Gastroenterologoa eta epidemiologista da Mathias Brugel medikua (Agen, Okzitania, 1992). Digestio sistemako minbiziak dituzten pazienteez arduratzen da Baionako ospitalean, eta, berriki, pankreako minbiziaren arrisku faktoreei buruzko ikerketa batean parte hartu du. Zehazki, pestizidek izan ditzaketen ondorioak izan ditu aztergai. Erran du pankreako minbizi gero eta gehiago atzematen dituztela, eta pazienteak gero eta gazteagoak direla. Ikerketa osoagoen beharra azpimarratu badu ere, lehen ondorioen arabera lotura bat bada pestizidak gehien erabiltzen diren lekuen eta pankreako minbizien agerraldien artean.
Zer eragiten du pankreako minbiziak?
Pankrea tripan dugun guruin bat da: azukrea erregulatzeko hormonak ekoizten ditu, eta elikagaiak xurgatzen laguntzen gaitu. Pankreako minbizi gehienak entzimak ekoizten dituzten zelulen minbiziak dira. Gehien ezagutua dena da, bereziki pronostiko txarrak dituelako. Bada pankreako beste minbizi mota bat, bakanagoa: hormonak ekoizten dituzten zelulena. Baionako ospitalean bi mota horiek tratatzen ditugu. Zelula horien funtzionamendu txarra anitz gauzak eragiten ahal dute: halabeharrak, obesitateak, diabetesak, tabakoak, alkoholak, sedentarismoak... Baina badira arrisku faktore gehiago.
Zergatik ikertu duzu gai hori?
Pankreako minbizien kasuak emendatzen ari dira; Frantziako datuek hala erakusten dute. Baionako ospitalean ere, gure praktikan, kasu gehiago tratatzen ditugu. 1980tik kasuak bikoiztu dira gizonen artean, eta hirukoiztu emazteen artean. Gero eta kasu gehiago badira, baina pazienteen biziraupena ez da baitezpada hobetzen. Egun ditugun artarako arrastoak nahiko mugatuak dira; beraz, desproportzio bat bada kasu berrien eta arta aterabideen artean. Eta pazienteak gero eta gazteagoak izateak zinez bultzatzen gaitu galdera horiek pausatzera: zergatik emendatzen diren kasuak, eta zergatik gero eta gazteagoak diren artatzen ditugun digestio sistemako minbizia duten pazienteak.
Zergatik dira mugatuak artatzeko bideak?
Luzaz, minbizi bakana bezala kontsideratua izan da, eta horrek eragin du ikerketa gutiago ukaitea. Bestalde, pankreako minbiziaren biologiak eragiten du zailagoa izatea zelula minbiziduna jotzea; beraz, tratamenduentzat zailagoa da zelula horiek desegitea. Badira beste arrazoi batzuk, baina ez naiz detaileetan sartuko.
Zure ikerketan pestiziden eragina ikertu duzu. Zergatik?
Badakigu gizartean pestizidak hedatuak direla. Orain arte ezagutzen ditugun arrisku faktoreetatik desberdina da, jendeak medikuari ezin diolako erran pestizidak hartzen dituela egunero edaten duen uran edo arnasten duen airean. Erretzen baduzu, diabetikoa bazara edo obesitatea baldin baduzu, errazagoa da arrisku faktoreak identifikatzea. Beraz, horrek arrisku faktoreen paradigma aldatzen du. Bestalde, badakigu gero eta presentzia handiagoa dutela, eta, nahiz eta batzuk debekatuak izan, oraindik atzematen ditugula; uran, adibidez. Gizarte arazo sakon bat da. Gizartean zilegi den galdera bat bada: pestizidek minbizia eragiten ahal duten. Hortaz, inportantea zitzaidan ikerle gisa galde horren inguruan bilaketak egitea, ikusiz arrazoinamendu zientifikoek lotura bat egiten ahal duten bien artean.
Eta beraz?
