Oier Oa: «Pilotariak baditugu frontoietan, baina tresnarik gabe»

Eskutik kooperatiban ari da Oier Oa, pilotak eta tresnak ekoizten; bihar, xistera berri bat aurkeztuko dute Saran. Pilotaren inguruko artisautza berreskuratzeko elkarlanean hasi dira eragile batzuekin.

Oier Oa Eskutik kooperatiban
Oier Oa Eskutik kooperatibako langilea, Saran, maiatzaren 29an. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Sara
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar aurkeztuko du Eskutik kooperatibak xistera handi berria, Saran. Hainbat prototipo egin dituzte emaitza hori lortu aitzin, eta, tresna aurkeztearekin batean, pilota arloko materialgintzaren inguruan dituzten kezkak plazaratu nahi dituzte. Oier Oa Eskutik kooperatibako langileak (Donostia, 1984) eraman du proiektua; argi utzi du materiala egiteko jakintza galtzear dela eta lehengaiak eskuratzea gero eta zailagoa zaiela. Uste du Euskal Herrian hainbat eragile saretzen ahalko liratekeela sail hori berriz pizteko. 

Eskutik kooperatiban ari zara. Beti izan zara pilotazalea? 

Ni ez naiz nehoiz pilota mundukoa izan. Maite dut pilota, eta beti maitatu izan dut lagunekin pilotan aritzea. Eta begiratzea ere bai. Garai batean lan xerka nenbilen, eskulanetarako gogoa banuen, eta Ellande Alfaroren deia ukan nuen; lankide bat erretretara joanen zenez, langile baten beharra zuten. Sei hilabeterako aukera eskaini zidan entseatzeko, eta denbora hori iragan eta gero, gustua hartu, eta segitzeko erabakia hartu nuen. Batez ere, lanbideak duen zentzuagatik: ikusten nuen kooperatibak baduela lotura zuzen bat herrigintzarekin, pilotari egiten dion ekarpenaz haratago.

Zer-nolako lotura?

Kirol handi horien tartean gure kirola elikatzeaz gain, eta haur eta neska-mutiko horiei aisialdian zoriontsu egiten dituen pilota bat eskaintzeaz gain, badu ikuspegi kultural bat, hizkuntzari loturiko arreta bat, eta apustu bat ere bai, ekonomia lokalaren eta zirkularraren ikuspegitik. Baziren nire pentsamenduekin bat egiten zuten gauza asko, filosofia polit bat. Horrek asko erakarri nau, eta hor segitzen dut pilotak ekoizten eta proiektuak garatzen.

Zuen erronka da tokiko lehengaiekin aritzea.

Bai. Alde horretatik, adibidez,  Iletegiarekin ari gara, Saran tokiko artilearen balorizazio lanean aritzen den lantegiarekin; hor erosten dugu pilotak egiteko artilea. Baina kezka bat badugu, ikusten baitugu pilota munduan gutxi erreparatu zaiola artisautzari. Nolabaiteko ardura badute sustapenerako, lizentziak lortzeko, txapelketak antolatzeko, frontoietako instalazioak segurtatzeko, baina materialgintzaren inguruan ez hainbeste. Krisialdi bat bada, hari batetik zintzilik baita langintza hau. Ikusten dugu xistera munduan erretretan direnek segitzen dutela xisteren egiten, edo erretretatik hurbil direnak baizik ez direla, eta ondotik gu gaudela —eta gurekin batera, agian, besteren bat—, baina orokorrean ez dagoela segidarik. Iruditzen zaigu segida hori ez izatearen arrazoia dela inork ez duela aitzineko belaunaldiek egin duten moldean lan egin nahi: deklaratu gabe, lanordu anitz eginez astean, oporrik gabe, gizarte segurantzarik gabe... Jendeak ez badu ikusten badela langintza honetan baldintza duinetan bizitzerik, ez du aritu nahiko horretan. Pilotariak baditugu frontoietan, baina tresnarik gabe, eta pilotari guziei eragiten die egoera horrek.

Xistera
Eskutik kooperatibako langile bat xistera bat fabrikatzen ari, Saran, maiatzaren 29an. PATXI BELTZAIZ
Kezkatuak zarete lehengaiak atzemateko gero eta zailtasun gehiago dituzuelako...

Xistera egileak falta dira, eta lehengaiak ere bai. Adibidez, pilotak egiteko larrua behar da, eta larrua transformatzen dutenak erretrata hartzen ari dira. Lizarran [Nafarroa] eta Logroñon [Espainia] hartzen dugu guk larrua, baina transformatzen duten biak erretretan dira, eta ez da oso argi segidarik izanen dutenetz. Pilotak egiteko, ahuntz larrua behar da; hemen badugu ahuntz hazkuntza aberatsa, eta, beraz, balegoke bertako proiektu bat egiterik hemengo larrua erabiliz. Zumea ere behar dugu, eta gaur egun behartuak gara Txiletik ekartzera, Frantzian eta Espainian diren zume motek ez baitigute balio; alta, Euskal Herrian beti izan da zumea, eta pentsatzen dugu hemen ekoizten ahalko litzatekeela xisterak egiteko zume mota. Oro har, prozesu guztia egiteko jakintza berreskuratu beharko litzateke. Xisteragile askoz gehiago behar dira; Eskutik-en egiten dugunarekin ez da aski pilotari guztiei xisterak egiteko. Gure iduriko, plan estrategiko bat martxan jarri beharko litzateke, federazioekin, pilotariekin, elkarteekin, denek elkarrekin, lehentasunak finkaturik. Sor-marka bat lortzeko, agian. 

