Gazteen droga kontsumoa gora doa eta prebentzioa «behar» da

Droga menpekotasuna prebenitzeko foro bat antolatu dute Donibane Garazin, eskualdeko zortziehun bat ikaslerentzat.

Ikasle batzuk prebentzio egunean, Donibane Garazin, apirilaren 4an. J. E.
Ikasle batzuk prebentzio egunean, Donibane Garazin, apirilaren 4an. J. E.
Joanes Etxebarria.
Donibane Garazi
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Barnealdeko herrietan guraso batzuek alarmak piztu zituzten oharturik seme-alaben artean droga kontsumo handia badela. Hori ikusirik, Baigorriko Osagarri Etxeko kideek, prebentzioa lan ardatz dutelakoan, prebentzio foro bat antolatu zuten beren borondatez, iragan ostiralean. Donibane Garaziko merkatu estalian egin zuten, eta, orotara, eskualdeko zortziehun bat ikasle pasatu ziren hemezortzi partaideen erakusmahaien aitzinetik; inguruko ikastetxeetako ikasleak ziren bisitariak, laugarrenetik terminalera artekoak, taldeka antolaturik. Tabakoak, drogak eta alkoholak sortzen duten menpekotasunaren prebentzioa bai, baina beste gai batzuk ere hunki nahi izan zituzten antolatzaileek: osagarri mentala, elikadura, ingurumena, minbizia, kirola...

Jaka horia soinean duten laguntzaileek gidaturik, ikasleek taldeka egiten dute merkatu gelako itzulia, mahai batetik bestera. Kolegio eta lizeoetako ikasleen artean, taldeen araberakoa da arreta. Osagarri sexualaz informatzeko mahaiaren aitzinean, «badakizue preserbatiboak non atzematen ahal diren?», egin diote galdera kolegioko neska talde bati. Lizeoko talde bati, berriz, preserbatiboa urratzen delarik zer egin behar ote den. Ikasleen pareko mahaiaren gibelean diren hiru pertsonetarik bat Amaia Leizagoien da, erizaina, hamabi urtez adiktologoa izana Baionako ospitalean. «Nahiago dute gurekin aipatu, gurasoekin baino», zioen Leizagoienek. «Eta ikusten badute errazki aipatzen dugula, ongi pasatzen da», segurtatu du. Sexu osagarriaz mintzatzean, preserbatiboen inguruko galderak ditu gehienik entzun Leizagoienek: «Nahi dute jakin non atzematen ahal diren urririk, eta ikasi nahi dute nola ezartzen diren. Sexu bidez transmititzen diren eritasunen beldur dira».

Garazi Arrosez elkartearen erakusmahaia, iragan ostilareko foroan. J.E.
Garazi Arrosaz elkartearen erakusmahaia, iragan ostiraleko foroan, Donibane Garazin. J. E.

Zenbait mahai urrunago, Garazi Arrosaz elkarteak silikonazko protesiekin plantatu erakusmahaian, mutil talde bat; ikasle talde handia izanik, gibelean irriak eta aitzinean seriostasun handiagoa. Elkartearen izenean argibideak ematen dituena Isabelle Ibargarai erizaina da; norbere bularretan «anomalia bat balego ahal bezain goizik» atzematearen inportantziaz ari da. Esplikatu die bularreko minbizia tenorez atzeman eta «arta lasterragoa» dela, eta «ez hain gogorra». Aitortu du talde ttipiagoak eta intimitate handiagoko gelak hobeak direla gazteekin komunikatzeko. «Jestua praktikatzea proposatzen diedalarik, ez da hain sinplea: inguratuak dira, eta intimitatea eskas da hemen», argitu du Ibargaraik. Halere, «mezua pasatzen da», haren ustez.

