Xan Aire.

Munduko hizkuntzak lankidetzan

Plazara elkartea
2025eko urtarrilaren 17a
05:05
Entzun

Zer deabru da hizkuntza lankidetza? Munduko hizkuntzek elkar ezagutzea, egoerak eta jakitateak partekatzea, baita, agian, etorkizun bat ematen digun mugimendua antolatzea ere.

Gipuzkoako Garabide elkarteak zuen, 2005ean, hizkuntza lankidetzaren bidea urratu: munduan hizkuntzen gainbeheraz ohartuz, eta, menturaz, euskararen biziberritzearen esperientzia quechua, nasa, kaqchikel, maputxe... bezalako populuekin partekatzea baliagarri izan zitekeela pentsatuz. Garaian, Garabideren xede punka ez zen ulertua izan, anitzek pentsatzen zutelako lanik aski bazela euskara xutik atxikiarazten, munduko bertze hizkuntzak salbatzera joatea baino.

Geroztik, egin da bide: hizkuntzen arteko sarea ehundu da, eta iragan bat, orain bat, partekatzeaz gain, ohartzen ari gara etorkizun bat ere badugula eraikitzeko. Urtero antolatzen den Aditu izeneko programan, munduko hizkuntzetako ordezkariei euskararen biziberritzea aurkezten zaie: sortu dugun tresneria (euskalgintza soziokulturaletik instituzioetara), eta ukan dugun jarrera (ez gara nehoren baimenaren zain egonen gure tresnen sortzeko). Horiek dira bereziki partekatzen, teoria soziolinguistikoen ildotik.

Itzulian, sekulako energia emateaz gain, munduko ordezkarien aipamen eta solasetatik, berriz ikasten dugu hizkuntza komunitate gisa begiratzen, gure nortasunari, gure inguruari eta munduan dugun tokiari. Horien batasuna harrigarria zaigu: ez dira egituren izenean mintzo, baina hizkuntza komunitate baten parte bezala.

Urtero antolatzen den 'Aditu' izeneko programan, munduko hizkuntzetako ordezkariei euskararen biziberritzea aurkezten zaie

Ipar Afrikako amazighek kontatzen digute jende libre eta nomada izatearen inguruan eraiki direla; maya populua, berriz, artoaren inguruan. Arrailerian, erraten diegu taloak lapurtu genizkiela, etxeetan gosea kentzeko eta ikastolen altxatzeko. Eta hizkuntzaren inguruan eraiki ginela, haiek bezain aspaldian: euskaldunok euskara dugu, esentzialismorik gabe; munduari hizkuntzatik begiratzen diogu, eta ez dugu ulertzen guti batzuek muntatu duten hizkuntzen arteko hierarkia suntsitzaile hura.

Plazara kolektiboan deliberatu dugunetik hizkuntza lankidetza gure proiektuetan sartzea, artetik Garabideri esku ukaldi bat emanez, ohartzen gara lan-ildo hori zein lagungarri den gure sentsibilizazio eta formakuntza lanetan. Jendeak hobeki ulertzen eta bereganatzen du euskararen etorkizuna, mundu mailan errotzen delarik. Agian, gu ere sendoago sentitzen garelako, munduan berriz finkaturik: biziberritzen ari garen munduko hizkuntza komunitateen parte gara, eta anitz dugu ekartzeko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.