Sor-marka bat lortzerik balegoke?

Bai. Pentsatzen dugu arlo honetan izan daitekeela sor-marka bat, zeinetan xisteragile guztiek lehengai horiek leku beretik edo kalitate berme batekin hartuko lituzketen, lan baldintza onak bermaturik betiere, xisterak etika baten arabera sortuak izateko. Eta horrelako gogoeta bat zabaltzen hasiak gara; azkeneko asteetan bilkurak egin ditugu elkarte eta federazioekin: hain zuzen, Euskadiko Federazioarekin eta Gipuzkoako Federazioarekin bildu gara, Nafarroako Federazioaren zain gaude, Ipar Euskal Herriko Ligarekin ere bildu ginen, eta gure nahia da Euskal Herri osoko gogoeta gune bat abiatzea, proiektu hau aurrera eramateko. Harremanetan gara Iruñeko Labrit enpresarekin ere, esperientzia handia dute, eta adierazi dute laguntzeko prest direla. Ea lortzen dugun ondoko ikasturtean horri forma ematea. 

Jakintza galdu dela erran duzu. Industrializazioaren ondorioa da? 

Pilota barna egiteko lana mekanizatu da. Guk ere badugu makina, eta beste pilota egileek ere bai. Baina jostearen partea mekanizatzea ezinezkoa da gaur-gaurkoz. Zorionez, esan genezake parte hori artisautzan, eskuz, bukatu behar dela. Xisterak egiteko ere ez da industriarik oraingoz, baina saiakera bat baino gehiago izan dira. Haurrentzat, Decathlon eta horrelako dendetan atzemanen dira plastikozko xisterak. Baina halakoek badute arazo bat: ez dituzte egurrak dituen propietateak, eta orduan ez dute behar den malgutasuna, behar den gogortasuna, eta zuntzik ere ez dutenez, transmisioa ez da bera. Egurrezkoekin, pilota non den sumatzen da; bestelako ereduekin, ez. Badituzte beren mugak. Berrikiago, saiakera batzuk egin dituzte karbonoarekin, 3D inprimagailuekin... Baina guri iruditzen zaigu pilota gure kulturaren eta gure identitatearen parte den bezala, artisautza ere hala dela, eta batak bestearekin uztartua eta lotua joan behar duela. Printzipio horiei eustea da gure parioa. 

«Guri iruditzen zaigu pilota gure kulturaren eta gure identitatearen parte den bezala, artisautza ere hala dela, eta batak bestearekin uztartua eta lotua joan behar duela. Printzipio horiei eustea da gure parioa»

Xistera berri bat aurkeztuko duzue bihar. Zer da proiektu hori? 

Jokoaren zabalkundean ekarpen bat egin nahi genuen, eta lortu nahi genuen tresna bat merkeagoa, teknikoki tradizionalaren heinekoa eta ez hain hauskorra. Tradizionala errazki hausten da, konpondu behar da, eta horretan diru asko gastatzen da. Era berean, teknikoki hein berekoa izan dadin, parametro asko hartu behar ziren kontuan xistera berri hori egiteko: malgua eta zurruna izatea, inpaktuen xurgatzea, soinua, pisua, oreka, forma... Gauza asko ziren, eta entsegu asko egin behar izan ditugu. Argi genuen artisautza eta teknologia uztartu behar zirela, eta beste esparru batzuetan ari zirenen artean badela jakitate handia eta horiengana jo behar genuela. Adibidez, Mauleko Elkar enpresak anitz lagundu gaitu planoak egiten. Xabi Luberriaga Zugarramurdiko luthierrak ere lagundu gaitu aholku batzuk emanez, eta Txiribil kooperatibak ere bai. Gauza asko ikasi ditugu, harreman oso politak egin, eta ezagutza eta laguntasun handiak sortu. Enpresa, kooperatiba eta norbanako horiekin guztiekin sortu dugun elkarlan giro horretan segitu nahiko genuke. Asmoa ez da xistera hau guretzat esklusiboki atxikitzea eta patentatzea. Denen eskura jarri nahiko genuke, eta sakontzen segitu.

Teknikoki nolakoa da tresna?

Lortu dugu xafla batzuk egitea egurrez eta landare zuntzez; lihoa erabili dugu. Xistera tradizionalaren jakitatea eta duela bi urte sortu genuen joko garbiko Xirrist xisteraren teknika uztartu ditugu. Pilotariekin ere egon gara, jakiteko xisterak dituen saihetsetan zein diren behar-beharrezkoak. Azkenean, erdiko bost saihetsak atxiki ditugu, tradizionalak bezala, eta zumea ere tradizionalean bezala atxiki dugu. Bazterrak eta puntak xafla bitartez egin ditugu. Dozena bat prototipo egin behar izan ditugu, gustukoa lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.