Damoklesen ezpata buru gainean zuela hasi zuen 2024. urtea Beskoitzeko ikastolak. Iazko abenduan, orain arte eskura izan zituzten lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuen Fabienne Aiensa buru zuen herriko etxeak. Protesta artean hasi zuten urtea gurasoek, eta auzapezaren urte hasierako agiantzak baliatu zituzten ikastolarentzat konponbide bat eskatzeko.
Baina martxoan erabat aldatu zen egoera. Lehenik, hilkutxa bat agertu zen herriko etxearen aitzinean euskararen heriotza irudikatzeko, eta hautetsien kontrako «intimidazioa» salatu zuen Pirinio Atlantikoetako prefetak, ikastolaren auzian bere jarrera finkatuz. Euskal Konfederazioak «nahasmendua» sortzea leporatu zion. Aste bat geroago, ezohiko herriko kontseilura deitu zuten, eta orduan iritsi zen ezustekoa: lurrak erabiltzeko baimena onartu zioten ikastolari beste urtebeterako, auzapeza gutxiengoan emanez. Berehala dimisioa aurkeztu zuen Aiensak.
Ekainean iragan ziren hauteskunde berriak, eta Pascal Jocouk irabazi zituen, gehiengo zabalarekin. Ikastola berri bat izanen zela hitzeman zuen berehala. Irailean, herriko etxearekin «elkarlan harreman normala» berreskuratua zuela jakinarazi zuen Seaskak.
Irakasleen ekintza baxoko ahozkoan
Abendu hasieran, BERRIAk Ipar Euskal Herriko irakaskuntzako datuak plazaratu zituen: ikasleen %66,9k ez dute inolako harremanik euskararekin. Ama eskolan eta lehen mailan ditu datu onenak euskarazko irakaskuntzak, baina bigarren mailan biziki zenbaki apalak dira oraindik. Lizeoan frantses hutsean ari dira hamar ikasletarik bederatzi. Sail elebidunaren egoeraz ere kezka agertu du Euskara Geroan taldeak; haren hitzetan, ez du irizpide zehatzik, eta ez du behar bezala euskalduntzen.
Hizkuntza gutxituetan ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten urtarrilean ikasleek, Parisen. Euskal Herriko, Okzitaniako, Korsikako, Bretainiako eta Alsaziako ikasleak elkartu ziren, eta bilkura egin zuten Frantziako Asanblean, hizkuntza gutxituen gaia lantzeko ikerketa taldeko diputatuekin. «Izan publikoan, pribatuan ala murgiltzean, gero eta zailtasun gehiago ditugu azken urteetan. Publikoan baliabide gehiago behar dituzte, eta murgiltzean aitortza falta dugu», adierazi zuen orduan Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Azterketen gaia da azken urteetan gatazka gehien eragin duena. Seaskako ikasleek brebetako azterketa osoki euskaraz egiteko eskubidea eskuratu dute, baina sare publiko eta pribatuetako ikasleek frantsesez egin behar dute oraindik zientzietako proba. Anartean, baxoko ahozko handia euskaraz egiteko eskubideari errefusa ematen segitzen du Parisek.
Ekainean, desobedientzia ekintza eginen zutela iragarri zuten baxoko ahozkoaren zuzentzaile izanen ziren ehun bat irakaslek. Azterketa egunean ahobizi eta belarriprest txapak jantziko zituztela jakinarazi zuten, hala nahi zuen ikasleak euskaraz egiteko aukera bazuela jakin zezan. «Urrats praktiko» horri esker, «hamarnaka ikasle» aritu ahal izan ziren euskaraz irakasleen hitzetan, izan ahozkoaren parte batean edo, zonbait kasutan, baita proba osoan ere. Urri hasieran Bordeleko errektoretzak jakinarazi zuen ikerketa abiatu zuela.
EEP, geldirik
Urtean zehar adierazpen bat baino gehiago egin dituzte euskalgintzako eragileek berreuskalduntzea bultzatzeko neurriak eskatzeko. Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sare ELENek Bilbon egindako bilkuraren harira, euskara «larrialdi egoeran» zela salatzeko ebazpena onartu zuten azaroan. Egun batzuk berantago, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak agerraldia egin zuten Baionan, eta lege eta diru baliabideak eskatu zituzten larrialdi linguistikoari buru egiteko. «Egoera iraultzeko ez da berantegi, baldin eta borondate politikoa bada baliabideak ezarri eta gaur egungo traba batzuk kentzeko», adierazi zuen Sebastien Castet Konfederazioko kideak.
Azaro bukaeran, euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko eskatu zuen Eusko Ikaskuntzak. Ekitaldia egin zuten Baionako herriko etxean, Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrena ospatzeko, eta adierazpen bat aurkeztu zuten erakundeekin batera, euskara biziberritzeko urrats gehiago eskatzeko.
2050erako Ipar Euskal Herrian euskal hiztunak %30 izatera iristeko hizkuntza politika ausarta abian emateko eskaera eginez bukatu zuen 2023. urtea euskalgintzak. Ekainean eman zuen erantzuna EEPk: prospekzio lan bat aurkeztu zuen, 2050erako bi garapen hipotesirekin. Lehenengoa beteko balitz, hiztun kopurua %26ra iritsiko litzateke. 81.500 hiztun lirateke, egungoak baino 27.000 gehiago; 16-34 adin tartekoak euskaldunen %57 lirateke. Bigarren hipotesian, %30en langa jarri dute helburu gisa. Hori betez gero 94.000 euskaldun izanen liratekeela uste dute, egun baino 40.000 gehiago: 16-34 adin tartekoak %61 lirateke kasu horretan.
Urri bukaeran, %26ko hipotesia hobetsi zuen Maider Behotegi EEPko lehendakariak, «jadanik anbizio handikoa» litzatekeela erranez. EEP osatzen duten erakundeen artean duten blokeo egoera ere izan zuen hizpide. Izan ere, ez dute adostasunik aitzinkontuaren emendatzeari buruz. Gaur egun 860.000 euro eman ditu partaide bakoitzak, eta hori bikoiztea eskatzen du aspalditik euskalgintzak. Elkargoa 650.000 euro gehiago emateko prest agertu zen udaberrian, baina gainerako erakundeak ez dira iritzi berekoak. Negoziazioak aitzinarazteko erakundeetako batzorde exekutiboak eta Frantziako Estatuko ordezkariak bildu nahi zituela erran zuen Behotegik. Partaide bakoitzak 300.000 euro gehiago ematea onar dezan lortu nahiko luke.
Justiziarik ez euskararentzat
Auzitegian ere izan du aktualitatea euskarak 2024. urtean. Bi aldiz epaitu dute Gorka Torre Roca euskararen aldeko ekintzak egitea leporatuta: martxoan lehen aldiz, eta urrian ondoren. Epailearen aitzinean euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu zuen bietan, baina errefusarekin erantzun zioten. Hori ikusirik, epaitegitik ateratzea erabaki zuen. Martxoan, hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Dei egin zion auziari. Irailean, 3.268 euroko isuna eman zioten.
Baionako Auzitegiaren aitzinean «intsumisiorako» dei egin zuen Torrek, eta jarrera hori erakutsi du azken hilabeteetan. Urri bukaeran iragarri zuen ez dituela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarri dizkion isunak, eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko zutela iragarri zuen EHEk, gastu judizialak ordaintzeko eta euskararen aldeko kanpainak antolatzeko. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Torrek ekintza bat egin zuen Baionako Auzitegian, EHEko beste kide batzuekin batera. Auzitegiko teilatura igo, eta Justizia euskararentzat leloa margotu zuten.