PANPI SAINTE MARIE

Otsoa... bis!

2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beran (Nafarroa) agertu zen lehen aldikoz otsoa duela hiru aste, oihan batean ezarria izan zen bideo zepoan. Ondoko egunetan ibiltari batek argiki ikusi ahal izan du bere begiz Larhungo mendi mazelan.

Lehen dudak haizatu ditu Frantziako administrazioak OFB egituraren bitartez, onartu baitu otso bat badela Lapurdi alde horretan. Badu zenbait urte orain Biarnon otso bat arrunt lekukotua dela eta ardiak hiltzen dituela. Baina hemen, Ipar Euskal Herri honetan, arras kalme zen alde horretatik. Bistan dena nehork ez duela ahantzia bereziki Oztibarren, Landibarren eta Iholdi aldean otsoaren bisita. Heldu den udan eginen du hiru urte bat-batean mendian ardiak hilik eta zauriturik aurkitzen hasi ginela. Hatsarrean denek uste genuen artetan gertatzen den bezala zakur biziatu batzuen lana zela.

Bazterrak alertan jarri ziren! Gauaz bazabiltzan zakur zenbait hilak izan ziren, baina hala ere mendian makurrak baziren aste guztiz. Izugarriko arrangura piztu zen hemen gaindi! Emeki-emeki, otso bat ez ote zenetz guhauren baitan galdezka hasi ginen. Administrazioak beti ukatzen zuen otsoa zela. Omen ez zela aski argi... Segurtamenik ez, eta dena estakuru.

Azkenean, etxalde batean, Landibarren, etxetik arrunt hurbil, hamar bat ardi hil eta xehatu zituen gau batez, eta orduan bakarrik, laborarien eta herritarren ezinegonaren eztiarazteko bezala OFB egiturak onartu zuen bazitekeela «otsoa izatea».

Semantika diplomatikoa, ukaezina bilakatua delarik!

Horretarik laster, otso hori desagertu zen iduriz, erasoak arrunt gelditu baitziren.

Haatik, otsoa etorri da berriz edo ekarri du norbaitek. Larhundik Bardozera joan da iduriz, han hiru ataketan zazpi ardi hil eta batzuk zauritu baititu aste batez. Gainera, zazpietarik sei Landibarrerat berriki Alpeetatik jin bikote gazte baten artaldekoak ziren. Preseski, handik ihes egina zuten hona etortzeko, han otsoarekin ezin bizia baitzuten. Eta hara non hemen berriz ere amesgaiztoa bizi duten.

Barkoxe aldean ere hiru ataka izan dira azken egunetan...

Aski arazo badu konpontzeko laborari munduak halakorik gehitu gabe. Aski erraten digu Alpeetarik jin Lili eta Mathias artzain bikoteak han otsoak gaina hartua duela! Hemen oraino ordu deno jokatu behar dugu, ondorioak ikaragarriak bailitezke bestenaz, artzain eta hazleendako.

Prefetak erran berri du ez dela beren nahia hemen otso familia bat finka dadin. Haiek sortu arazoa beraiek konpon dezatela, edo beste gisan... Ahal den bezala...

Aski hipokrisia! Hemen segurik, otsorik gabe bioaniztasuna hobeki mantentzen da. Hobe genuke pestizida eta kutsadura mota guziak kentzea ukaitea helburutzat, naturaren onetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.