Drogak barnealdean

Begi bistako arrakasta duten postuak bi dira, bereziki. Batetik, arku tiroarena, kirol praktiken promozioa egitekoa; bestetik, drogaren eta alkoholaren efektuak ikusaraztea xede zuen erakusmahaia. Azken horretan, Gizarte Segurantzako langileek gisa anitzetako betaurrekoak ezartzen dizkiete gazteei, eta haiek ping-pong pilota bat baso batean sartzeko entseguak egin behar dituzte. LSDaren, marihuanaren eta alkoholaren efektuak irudikatzen omen dituzte betaurreko berezi horiek. «Ez da egia, ez du efektu hori egiten», bota du gazte batek. Pilota bota eta gero, galderak egiten dizkiete, eta, gazteek ez badituzte erantzunak asmatzen, erakusmahaikoek ematen dizkiete, kontsumoari eta adikzioari buruzko informazioa zabaltzeko.

«Guti dira dena galdu aitzin laguntza galdetzen dutenak. Domaia da. Hartakotz joaten gara gazteak ikustera»

AMAIA LEIZAGOIENErizaina

Adiktologoa den heinean, Leizagoienek irudika lezake droga kontsumoaren argazkia Baionako ospitalean ikusi duen publikoaren arabera; barnealdean, haren erranetan, «zernahi droga bada, zernahi adinetan». Izan 60 urteko pertsonak ala izan 20 urte ingurukoak, ezagutu dituen jende anitzek «dena galdu dute» droga kontsumoaren eraginez. «Guti dira dena galdu aitzin laguntza galdetzen dutenak. Domaia da. Hartakotz joaten gara gazteak ikustera, errateko badela laguntza eta gaia aipatu behar dela», gehitu du, prebentzio foroaren beharra azpimarratuz. Erizainak badaki merkatu estaliko erakusmahaien eragina mugatua dela, baina gazteen «kontzientzia hartzerako» lehen urrats gisa ikusten du: «Laguntzen ditu elkarren artean aipatzen, edo pentsaketa egiten, bederen».

Donibane Garazi inguruko herri ttipietako gazteen droga kontsumoaz ohartu ziren hainbat guraso, eta Leizagoienek baieztatu du besteak beste kokainaren kontsumoa goratu dela, eta orain «denetan eta errazki» atzematen dela. Haren ustez, hondartzetan kokaina paketeak agertzearekin hasi zen joera hori, eta etengabe goitituz joan da. Orain, telefono aplikazioen bidez mana daiteke, erizainaren erranetan: «Galdetzen baduzu, bost minuturen buruan ekartzen dizute etxe aitzinera». Bestari lotua da kontsumoa usu, baina egunerokoan sartu eta menpekotasuna sortzea ez da hain arraroa, Leizagoienek dioenez: «Gazteek ez dute aski aipatzen. Bada talde efektua ere: lagunek hartzen badute, ez da erraza ezetz erratea, baztertuak izaten baitira», erran du, komunikazio zailtasunak agerian ezartzeko.

Osagarria

Beste mahai batzuetan, osagarri psikologikoaren eta suizidio arriskuen prebentzioan lan egiten duten elkarte eta erakundeek harrera egin diete ikasle taldeei. Eskualdeko Osagarri Agentziak plantan ezarri duen prebentzio plana Pirinio Atlantikoetako Departamenduan zabaltzen aritzen da Leonie Etxeto, baina helduekin gehienik; lehen aldia du parean gazteak dituela. «Osagarri mentalaz axolatzearen inportantzia azpimarratu diet. Arriskuak ere aipatu dizkiet: gaixotasun psikikoak, sufrimendua, batzuetan suizidio ideiak ukaiterainokoa. Mintzatzeak laguntzen ahal du», laburbildu du. Iruditu zaio gazteen artean sentsibilizazio handiagoa dela helduen artean baino, ikastetxeetan lan hori egiten den seinale. 

Orotara 800 bat ikasle pasa ziren, joan den ostiralean, prebentzioaren forotik. J.E.
Hainbat ikasle, apirilaren 4an, Donibane Garaziko prebentzio foroan. Zortziehun bat ikasle pasatu ziren handik. J. E.

