Bi astetarik behin juntatzen dira Berritza konpainiak Maulen duen egoitzan. 30 bat lagun dira orotara pastoraletako kantuak elkarturik, Claudine Arhantzeten zuzendaritzapean. Duela zenbait hilabete, bereziki dantzaren inguruko ikuskizunak plazaratzen dituen konpainia horrek kantuan urrats bat egiteko gogoa agertu zuen, eta pastoraletako kantuekin koru bat osatu nahi zutenei dei egin zien. Parte hartzaile gehiago balirateke epez kanpo aurkeztu direnak onartu balituzte, baina ezin. Urrian taularatuko dute lantzen ari diren kantaldia.
Hogei bat kantari nahi zituzten hastapenean, baina zuberotarren artean kantua maite dutenak ezin dira hainbeste mugatu; 35 aurkeztu ziren, eta denak onartu izana normala zaio Arhantzet koru eramaileari: «Pastoralen izpiritua da, hor diren jendeekin egiten da». Horien arteko hirurentzat dudarik ez zen izena emanen zutela. Edurne Apezetxe muskildiarrarentzat, adibidez, «kantatzea maite» baitu, sinpleki. Jakes Jaragoihen berrogaindarrak ibilbide osoa dantzari gisa egin ondotik, aitortu du dantzatzeko ez dela gehiago «on» eta kantuan «laket» dela. Eta Bettan Ager gamearra, iragan urtean herrian pastorala egin ondotik, lagun batzuekin motibatu zen «proiektu berri batean» aritzeko.
Pastoraletako historia luzean Xiberoko Botzak grabatu eta artxibatu dituen kantuetan miatu zuen lehenik Arhantzetek: «Berrogei urtetako artxiboak hartu nituen, eta gau batzuk iragan nituen horien behatzen». Pastoraletako liburuxkak oro eskuratu, kantuak gaika sailkatu, eta lehen aukeraketa egin zuen kantu irakasleak. Gaien arabera multzoak egin daitezkeela segurtatu du: «Zuberoako bazterrak anitz aipatuak dira, laborari mundua ere bai, eta gero badira kantu andana bat gure borrokak aipatzen dituztenak. Uste baino haboro».
Kantatzeko manerak
Dantzarekin anitz aipatzen da, berriki arte bederen, herrien arabera dantzatzeko manera eta urrats desberdinak bazirela. Kantuan? «Santa Grazi!», bota du Arhantzetek, dudatu gabe, kantari «desberdinen» herria izendatzeko. «Baditut taldean Santa Graziko kantariak, eta ezagun dira. Neska bat ez nekien erdi santagraztarra denik, eta, kantatzen duelarik, ezagun da. Hori da agerikoena», zehaztu du.
Artxiboetan kurrituz, aldiz, duela zenbait hamarkadako eta gaur egungo kantatzeko manerak arrunt desberdinak iruditu zaizkio Arhantzeti: «Hori, ene ustez, bi gauzari lotua da: eramaileak hasi direlarik musika estudiatzen, jakintsu izatean anitz kanbiatu da. Gero, mikroak heldu direlarik ere bai. Orain barneetan bizi gara, gainera; lehen kanpoan bizi ziren eta usaia bazuten azkar mintzatzea ardiek entzun zezaten. Hori galdu dugu».
Berritzak sortu talde horretan, Arhantzeten zuzendaritzapean «lehengo kantatzeko manera» indarrean litzatekeela argitu du Jaragoihenek: «Claudinek nahi du nasaiki ari gaiten kantan. Orain pastoraletako koru handi horietan behar dira bozak atxiki, amiñi bat ttipiarazi eta hola. Hor ere bai, baina nahi du trankil ari gaiten», erran du. Iragan urteko pastoralarekin parekaturik, kantu zuzendaritzan desberdintasun handia ikusi du Agerrek, pastoralean «non kokatu» erran zielako kantuen arduradunak. Talde honetan, aldiz, bakoitzak deliberatzen du boz apal edo goretan ikusten duen bere burua.
Hamabi kantu hautatu dituzte kantarien artean bozkatuz, eta horiek lantzen dituzte orain entseguetan. Kantaldia zehazten aritzeko, maiatzean egonaldi bat eginen dute Maika Etxekopar antzerkilariarekin, kontzertuari «forma bat emateko», Arhantzeten hitzetan.