Plazatik heldu dira, eta plaza hartu dute ikerketarako gai. Joana Etxart Tehenta taldeko kantaria eta pastoral idazlea izan da, Ihitz Iriart Amaren Alabak taldeko kantaria eta pastoral errejenta, eta Xantiana Etxebest pastoral errejenta; haien aurkezpen laburrak dira horiek, luzeagoa baita hiru ikerlari zuberotarrek kultura arloan egin duten bidea. 2021ean hasi zuten Gure ondarea egitasmoa, kulturgintzan aritu diren hainbat pertsonaren hitzak bilduz, filmatuz edo soinua grabatuz. Pastoraletan, maskaradetan edo kantagintzan aritu direnak ukan dituzte solaskide. Materiala bildu dute iragan hiru urteetan, orain analisi fasean dira, eta gerorako liburu bat iragarri dute. Kanalduderen laguntza ukan zuten filmatzen ikasteko, eta telebista horretako bide luze batean eman dituzte egitasmoaren inguruko xehetasunak.
Ahozko lekukotasunetan oinarritzen da xedea, elkarrizketetan. Zuberoako kulturan gisa batez edo bestez parte hartu duten jendeak dira denak, gehienak emazteak, nahiz eta, Joana Etxartek irriño batekin erran duen bezala, ez duten «deus ere gizonen kontra»; baño bada elkarrizketatuetan. Informazio haboro izanik gizon ikuspegitik landua, «oreka» bat xerkatzea dute helburu proiektua gisa horretan bideraturik. Lanaren ikuspegi orokorrago bat ekartzeko, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia irakasle Aitzpea Leizaolarekin elkarlanean ari dira hiru zuberotarrak. Burutik buru, euskaraz egiten dute lana oro, eta iragarri dute agertu nahi luketen liburua ere, lehen bertsioan, euskaraz izanen dela.
Ihitz Iriartek zehaztu du informazioa bildu eta agerraraztea dela hastapeneko helburuetako bat: «Guk informazioa xerkatu nahi genuelarik, apur ziren, eta ez genuen atzematen». Iriartek berak artikulu batean aztertu zuen pastorala emazte ikuspegitik, eta, lehenago, Etxartek beste artikulu batean argitu zuen berak idatzi Joanikot pastoralean (2017) sujeta zergatik ez zen emaztea. Egin gogoeten berri eman zioten elkarri, eta egitasmoa abiatu zuten Xantiana Etxebestekin batean. «Gure ondarea deitu dugu pentsatzen dugulako bakoitza kulturako ondare horretan sartzen dela, izan leku ttipi edo izan handi», esplikatu du Etxebestek.
Informazioa berreskuratzen
Ez da kulturan soilik gertatu, baina, sail horretan ere historia nagusiki gizonen ikuspegitik landua izan denez, elkarrizketatu gehienak emazteak dira, «oreka» nahi dutelako, Iriarten erranetan: «Ez ditugu bortxaz emazteen elkarrizketak baizik egiten, harremana baita gizon eta emazteen artean, plazan elkarrekin erauntsi baitute. Halere, egia da elkarrizketa gehienak emazteekin egin ditugula, informazio ments bat baita, oreka baten xerkatzeko edo berdintasunerako bidean. Azkenean, helburua da ments den informazio hori ere azkartzea». Elkarrizketa bakoitzean jende horren bizia aipagai izan dute, haur eta gazte denborak, eta handitzearekin kulturan nola sartu diren galdetu diete, «eta beren bizian kultura nola sartu den» ere bai, Etxartek azaldu duenez.
«Ez dut sentitu nahi emaztea naizelako kuota bat betetzen dudala. Berdintasuna behar da orotan»
XANTIANA ETXEBEST'Gure ondarea' xedearen eramailea
Azken urte luzeetako pastoral eta maskaradetan berrikuntza gisa aipatu izan dira, behin eta berriz, emazteen kargu «berriak»; izan arizale edo aktore gisa, idazle gisa, errejent gisa..., sinesteraino plaza publikoan emazterik ez zela aritu hor arte. Etxartek erran duenez, «gezur» hori lekukotasunekin zuzentzeko bidea ikusi dute xede honetan: «Ohartzen zara hori gezur alimalea izan dela, eta betidanik izan direla kulturan parte hartu nahi zuten emazteak. Ohartzen zara badela ments bat, eta ments hori betetzeko lan handia badela egiteko, berant handia badela».
Debekuak eta erresistentzia
Kanalduden eman elkarrizketa luze eta zabalean, agerian gelditzen dira ikerlarien eta haien elkarrizketatuen esperientzien arteko loturak. Xedea abiatzera pusatu zuen gogoetetara itzuliz, Iriartek aitortu du «emazte izateak eta kulturan izateak beti gune deseroso batean» jartzen zituela. Zehaztu du ez duela beti trabarik ukan; alderantziz, «gune aske» batean handitu eta hezi dela. «Baina adin batera helduz geroz, mugak sentitu ditut, eta ez dut konprenitu».