Hizlari bakoitzak bere maneran, baina denek ahal bezain tailer dinamikoak proposatu dituzte beren gaiaren inguruko interesa pizteko. Hala, ingurumenaren osagarria lantzeko, La Ligue 64 eta Ramsay erakundeek etxea garbitzeko produktuak eta gorputzerako pomadak dituzte mahai gainean, eta ikasleek sailkatu behar dituzte, ingurumenerako kaltegarriak direnak eta ez direnak. Ondotik, azalpenak heldu dira. Alkoholaren arriskuak aipatzeko, berriz, Addictions France taldeko kideek taula bat erakusten diete hurbiltzen direnei, ikus dezaten guti goiti-beheiti alkoholaren efektuak zenbat irauten duen bakoitzaren pisuaren arabera, eta galderak egiten artetan, arriskuak zerrendatu eta anitz kontsumitzearen ondorioak aipatzeko.

Prebentzioaz axolatzen direnek badakite foroan ezin izan dutela gai bakoitza barnatu, baina «lehen urratsa» dela erran dute antolatzaile anitzek. Ikasle bakoitzak laguntza handiagoa ematen ahal liokeen telefono zerrenda bat ukan du ateratzean.

Beatrice Lafuente. Antolatzailea

«Gure nahikaria da tabuak uxatzea, gaia argiki eta sinpleki aipatzea gazteekin»

Beatrice Lafuente, prebentzioaren foroaren antolatzailea, joan den ostiralean Donibane Garaziko merkatu estalian. J.E.
Beatrice Lafuente prebentzio foroaren antolatzailea, apirilaren 4an, Donibane Garaziko merkatu estalian. J. E.

Baigorriko Osagarri Etxeak antolatu zuen Donibane Garaziko prebentzio eguna, iragan astean, eta Beatrice Lafuente erizain koordinatzailea izan da ekinaldiaren bultzatzaile nagusia. Adiktologo gisa jabetu zen Lafuente (Bidarrai, 1955) barnealdean droga kontsumoa goiti doala, baina gurasoen arrangurak entzunik deliberatu zuen, beste profesional eta laguntzaileekin batean, Donibane Garazin prebentzio foroa antolatzea apirilaren 4an. Zortziehun bat ikasle jin ziren egun osoan erakusmahaietara.

Nondik sortu zen droga menpekotasuna prebenitzeko eguna antolatzeko ideia?

Gure proiektua duela bospasei hilabete partitu zen, droga gero eta gehiago agertzen baitzen hemengo herrietan: bestetan, kirolean, anitz lekutan... Gurasoak arranguratuak ziren, pixka bat fenomeno berria baita guretako; hainbeste izatea bai, bederen. Beraz, joan ziren beren herrietako hautetsien ikustera, zer arrangura zuten errateko. Badugu osagarri etxe bat prebentzioa egiteko proiektua baduena; beraz, zerbait egitea pentsatu genuen. Hastapenean, pentsatu genuen droga eta alkohola bakarrik aipatzea. Emeki-emeki, pentsatu genuen bertzeetan ere badirela beharrak, eta entseatu gara gai guztiak aipatzen: tabakoa, alkohola eta droga; adikzioak, oro har. Baina osagarri sexuala, osagarri mentala, ingurumena, partaide sozialak, elikadura eta kirolaren promozioa ere bai.

Kolegioko eta lizeoko adinean diren gazteekin sinple da hitza libratzea?

Ez, ez da erraza nehorendako, ez gazteendako eta ez guretako. Gure motibazioa tabu horiek zinez uxatzea da. Ez genuen diskurtso moralistarik egin nahi. Geroz eta gehiago ikusten eta aditzen baitugu droga badela, eta haiekin aipatu nahi dugu. Hartakotz, tailerrak proposatu dira gai guztietan, galdeketak edo joko dinamikoak. Iduriz, gazteak biziki interesatuak izan dira; ikasleek iharduki dute biziki ontsa dela eta maitatu dutela.

«Ez genuen diskurtso moralistarik egin nahi. Geroz eta gehiago ikusten eta aditzen baitugu droga badela, haiekin aipatu nahi dugu»

Uste duzu lizeoko ikasleek helduen boza entzuten dutela?

