Palestina Aske eguna eginen dute Makean, preso palestinarren sustenguz

Iparraldea Palestinarekin kolektiboak azaroaren 16rako zenbait tailer, hitzaldi eta kontzertu antolatu ditu, 'Ibaitik itsasora, Palestinak libre' lelopean. Ekitaldiaren etekin ekonomikoak preso palestinarrentzat izanen dira.

Palestina Aske egunaren antolatzaileen prentsa agerraldia, urriaren 12an, Makean. PATXI BELTZAIZ
Palestina Aske egunaren antolatzaileen prentsa agerraldia, urriaren 12an, Makean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Makea
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Duela urtebete, Palestinaren kontrako sarraskia areagotu zelarik, Ipar Euskal Herrian zenbait kolektibo berriz aktibatu ziren sostengu ekintzak egiteko. Talde horiek elkarren artean juntatzeko beharra sentitzen zuten, «zerbait handiagoa» egiteko; Iparraldea Palestinarekin kolektiboaren barruan saretu ziren, eta eraman duten elkarlanaren emaitza da Makean azaroaren 16an eginen duten Palestina Aske eguna: Ibaitik itsasora, Palestina libre lelopean eginen dute, eta zenbait tailer, hitzaldi eta kontzertu izanen dira. Egun horretan jasoko duten dirua Addameer elkarteari emanen diote; preso palestinarrak sostengatzen dituen elkartea da. 

«Palestinaren kontrako genozidioa areagotu denetik, aski autonomoki ari ziren talde batzuk, elkarren arteko harremanik gabe, baina egoerak egin du beharra ikusten genuela elkarrekin zerbait egiteko. Azaraoren 16ko egun hori izanen da Iparraldean ekimen handi bat egiteko parada, oihartzun handiagoa lortzeko, eta helburu ekonomikoak ere betetzeko», esplikatu du Gabi Daraspe antolatzaileetariko batek. Zehaztu du «oinarri politiko komun» baten inguruan batu direla taldeak, «Israelgo Estatua ilegitimotzat» baitaukate, eta «palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea» aldarrikatzen baitute. Oinarri ideologiko bat izanik ere antolatzaileen artean, Daraspek azpimarratu du «galdera» anitz badituztela oraino , eta, hain zuzen, erran du Makeako egun bereziak ikasteko balio izanen diela.

Horretarako, hainbat aditu jinen dira Makeara Palestinaren alde egiten duten lanaren aipatzera. «Zehaztasun eta sakontasun handiagoarekin aipatu nahi dugu gaia, zeren ez badugu modu militantean informaziorik bilatzen, komunikabide hegemonikoetatik Israelen aldeko propaganda jasotzen baitugu», salatu du Daraspek.

Hitzaldiak eta tailerrak

Goizeko hitzaldian, «Palestinan bizi duten kolonizazioa eta genozidioa ezagutzeko eta ulertzeko hainbat giltza» aipatuko dituzte Mays Qaisi Pauen (Okzitania) erbesteratua den palestinarrak, Bakearen Aldeko Frantziako Batasun Juduko kide Geraldine Hornbergek eta Omar Alsumi ekintzaile palestinarrak. Arratsaldean, tailerrak eginen dituzte: palestinar laborarien kontrako gerra estrategiak esplikatuko ditu Michel David laborariak. LGTBI eskubideekin Israelek Palestinaren kontra egiten duen «manipulazioa» aztertuko du Hamza Abuhamdia artista eta aktibistak. Hirugarren tailerrean, Palestinaren erresistentziaz mintzatuko dira; eta laugarrenean, Frantziak Israeli armak saltzeko orduan duen «rol aktiboaz» ariko dira. 

Arratsean kontzertuak izanen dira, Ramzi Aburedwan et L’Ensemble Dal’Ouna, El far3i, Mairu, Xiberoots, Spartak Dementziala eta Atzarbale taldeekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.