Emazteen eskubideen aldeko nazioarteko egunaren karietara, manifestazioa izanen da egun Baionan, 18:00etan. Manifeminista kolektiboa ibili da egitaraua antolatzen; elkar ezagutzen ez zuten taldeen bilgunea izan da. Ana Sarria (Senpere, 1998) eta Maddi Kintana (Donostia, 1999) Manifeministako kolektiboko kideak dira, baita Ihurtzuri sortu berri den abertzale feministen taldeko kideak ere.
Nola sortu zen Manifeminista kolektiboa?
ANA SARRIA: Nous Toutes taldekoak hasi ziren azaroaren 25eko manifestazioa antolatzen [Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da], eta hortik aitzina zerbait kolektiboa egitea pentsatu genuen. Parte hartu genuen manifestazio horretan, eta Nous Toutesekoek ikusi zuten hor ginela, banderola batekin, motibatuak, eta gurekin harremanetan sartu ziren haiekin batean antolatzeko. Afera da badugula talde bat, duela zenbait egun ezagutarazi duguna: Ihurtzuri. Urte bat bada elkartzen garela; Ipar Euskal Herriko gazte abertzale feministen taldea da, eta horren izenean parte hartu dugu Manifeminista kolektiboan.
«[Ihurtzuri taldekoak] Urte bat bada elkartzen garela; Ipar Euskal Herriko gazte abertzale feministen taldea da, eta horren izenean parte hartu dugu Manifeminista kolektiboan».
ANA SARRIA
MADDI KINTANA: Bagaude hainbat kolektibo eta talde feminista ez gaudenak Nous Toutesen barruan, eta beharra sentitzen genuen zerbait zabalagoa egiteko. Lortu dugu horren barruan leku anitzetako jendea izatea: Planning Familialekoak, L'Armadame Landesetako talde feminista bat ere... Modu asanbleario batean funtzionatu dugu.
Zer antolatu duzue arrats honetako manifestaziorako?
SARRIA: Manifestazioa diskurtso batekin hasiko da Baionako Herriko Etxeko plazatik. Gero, emazte desberdinen lekukotasunak irakurriko ditugu: euskaldun, frantses, gazte, zahar... Egunerokoan bizi dituzten zapalkuntzak esplikatzeko. Jendarte zis-hetero-patriarkalaren epaiketa ere eginen dugu, eta bukaeran berriz diskurtso bat izanen da, Koraltxa koralarekin, antzerki bat, su ikusgarri bat, batukada feminista... 21:00etatik aitzina kontzertuak izanen dira gaztetxean.
Grebarako deialdia hedatu ere egin duzue. Zer greba mota izanen da?
KINTANA: Frantzian greba deialdia bada, eta guk Ipar Euskal Herrira hedatu dugu. Ez da soilik lanuztea, bada etxeko lanak ez egitea ere, zaintza lanak ez egitea. Borrokorako dei bat da, azkenean. Denentzat da greba: gizonek ere egin dezakete.
Zer harreman duzue Hego Euskal Herriko feministekin?
SARRIA: Manifeminista kolektiboarekin ez dugu harremanik Hegoaldeko taldeekin. Gu euskaldunak gara, baina Manifeminista kolektiboan badira frantsesak sentitzen direnak, eta erabaki genuen gure eremuan aritzea: Ipar Euskal Herrian.
KINTANA: Baina gazte abertzale feminista gisa, baditugu harremanak Hegoaldeko gazte feministekin. Haiek transmititu digute guri, eta haiengandik ikasten dugu.
Ipar Euskal Herriko mugimendu feminista azken urteetan pixka bat zatikatua da: batzuek Hego Euskal Herriko mugimenduari so egiten diote, eta, beste batzuek, berriz, Frantziako agendari. Nola ikusten duzue hori?
KINTANA: Azkenean, balantza bat da. Guk negoziatu dugu dena euskaraz egitea lehenik, eta kolektibo gisa Ipar Euskal Herriaz eta Euskal Herriaz hitz egiten dugu. Baionako deialdia Euskal Herriko mugimendu feministaren egitarauan sartua da, eta Frantzian Nous Toutesek ere sartu du berean, badirelako Nous Touteseko batzuk kolektiboan.
SARRIA: Nazio ikuspegiari begira, guk euskal nazioa ikusten dugu, eta beste batzuek, Frantzia. Akordio bat zen, azkenean, Ipar Euskal Herriaz hitz egitea. Halere, guk Euskal Herritik eta euskaraz egiten ditugu gure gogoetak.
Zer aldarri nagusi izanen duzue egungo manifestazioan?
KINTANA: Antolatzeko deia zabalduko dugu. Ez dugu nahi mobilizazioa geldi dadin Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko manifestazioetan. Hortik harago ere bildu nahi ditugu Iparraldeko feministak. Salatuko dugu sistema zis-hetero-patriarkalak eragiten digun guzia eta bizitzen ditugun zapalkuntzak. Gogoan izanen dugu abortu eskubidea ere; Frantziako Konstituzioan sartu berri dute, eta horri buruzko gogoetak zabalduko ditugu.
«Ez dugu nahi mobilizazioa geldi dadin Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko manifestazioetan. Hortik harago ere bildu nahi ditugu Iparraldeko feministak».
MADDI KINTANA
SARRIA: Erakutsi nahi dugu borroka egun bat dela. Emazteen eskubideen lortzeko borroka egun bat da, eta hori ez da egun bakarreko kontua. Bizitzen ditugun gauza guzien parean, neska* guziek antolatu behar dugu elkarrekin.
Bi neska gazte euskaldun zarete, Ipar Euskal Herrian bizi zaretenak. Kontra egiten diozuen sistema horrek, zer eragiten dizue?
SARRIA: Emazte euskaldun gisa, manifestazioaren antolaketari begira jadanik, ohartu gara hasieran dena frantsesez zela. Hori bera zapalkuntza neokoloniala da, gure hizkuntza eskubideak zapalduak direlako. Egunerokoan, betikoa: gona bat duzunean mutikoek gehiago begiratzen zaituzte, besta batetik sartzean gizonek segitzen zaituzte...
KINTANA: Askotan, justifikatu behar dugu zergatik egin behar diren gauzak euskaraz. Halere, uste dut mugimendu feministan den jendea nahiko irekia dela eta ulertzen duela behin azalduta. Baina beti pedagogia lana egin behar dugu, eta nekagarria da. Aurten salatuko dugu emazte euskaldun gisa bi aldiz zapalduak garela.
SARRIA: Bai. Beste adibide bat: ezin dugu euskaraz abortatu. Abortatzea ez da baitezpada erraza, eta, gainera, ez bazara zure ama hizkuntzan ari, oraino deserosoagoa da.
Zapalkuntzak metatzen direla, alegia...
KINTANA: Bai, eta hori da intersekzionalitatea, azkenean. Demagun pertsona bat euskalduna dela, queer, prekarioa... Beraz, zapalkuntza anitz bizi ditu, eta denek eragiten diote. Guk onartzen dugu feminismo mota anitz badirela, baina denak borroka bera dugu azkenean: guztion askapena.
Eta gaurtik landa, zer?
KINTANA: Talde feministak elkar ezagutzeko eta saretzeko tresna bat badugu orain, eta uste dut baliagarria izanen dela manifestazioetatik harago ere.
SARRIA: Manifeminista kolektiboa manifestazioak antolatzeko da. Gero, urtean zehar, bakoitzak bere taldearekin lanean segituko dugu.