Partaideek erraten dute baietz. Haurrak biziki interesatuak atzeman dituzte. Entzun dute, eta jokoaren bidez sartu dira. Denak entseatu dira jokoarekin mezu batzuk pasaraztera.

Adin diferentzia handia bazen ikasleen artean.

Ikasleak laugarrenetik terminalera artekoak ziren: sei edo zazpi urteren diferentzia bazen. Beraz, partaide bakoitzak bere tailerrak egokitu ditu. Ikasle gazte-gazteak zirelarik, tailerra bestelakoa zen.

Ingurumenaren inguruko tailerra, joan den ostiralean, Donibane Garazin. J.E.
Ingurumenaren inguruko tailerra, apirilaren 4an, Donibane Garazin. J. E.
Foroan parte hartzen duten elkarte eta egitura horien artean elkarlanik bazen hau egin aitzin?

Erizain aritzen naiz osasungintza publikoan, Asalee sarean, eta lanaren parte bat prebentzioari buruz egiten dut. Ene osagarri etxeak ere behar du prebentzioa egin, eta biak lotu ditugu. Bulta honetan banuen ideia hori: gisa horretako foro batean izan nintzen kostaldean, eta gustatu zitzaidan. Gurasoen arrangura ikusirik, pentsatu nuen behar zela hemen ere egin.

Ez baitzen halako prebentzio egunik barnealdean.

Drogaren kontsumoa fenomeno berria da guretako, barnealdean. Orain arte aditzen genuen bazela kostaldean; ez ginen biziki arrangura hemen. Baina herri ttipi batzuetan bada kokaina, eta kontsumo hori hein batean arrunta bilakatua da. Internet bidez ere ukaiten ahal da. Gure nahikaria da tabu horiek uxatzea, gaia argiki eta sinpleki aipatzea gazteekin.

«Herri ttipi batzuetan bada kokaina, eta kontsumo hori hein batean arrunta bilakatua da. Internet bidez ere ukaiten ahal da»

Ikastetxeetan epe luzeagoko lana egiten dea prebentzioan?

Osagarri sexualaren arloan, anitz gauza badira. Adikzioetan, zailago da ikastetxe publikoetan, Hezkuntza Nazionalaren baimenak behar baitira. Domaia da, zeren eta partaide horiek guziek urte guztian proposatzen dituzte tailerrak gaitasun psikosozialen garapena lantzeko: hor ikasten dute beren buruan konfiantza ukaiten, nahi ez duten zerbait proposatzen zaielarik ezetz erraten, ez ahalke izaten. Berrikitan, diskurtso moralistak ziren oraino: «ez da edan behar» eta halakoak; baina denek badakigu gazte garelarik, zerbait ez bada egin behar, hori egin nahi dugula. Behar da jadanik jakin zer diren droga horiek, nola pasatzen den, zeri behar zaion kasu eman. Gazteek ez dakite estasiak edo kokainak zer lanjer ukaiten ahal duen eta zein fite sartzen ahal diren adikzioan. Tabakoaren gaian lan handia egin da; gazte anitzek erraten didate ez dutela erretzen, baina adikzioa badute marihuanarekin edo kokainarekin. Ez dute egunero hartzen, baina erregularki bai, eta beharra badute. Gazteek kario pagatzen dute alkohol basoa, eta atzematen dute droga bospasei lagunentzat merkeago, eta horrekin badute gau guztirako. Gu baino gorago direnek erraten dute prebentzioan ari direla, baina ez da gauza handirik egiten fenomeno horren inguruan. Hartakotz entseatzen gara gazte horiekin aipatzen normalki, tabakoa aipatzen den bezala.

Foro hau berriz antolatzeko ideia agertu duzue. Ikasleen erantzunen arabera deliberatuko duzue berriz antolatu edo ez?

Berriz eginen dugu, hori segur da. Baina, beharbada, formula pixka bat aldatuko dugu. Goizean, etsenplu gisa, tailer anitz bagenituen, eta sobera jende bazen; haur guztiak ez dira tailer guztietatik pasatu. Momentu batez, baziren hirurehun edo laurehun gazte hemen barnean. Bidearen hastapena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.