da; ez da denboran iraun dezakeen egoera bat. Hori aldatzeko, hezkuntza prozesuko bigarren mailan indarra eman behar da, eta kontzientzia landu behar da.
Ipar Euskal Herriko eremu eleaniztunean zer egin zaizu deigarri?
Deigarria zait ikustea badela orokorrean euskaraz hitz egiten edo euskaraz anitz hitz egiten ez dutenen artean kontzientzia ttipi bat, eta euskararekiko interesa badagoela, nik espero baino handiagoa. Baina interes hori ez da zinez artikulatzen, ez da errealitatera pasatzen. Erranen nuke testuinguruak falta zaizkiela hiztun horiei euskara praktikatzeko. Uste dut euskarara berriz erakartzeko jende horrekin lan polita dagoela egiteko. Interesgarria da aztertzea nola landu dezakegun euskararen erakargarritasuna; ez dadila euskara gauza polit bat kontsideratu bakarrik.
Deigarria egin zaizu euskara folklorearen elementua izan daitekeela Ipar Euskal Herrian?
Bai. Nire ustez, euskara harribitxi moduan ikusteak goxotasun pozoitu bat gordetzen du, eta horrek heriotzara bideratzen du hizkuntza. Suntsitu beharra dago euskara altxorra den eta museo batean gorde behar den ideia. Horren ordez, euskara babestu behar dugu, eguneroko hizkuntza dela aldarrikatuz eta hizkuntza normal moduan tratatuz.