«Ele ederrak ez dira aski». Horrela iharduki du Seaskak, EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin egindako bilkuren ondotik. Parisen egin zuten bilkura apirilaren 10ean, eta Baionan elkartu ziren joan den astean. Bordeleko Akademiako errektore berria «prest» agertu zen euskarazko irakaskuntzari buruzko aitzinamendu batzuk lantzeko. Asmoak eta borondateak. «Oraingoan entzunak izan omen dira, baina ez dute deus zehatzik lortu», adierazi du Erik Etxart Seaskako lehendakariordeak Baionan, maiatzaren 11n iraganen den Herri Urratsen egitaraua aurkezteko ekitaldian.
Ikusi gehiago
Etxartek oroitarazi du 2022tik iraungia dela Seaska eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa lotzen dituen hitzarmena, eta salatu du horri buruz ez dutela deusik adierazi Frantziako Estatuko hezkuntzako administrazioko ordezkariekin izandako solasetan. «Laster maiatzean izanen gara, eta oraindik ez dakigu irailean zenbat irakasle postu izanen ditugun». Alta, martxorako jakinen zutela hitzemana zieten Etxarten arabera; irakaskuntza publiko eta pribatuan irakasleen mugimenduak otsailerako finkatzen dituztela erran du. «Maiatza heldu zaigu, eta oraindik ez dakigu zenbat gela, zenbat irakasle, zenbat kontratazio egiten ahalko ditugun». Erran du beren lana behar bezala egitea galarazten dietela, eta «errespetu falta» dela.
Etxartek «kezka» agertu du formazio eta inklusio arloetan dituzten beharrei buruz ere. Integrazio Batzordeak behin baino gehiagotan salatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela baliabide nahikoa ematen behar bereziak dituzten haurren inklusiorako. Gaur egun 200.000 euroren beharra dute. «Seaskaren garapen kualitatibo eta kuantitatiboa murriztu nahi ote du Parisek?», galdetu du ikastolen elkarteko lehendakariordeak.
«Ministerioan 'harrera beroa' egitea ez da aski interpretazio baikor bat egiteko. Ezin dugu lokartu, gure hizkuntzaren geroa gure eskuetan da»
ERIK ETXARTSeaskako lehendakariordea
Azken asteetan Bordeleko errektore eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko akademia ikuskari berriak izendatu dituzte. Batekin eta bestearekin bilkurak eskatuak ditu Seaskak, eta Frantziako Gobernuarekin ere bildu nahiko lukete. Anartean, kritiko agertu dira EEPko ordezkariek egindako komunikazioa dela eta: «Ministerioan 'harrera beroa' egitea ez da aski interpretazio baikor bat egiteko. Ezin dugu lokartu, gure hizkuntzaren geroa gure eskuetan da», adierazi dute. Horiek horrela, Herri Urratsera joatera animatu dituzte euskaltzaleak, ikastolak ekonomikoki sostengatzeko, eta «ele ederretatik harago», zinezko hizkuntza politika bat martxan ezarri dezatela eskatzeko.
Emakumeak eszenatokian
Askotariko egitaraua antolatu dute aurten ere Herri Urratserako. Estilo eta gustu guzietarako izanen dela baieztatu du Koldo Rodriguez jaialdiaren koordinatzaileak. Baina azpimarra egin dio emakumeek eszenatokietan izanen duten presentziari: Senpereko (Lapurdi) aintziraren inguruetan ariko dira, besteak beste, Sune, Olatz Salvador, Ingot —Itziar Ituño aktore eta abeslariaren taldea— eta Maider. Izanen dira, halaber, garai bateko talde ezagunak —adibidez PiLT—, baita berriki hasitakoak ere —Marte Lasarte, besteak beste—. Marte Lasartek eta Ingot taldeak Ipar Euskal Herrian joko duten lehen aldia izanen da.
Dupla taldeak egin du aurtengo Herri Urratsen kantua, eta Nafarroa-Badok gunean kontzertu berezia eginen dute; «sorpresak» izanen direla iragarri du Rodriguezek. Dantza, kantua, bertsoa eta bestelako animazio andana ere izanen dira egun guzian. Herri Urratsen webgunean ikus daiteke egitarau osoa.

Azkenik, herri kirolek ere izanen dute lekua Kattalin Elizalde kolegioan prestatuko duten gune berezian. Puntako kirolariak arituko dira lehian. Eta Erronka nazionala ere eginen dute, aurten herrialdeetako jaialdiak antolatuko dituzten Euskal Herri osoko ikastolekin. Hauek hartuko dute parte aurten: Galdakaoko Eguzkibegi ikastola (Bizkaia), Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola (Nafarroa), Aguraingo Lautada ikastola (Araba), Elgoibarko ikastola (Gipuzkoa) eta Kattalin Elizalde kolegioa.
Prebentzioan indarra
Herri Urratseko arduradunek indar berezia eginen dute aurten ere prebentzio lana egiteko. Erasoen kontrako protokolo berria prestatu dute, jaialdian bertan gerta daitezkeen askotariko erasoei erantzuteko eta erasoak pairatu dituztenak zaintzeko xedez.
Urtero bezala, autobusak izanen dira Ipar Euskal Herriko eskualde guzietatik. Tokian toki salduko dituzte txartelak.