Bildu dituzten lekukotasunetan ere atzematen dira mugak, bai eta debekuak ere: 1950eko hamarkadan sortu emazte batzuek kontatu dute beren herrian dantza kurtsoak mutikoentzat bakarrik izaten zirela garai batean. Neskak ere joaten ziren, baina jarririk egon eta ikustera baizik ez. Banku horietarik ere dantzariak jalgi izana eder zaio Etxarti: «Ez irakatsi izanak ez du erran nahi ez dutela ikasi. Erresistentzia mota interesgarria eta ederra da». Beste lekukotasun batean bildu dute Santa Graziko pastoral errejent batek erran zuena: emazteek ez dutela «deus balio» beste parte hartzaile ororen aitzinean. «Baina beti bada erresistentzia egiteko manera bat, usu kolektiboa», gehitu du Etxartek, elkarrizketetan bildu esperientzietan bermatuz. Historia marrazten dute artxiboetako argazkiek, zuri-beltzean ageri baitira emazteak plazan, izan bakarrik edo izan gizonekin batean.
«Ohartzen zara gezur alimalea dela, eta betidanik izan direla kulturan parte hartu nahi zuten emazteak»
JOANA ETXART'Gure ondarea' xedearen eramailea
Iriarten erranek azpimarratzen dute debekua bera lehenago izanen zen horren seinale dela: «Segur da bizitzan orokorrean deliberoak eta indarrak gizonak ukan dituela eskutan, eta debekatu izan dela zerbait plazan. Ber denboran, debeku horrek erran nahi du agitzen zirela halakoak, agitzen ez den zerbait ez baita debekatzen».
50 urteko bilakaera
Azken bost hamarkadetako bilakaeraz galdera egin die Kanaldudeko kazetariak gero, haien xedeak aro hori hartzen duelako barnean. Pastoralak aipatuz, emazteek makila eskuetan hartzea, turk eszenetan presente izatea, gizon eta emazteak elkarrekin aritzea, emazteek beren kantorea ukaitea, emazte sujeta duen pastoral bat izatea, emazte idazle bat izatea, errejent emazte bat izatea... Aldaketak zerrendatu ditu Iriartek, baina ñabardura handi gisa aipatu du iduri zaiola «oso sakon sartu direla zenbait ideia, kanbio zirenak, orain kasik berriz problema» bilakatu direnak. «Guztiz emazte diren turk eszena horiek ez ditut haboro behar, adibidez. Gauza batzuk kanbiatu eta fosildu dira», trenkatu du.
Etxebestek onartu du emazteek plaza kulturalean «lekua edo iritzia emateko parada» badutela, baina hark ere badu bainarik: «Bai, lekua bada, baina norbaitek kudeatzen du leku hori. Enetako, ez dut nik merezi dudana, ez dut sentitu nahi emaztea naizelako kuota bat betetzen dudala. Berdintasuna behar da, baina berdintasuna orotan. Pastoral batean kantari hoberena hartu sujet izateko, ez emazte bat kuota betetzeko. Trantsizioan badira trakets diren zenbait gauza, eta jenatzen naute».
«Iduri zait oso sakon sartu direla zenbait ideia, kanbio zirenak, orain kasik berriz problema bilakatu direnak»
IHITZ IRIART'Gure ondarea' xedearen eramailea
Emaztearen lekua entzutea bera jenagarri zaio Joana Etxarti, «txakurraren lekua» balitz bezala. Azken hamarkadetan emazteek egin bideaz aritu da Etxart, zeina ofizioz historialaria baita, eta «lekua hartzen» dela azpimarratu du: «Bide hori ez dut ikusten progresio bat bezala, ez dut sinesten progresioaren ideian. Ez dut uste aitzina joaten garela eta hobetzen garela; uste dut egun negoziatzen direla zenbait gauza. Adibidez, nolako gaiak hautatzen dira pastoraletan: Frantziako historia da edo euskaldun figura bat Euskal Herriko historian? Hori negoziatzen da, eta generoa ere negoziatzen da. Belaunaldi bakoitzak negoziatzen ditu gauza horiek». Segidan, Etxartek gehitu du irabazten den leku bat definizioz galtzen ahal dela, «eskuin muturreko gobernu batek abortatzeko eskubidea kentzen ahal duen bezala».
Etxarti aitzinamendu bat zaio, aldiz, bideoan ikus eta entzun daitekeen solasa. Harentzat, «xantza bat» da. Beharbada, aitzineko belaunaldiek ukan ez zituzten gogoetak plazaratzen dituzte. Iriarten erranetan, lekukotasunak gaur egun bildu izanak posible egin du lan hori: «Denborak berak egin du emazte horiek konfiantza ukaitea gugan eta kontatu dizkiguten guztiak kontatzea». Haien parte hartzea eskertuz bukatu dute solasaldia.
Elkarrizketa horietako hainbat pasarte ikusgai dira Kanalduden, bideoaren bukaeran. Horietan, hitz gutiko erranaldi azkarretan, pasarte azkarrak eta emazte batzuek plazara egin urrats handien berri har daiteke. Gure ondarea lanaren emaitza, berriz, berantago ezagutaraziko dute egileek.