Bi ikerketa biziki desberdin egin ditugu lotura hori ikertzeko. Lehena Reimsen egin dugu. Pankreako minbizia duten paziente batzuk eta ez duten batzuk alderatu ditugu. Ukan behar zuten operazio baten bidez gizena eta gernua hartu ditugu, eta horietan zen pestizida kantitatea aztertu dugu. Lehen informazioa da denetan atzeman ditugula. Denek dituzte, eta atzeman ditugun pestiziden aztarna batzuk duela dozenaka urte debekatuak diren pestizidenak dira. Hori da lehen ondorioa: debekatuak diren pestizida batzuk baditugula gorputzean. Eta bigarren ondorioa: denen baitan atzeman ditugula. Diferentzia da minbizia duten pazienteen artean kantitate handiagoak badirela. Horrek ahalbidetu digu erratea pankreako minbizia ukaiteko arrisku handiagoa dutela gantzean pestizida gehiago duten pazienteek. Halere, horrekin ezin dugu ondorio orokorrik atera; ikerketa horretan paziente gutiegi ziren, jadanik eritasuna bazuten, eta badira toxikologia printzipio batzuk halako ondorioetatik orokortasunak ateratzea ez dutenak ahalbidetzen. Hala eta guztiz ere, informazio horiek balio dute bide hori ikertzen segitzeko.
«Potentzialki arriskutsuak diren molekula batzuk erabiltzen dira, harik eta arriskutsuak direla ohartzen garen eta merkatutik kentzen diren arte. Ni ez naiz hor militantea izateko, baina gogoeta zientifiko bat ekarri nahi dut, errateko beharbada mekanismoak aldatu behar direla»
Eta aipatu duzun bigarren ikerketa?
Pixka bat desberdina da. Gizarte Segurantzaren datuetan oinarritu gara, eta Frantziako mapan lokalizatu dugu non agertzen diren pankreako minbiziaren kasu berriak. Gero, gurutzatu dugu pestiziden erabileraren maparekin. Pestizidak mota askotakoak izan daitezke, baina gurutzatzen dugularik erabilera orokorrarekin, korrelazio bat bada.
Horrelako ikerketek ekar ote dezakete lege aldaketa bat pestiziden erabilerari buruz?
Izan daiteke, bai. Konparatuko dut tabakoarekin: ez da berehala onartu tabakoak osasunari kalte egiten diola. Europan tabakoa erretzen hasi denetik —1945 ingurutik— lehen debekuak hartu diren arte denbora anitz pasatu da. Antzeko bidea hartzen ari gara pestizidekin. Luzaz anitz pestizida erabili dira, eta pixkanaka ohartzen ari gara arriskutsuak izan daitezkeela. Tabakoarekin bezala, froga anitz behar ditugu, ezin baitugu jende talde bat pestizidekin arriskuan jarri eta bestea ez, konparatzeko zein den diferentzia. Afera da froga horiek biltzea gizartearen esku dela eta ez molekula horiek ekoizten dituztenen esku; nire ustez, arazo bat da. Potentzialki arriskutsuak diren molekula batzuk erabiltzen dira, harik eta arriskutsuak direla ohartzen garen eta merkatutik kentzen diren arte. Ni ez naiz hor militantea izateko, baina gogoeta zientifiko bat ekarri nahi dut, errateko beharbada mekanismoak aldatu behar direla. Nire asmoa ez da beldurra hedatzea; nire helburua da galderak pausatzea. Biziki kontent nintzateke errateaz pestizidak ez direla arriskutsuak osasunarentzat, baina ikusiz pestizidek naturan dituzten eraginak, nik uste dut zilegi dela galdetzea zer eragin duten osasunean. Prebentzioa izan daiteke laborantza biologikoan ekoitziak diren produktuak kontsumitzea eta paketatze gutiagorekin erostea. Baina beti gauza bera da: kontsumitzaileari ote da beti egokitzea? Ez ote lukete legegileek behar den guzia egin behar?
Ez ote da frustragarria mediku gisa ikustea neurri batzuek arriskuak apaltzen ahal dituztela, baina ez direla hartzen logika ekonomikoengatik?
Bai, bistan da. Gauza bera da tabakoarekin, elikagaien industriarekin eta obesitatearekin, alkoholarekin...
Onkologia institutu bat ireki berri du Baionako ospitaleak. Tresna garrantzitsua izanen da zuentzat?
Bai, tresna horren bidez eragile guzien arteko koordinazioa segurtatzen ahalko dugu minbizia duten pazienteen arta hobeki bideratzeko. Gainera, prebentzioa egiteko balioko du, eta ikerketarako ere bai. Institutu horrekin, lehen aldiko, barne ikerketa finantzatuko du Baionako ospitaleak. Ikerketa batzuk egiteko diruztapena lortu dugu; besteak beste, konposatu per eta polifluoroalkilatuen eta digestio sistemako minbizien arteko ikerketa bat egiteko.