Erlea da aurtengo Herri Urratsen irudia; Elgarrekin, hautatu duten leloa. Bi ideia horiek elkartu, eta dirua biltzeko kanpaina nazionala abiatu du Seaskak, euskaltzaleei erlezain izatea proposatuta. Erlezain bakoitzak hamar euro edo gehiagoko ekarpena eginen du, eta trukean Herri Urratsen erlearen irudia duen pin bat jasoko du etxean, «zaindu eta babes» dezan. Arberoa ikastola eta Kattalin Elizalde kolegioa laguntzeko izanen da bilduko duten dirua. 5.000 erlezain biltzera iritsi nahiko lukete. Herri Urratsen webgunetik egin daiteke ekarpena.
Gaur-gaurkoz, 25 pertsona ezagunek eman dute babesa jadaneko. Horien artean dira Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Itziar Ituño aktorea, Kike Amonarriz soziolinguista, Peio Dufau diputatua, Maddalen Arzallus bertsolari eta telebista aurkezlea, eta Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez pailazoak.
Maiatzaren 11n izanen da Herri Urrats aurten, eta Seaskako kideak bestaren antolaketan ari dira buru-belarri, Koldo Rodriguez antolatzaileak esplikatu duenez. Gaur, babes kanpaina nazionala aurkeztu dute Hendaian (Lapurdi). «Erleek elkarrekin egiten dute lan, komunitatean bizi dira eta berebiziko garrantzia dute ekosisteman. Gure komunitatean berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Euskal Herriko txoko honetan, baita euskalduntzearen jarraitzeko ere», Rodriguezen hitzetan. Seaskako erleak zaintzeko erlezainak behar direla erran du.
Auzolana eta elkartasuna
Euskal Herriko Ikastolen izenean ekimenari atxikimendua erakutsi dio Nekane Artola lehendakarikideak. «Badira erle bakartiak eta erle sozialak. Bakartiek euren habit propioa dute eta bertan bizi dira; ez dute ez eztirik ez argizaririk produzitzen, nekezegia baita erle bakar batentzat halako lana hartzea. Erle sozialek, aldiz, modu kolaboratiboan egiten dute lan, erlauntz komunalak eraikitzen dituzte, eta bizirik irautearen oinarrian komunitatea dute», esplikatu du. Haren hitzetan, Euskal Herria erle sozialez betetako herria da, «erlauntz komun ugari eraiki dituena». Herrigintzari esker aurrera atera diren «ehunka proiektu» aipatu ditu horren adibide gisara. «Auzolana eta elkartasuna dituzte oinarri».
Bide horretatik, Artolak baieztatu du euskara eta euskal kulturarentzat ezinbestekoak diren ekosistemak sortu izan direla, hala nola ikastolena: «Aurrerantzean ere hezkuntza, euskalgintza, kulturgintza eta oro har herrigintzako eragileok elkarrekin egingo dugu aurrera Euskal Herri euskaldun baten alde». Euskal Herritarrei dei egin die erlezain bilakatu, eta Arberoa ikastolaren eta Kattalin Elizalde kolegioaren alde egin dezaten.
«Nik hartu eta zuri pasa»
Euskal Herriko 25 pertsona ezagunek eman diote babesa Seaskaren kanpainari. Maddalen Arzallus bertsolari eta telebistako aurkezleak hartu du hitza denen izenean. Hendaiako ikastolako ikasle izan zen Arzallus, eta Seaskan egin zuen bere ikasketa ibilbide osoa. Orain dela urte batzuk Hendaiako ikastolari babesa adierazteko Amets Arzallusen hitzekin Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoek egin zuten kantua izan du gogoan: «Hartu ez da ikasi hitzaren arnasa; ikasi da nik hartu eta zuri pasa», zioen esaldi batek. Erleek egin ohi duten lanarekin lotu du mezua. «Hori da ikastolek egiten dutena: lore txikiak hartu eta pertsona bihurtu. Pertsona horiek izan daitezke iturgin, dendari, aktore, musikari, zuzendari pailazo, pilotari, laborari... Hemen elkartu ginen lagunek ere noizbait hartu genuen eskola edo ikastola batetik, eta orain guri dagokigu behin hartutako hori ematea». Etorkizuneko pertsona euskaldunak sortzeko, Ipar Euskal Herrian ikastolak «ezinbestekoak» direla ohartarazi du.
Lehen erlezainak
- Amagoia Mujika. BERRIAko zuzendaria.
- Idurre Eskisabel. Kontseiluko idazkari nagusia.
- Itziar Ituño. Aktore eta abeslaria.
- Ana Goitia. Aurkezlea eta aktorea.
- Kike Amonarriz. Soziolinguista eta euskaltzalea.
- Peio Dufau. Diputatua eta Seaskako gurasoa.
- Maddalen Arzallus. Bertsolaria eta aurkezlea.
- Joxe Mari Agirretxe. Pailazoa.
- Mertxe Rodriguez. Pailazoa.
- Maider Cigarroa. Abeslaria.
- Manex Fuchs. Aktorea.
- Ximun Fuchs. Aktorea.
- Asiako Urmeneta. Marrazkilaria.
- Johanes Etxebeste. Pailazoa.
- Peio Iziaga. Xutik taldeko abeslaria.
- Jon Maia. Bertsolaria.
- Ibai Zabala. Pilotari ohia.
- Maritxu Housset. Pilotaria.
- Albina Stardust. Drag artista eta aktibista trabestia.
- Maialen Errotabehere. Abeslaria.
- Fermin Muguruza. Abeslaria.
- Maddalen Iriarte. Politikaria.
- Joseina Etxeberria. Irrati esataria.
- Olatz Salvador. Abeslaria.
- Ekain Imaz. Errugbilaria.