Musikan egin zituen lehen urratsak Anize Ameztoik (Donamartiri, 1993), soinuaren teknika eta sorkuntzara jauzi egin aitzin. 2018 eta 2020 artean bideojokoetako soinu diseinatzaile izan zen Parisen, Ubisoft estudioan. Ondotik, bere kontu plantatu zen Euskal Herrian, jokoen soinuekin segitu zuen, eta soinu sorkuntzak beste eremuetara eraman zuen. Irratian, film laburretan, museoetako eszenografia berezietan ala podcast batzuetan entzun daitezkeen soinuak bere estudioan sortu ditu.
Zer inportantzia du soinuak zuretzat? Zure inguruan inportantzia ematen zaio?
Usu erraten dudan bezala, musikatik hurbildu naiz soinura, hori da anitzen lehen pausoa, haurtzaroan musikaz biziki erakarriak baikara. Gero deskubritu nuen soinuak grabatzearena eta lantzearena, musikaz aparte. Horrek anitz erakarri ninduen. Gure eguneroko bizian ez gara ohartzen zer garrantzi duen soinuak; irudiari kasu handiagoa egiten diogu. Soinurik ez delarik, ohartzen gara; baina badelarik, naturala egiten zaigu. Jendea ez da ohartzen soinuaren garrantziaz, baina hor delarik sorrarazten ditu oroitzapenak, emozioak eta gauza anitz, gure barnean ditugunak. Hartako biziki garrantzitsua da soinua ontsa lantzea.
Soinuan aritzeko musika ezinbestekoa da, edo batzuk ari dira soinuan musikaz deus jakin gabe?
Erranen nuke anitz lotua dela, baina ezagutzen ditut musika ezagutzen ez dutenak eta soinu sorkuntzan edo soinu teknikari bezala ari direnak. Zure belarria usatzen da, musikalak ez diren soinuak entzutean sentsibilitate bat sortzen zaizu. Musikaren teoria jakin gabe ere, ukanen duzu erritmoaren ideia argiago bat, bata bestearekin joaten diren tonalitateak... Belarria muskulu baten gisa entrenatzen da, eta sentsibleago zara gehiago musikari, musikari izan gabe ere.
«Gure eguneroko bizian ez gara ohartzen zer garrantzi duen soinuak; irudiari kasu handiagoa egiten diogu»
Nondik abiatzen duzu soinu sorkuntza bat?
Usu, hutsetik hasten naiz edozein lanetan. Hasten naiz irudi batetik edo pasarazi nahi dugun emozio batetik. Sortzeko prozesua ezberdina da proiektu guztietan. Batzuetan hasiko naiz tresna edo objektu batetik, Ikusten dudanaren arabera. Materia batetik hasten ahal naiz ikusten badut irudian metala edo zura gogora ekartzen didan zerbait; objektu batekin hasiko naiz grabaketa bat egiten. Proiektuaren arabera, has naiteke musika tresna batekin ere. Ez dut errezeta finkorik, baina beti lotura bat atzeman behar dut proiektuarekin. Irudiak anitz laguntzen du; irudi bat ikustean entseatzen naiz ideia bat edo emozio bat sortzen.
Bideojokoen soinuetan ari zara, besteak beste. Zer lotura da Donamartiriren eta bideojokoen artean?
Saiatu dudan pario bat zen ene kontu hastea lanean soinuarekin. Parisen estudio handi batean lan egin nuen, lantalde handi batean, bideojokoen soinuak sortzen. Utzi nuen Paris eta utzi nuen enpresa handi hori ene kontu aritzeko hemengo jendeekin eta proiektu ttipiagoetan. Hala gertatu da. Gustatzen zitzaidan jokoentzat soinua egitea; beraz, saiatu naiz lotura atxikitzen medio horrekin, lehenik Parisko estudioarekin lanean segituz eta geroz eta estudio ttipiagoekin arituz. Bideojokoen soinua egitea ez da denbora osoko lan bat; grafistak edo programatzaileak bideojoko bat sortzen aritzen dira urte osoan, eta soinuak, aldiz, aste batzuetako lana du. Beraz, ongi doa ene bizimoldearekin, eta distantzian egiten ahal den lan bat da. Entseatzen naiz hemen gaindi hemengo jendeekin lan egiten, eta ontsa lotzen dira biak.
«Utzi nuen Paris eta utzi nuen enpresa handi hori ene kontu aritzeko hemengo jendeekin eta proiektu ttipiagoetan»
Soinua denetan izanik, zer bezero mota ukaiten ahal duzu?
Egia da soinua erabiltzen ahal dela leku anitzetan. Izaten ahal da enpresa baten bideoetan logoarekin agertzen den soinua sortzea; soinu identitate bat sortzea da hori. Irrati edo podcastentzat beztitzeak sortzea izaten ahal da lanetako bat. Arraroagoa izaten ahal da museo batentzat soinu muntaketak egitea; soinu interaktiboak argi instalazioekin uztartuz, gertatu zait hori egitea Parisko Palais Garnier operan. Lan biziki interesgarriak dira, eta usaian egiten ditudan lanez desberdinak. Lan klasikoagoak dira film labur batzuentzat soinua sortzea eta muntatzea, eta bideojokoen soinuak sortzea.
Zer eremu berritara iritsi nahiko zenuke soinu sorkuntzan?
Aipatu izan dut film luze batean aritzea. Beste gauza bat antzerkia litzateke: beti pentsatu dut badela lekua soinu sorkuntza gehitzeko, eta ontsa egin eta ekartzen ahal liokeela zerbait antzerki pieza bati. Hori gustatuko litzaidake egitea, adibidez.