Elorri Arkotxa: «Saiatu naiz ez bakarrik kontuan hartzen gutuna idazten zuena»

Hainbat zuberotarrek, testuinguru desberdinetan, XIX. mendean igorri gutunak ikertu ditu tesian Arkotxak. Zenbait irakaspen atera ditu ikerlariak.

(ID_17278653536335) Elorri Arkotxa
Elorri Arkotxa, artxiboko irudi batean. XIBEROKO BOTZA
Joanes Etxebarria.
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktore tesia egiteko gaitzat hartu zituen Elorri Arkotxak (Iruñea, 1991) bereziki zuberotarrek XIX. mendean hainbat testuingurutan igorri zituzten gutunak. Ez ziren soilik zuberotarrak, baina gehienak bai. Lehen Mundu Gerrako soldaduak ala Euskal Herritik Parisera, Madrilera edo Ameriketara joan euskaldun emigranteen gutunak ukan ditu ikergai. Euskaraz, gazteleraz ala frantsesez idatziak izan ziren hirurehun gutunez goiti irakurri eta horietarik hainbat ikasgai atera ditu ikerleak.

Frantsesa inposatu zen garaietan XIX. mendean euskaraz idatzi ziren gutunak ikertu dituzu.

Nire tesian hizkuntzen erabilerari buruzko atal bat atera zen, oso interesgarria iruditzen zitzaidalako topatzea gutunak frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz. Gaztelaniaz, noski, Ameriketara joandako emigranteenak. Zenbait gutunetan ere nahasten da euskara eta frantsesa edo euskara eta gaztelania. Oso interesgarria da atzematea euskarak presentzia nabarmena duela gutunen artean. Bibliografian topikoak irakurtzen nituen batzuetan: euskaldunek ez zutela idazten, ez zutela idazteko ahalmenik, uko egiten ziotela alfabetatzeari... Gutun horiek, hain zuzen, kontrakoa erakusten dute. Nahiz eta frantsesaren garrantzia geroz eta handiago zen, nahiz eta frantsesaren erabilera hasi zen inposatzen, garai hartan euskaldunek ez zuten alde batera utzi euskara.

Gutunaren igorleaz informazioak bildu dituzu; hartzaileari ere interesatu zara?

Saiatu naiz ez bakarrik kontuan hartzen gutuna idazten zuena, baizik eta hartzailea ere bai. Askotan ezin da jakin nor den hartzailea, hori beste errealitate bat da. Batzuetan bakarrik pertsonaren izena erraten dute, eta zaila da asmatzea. Ikerketa sakon bat egin behar da zehazki jakiteko nor den, informazioa badelarik. Agian, gutun bat irakurrita ez da posible, baina zenbait gutunekin ikus daiteke zein harreman mota zuten, zergatik idazten zuten hizkuntza batean, zergatik erabiltzen zuten tonu bat edo bestea komunikatzeko, zergatik jorratzen zituzten gai batzuk eta ez beste batzuk... Azkenean bi pertsonaren harreman intimoa ikertzea da.

«Jende askok ez zekiten idazten, eta ohiko praktika zen beste pertsona batengana jotzea idazteko»

Genero irizpiderik bazenuen hautaketan?

Ez zidan denborarik eman genero perspektiba garatzeko, baina hor dago. Ikertzeko dagoen gaia da, eta nik uste aberasgarria izan daitekeela. Irakurri ditudan gutunen %22 emakumeek idatzitakoak dira. Harritu ninduen ikusteak zenbat emakumek idazten zuen garai hartan. Jende askok ez zekiten idazten, edo oso gutxi, eta ohiko praktika bat zen beste pertsona batengana jotzea idazteko. Madrilen zegoen emakume bati irakurri dizkiodan gutun guzti-guztiek kaligrafia ezberdina dute; horrek esan nahi du berak ez zekiela idazten eta beti galdetzen ziola beste pertsona bati idazteko. Horrek ez dio garrantzia kentzen genero perspektibari, eta interesatuko litzaidake etorkizunean gai hori integratzea.

Zer gai landu duzu, zehazki?

Diziplina ezberdinetatik hartu ditut perspektibak eta metodoak; hala nola soziologiatik eta antropologia kulturaletik. Horrek erraztu dit gerturatzea garaiko euskaldunen alfabetizazio mailari buruz, eta balio izan du ikusteko zer esfortzu egiten zuten idazteko gutunak; nahiz eta idazten ez jakin, beste pertsona batengana joaten ziren idazteko. Gizon batek bere anaiari idatzi zion Ameriketatik, aipatzeko ama zendu zela. Gutuna gaztelaniaz dago, baina zuzenean esaten dio anaiari gaztelaniaz idatzi zuela ez zuelako topatu inor euskaraz idazten zuenik. Gutunen funtsa zein zen? Harremanak mantentzea eta berriak ematea. Orduan interesgarria da ikustea zer esfortzu egiten zuten, nahiz eta beste pertsona batengana jo idazteko. Dagoeneko gutunak ikertu dituzten ikerlari askok ikusi dute oinarria dela lotura mantentzea, eta horrek sortzen duela igorlearen eta hartzailearen arteko irudimen bat. Beste gauza batzuk irakurri behar dira lerro artean.

Zuberotarren gutunak dira gehienak. Gaur egun ere idazkera estandarra ez da orokortua. Nolako idazkera atzeman duzu?

Ez da batere erraza izan ulertzea eta transkribatzea zuberotarrez idatzi gutun horiek; zuberotarren laguntza izan nuen eta bertako jendeak ere arazoak izan zituen. Estandarizazio hori mundu guztiak orain ez badu erabiltzen, imajinatu XIX. mendean hori urrun-urrun zegoela. Askotan idazkera fonetikoa zen; batzuetan hitz egitean bezala jaten ditugu hitzak edo ez ditugu hitz guztiak esaten, badakigulako aurrean dugunak ulertuko duela zentzua. 

Zer ikuspegi orokor atera duzu ikerketa horretatik?

Antzeman daitezke gizarte klase ezberdinetako jendeak, eta horrek asko aberasten du panorama. Zuberoaz esan izan da landa eremua eta isolatua dela, eta nik gutunen bidez ikusi dut hori ez dela batere hala: gizarte oso dinamikoa zela, aldaketei eta transformazioei irekia; bazeukan bere joera tradizionala baina ikusten da orokorki gizarte aldaketei irekia zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.