Ote Lore elkartearen 40 urteko ibilbidea, iruditan bildua

1984an sortu zuten Ote Lore elkartea Larresoroko herritar batzuek; 40 urte bete ditu aurten, eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean segitzen dute herrian. Irailaren 20an argazki erakusketa estreinatuko dute, egin ibilbideari so egiteko.

2023ko Harrizko zubiko besta
Iazko uztaileko Harrizko zubiko besta, Larresoron, Ote Lore elkarteko kideek antolatua. OTE LORE
Oihana Teyseyre Koskarat.
Larresoro
2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Sortu zenetik garaiak aldatu dira, baina Ote Lore elkarteak bere jarduera segitzen du. 1984ko abenduan sortu zuten Larresoroko herritar batzuek, herrian euskara eta euskal kultura hauspotzeko xedez. Ikastolen sorrera nahiko berria zen orduan, eta kultur elkarte andana bat sortzen ari zen. Giro berezi hartan, inguruko herrietako ikastoletako guraso talde bat bildu zen Larresoron ideia horren gauzatzeko; Ote Lore sortu zuten hiru ardatz ukanik: euskara bultzatzea, kirol jarduerak euskaraz egitea eta ondarea babestea. Herrian euskara «arrunt baztertua» zen garaian, eta, hori ikusirik, «euskal kultura eta hizkuntza mailan agertzen zen hutsunea betetzeko» juntatu ziren. Michel eta Michelle Errekalde senar-emazteak sortzaileen artean ziren, eta argi dute ordutik elkartea «azkartuz eta indartuz joan» dela. 

Azkartze horren lekuko dira Michel Errekaldek 40 urteotan hartutako argazkiak. Betidanik argazkilaritzarako gustua izan du, eta hastapenetik aritu da Ote Lorek antolatutako ekitaldietan argazkien hartzen. Artxibo biziki handia muntatua du orain, milaka argazki baititu albumetan eta ordenagailuan bilduak. Lan horren erakusteko xedez, argazki erakusketa bat muntatu dute elkartearen berrogei urteen karietara. Irailaren 20an estreinatuko dute, Larresoroko seminarioko kaperan, eta hiru egunez ikusgai izanen da. Bisita gidatuak eginen dituzte asteburu horretan, elkartearen ibilbidearen berri emateko publiko zabalari.

«Argazkiak hautatzea ez da erraza izan, eta kide gazteek lagundu gaituzte beste ikuspegi bat ukaiten, jakiteko hautaketa nola egin» MICHEL ERREKALDEOte Loreko kidea

Finean, Michel Errekaldek «memoria lana» egin duela uste du Marie-Andree Ouret Ote Loreko belaunaldi berriko kideak. «Argazki guzien inguruan istorioak badira, eta ahozko kontakizuna laguntzen dute argazkiek. Belaunaldi gazteagoko kideek garai horietako istorioak jakin ditugu, garaiak nola ziren eta elkarteak zer bide egin duen». 

Artxibo lana

Elkartearen berrogei urteen karietara, egitarau berezia prestatu dute kideek aurtengo. Uztailean, urtero bezala, Harrizko Zubiko Besta antolatu zuten, eta, urteurrena markatzeko, Demode Quartet taldearen kontzertua eskaini zuten. Irailean, berriz, argazki erakusketaren bidez gauzatu nahi dute ospakizuna, Ondareraren Egunaren karietara irekia izanen den Larresoroko seminarioko kaperan. Zortzi ardatzen inguruan prestatu dute erakusketa, publikoari beren ibilbidea esplikatzeko: elkartearen sorrera, kirolaren, antzerkiaren eta bertsoaren inguruan egindako ekitaldiak, Harrizko Zubiko Besta, Leaburuarekilako (Gipuzkoa) senidetzea, elkartearen egungo egoera, eta herriko plazetan karia berezietara antolatutako topaketak. «Argazki guziak ikusiz, entseatu gara egitura bat atzematen eta zortzi parte horiek agerraraziko ditugu erakusketan, horiek baitira elkartearen jarduera egituratzen dutenak», esplikatu du Ouretek. 

«Argazkiak hautatzea ez da erraza izan, eta kide gazteek lagundu gaituzte beste ikuspegi bat ukaiten, jakiteko hautaketa nola egin», erran du Michel Errekalde argazkilariak. «Ez naiz argazkilari profesionala, baina hastapenetik egiten genituen ekitaldi guzietan hartzen nituen argazkiak, eta bilduma batzuetan ezartzen. Gure elkarteko kideek interesgarria atzeman dute material hori, eta bilkura batean xedea agertu zen erakusketa egiteko». Xedea agertu, eta aitzina egin zuten ideia horrekin. Milaka argazki horien artean «hautuak» egitea izan da zailena. «Argazki bakoitza bizi ukan dugun momentu bat da; beraz, sobera gauza bagenituen kontatzeko, eta sortzaileetan edo hastapenetan ginen kideontzat biziki zaila zen hautuak egitea», esplikatu du. 

«Finean, elkarte baten historia da, baina hori baino gehiago da: Euskal Herriko gizartearen parte baten historia erakusten dute argazki horiek» MARIE ANDREE OURETOte Loreko kidea

Oureten irudiko «taldearen bizipenak» biltzeko balio izan dute argazkiek, eta elkarteko kide gazteek xedea dute argazki erakusketaz harago ahozko memoriaren bilketa lan bat egiteko, kontakizunak grabatuz. «Finean, elkarte baten historia da, baina hori baino gehiago da: Euskal Herriko gizartearen parte baten historia erakusten dute argazki horiek», trenkatu du. Larresoroko giroa «biziki zatitua» zela gogoan dute Errekaldetarrek, eta Ipar Euskal Herriko herri anitzetan ere hala zela erran dute. 

Michelle Errekaldek gogoan du «garai minberak» zirela. «Euskaldun eta euskaltzaleak biziki gaizki ikusiak ginen; pairatu behar izan ditugu kontrakoen jarrerak eta herrian zinez zaila zen», kontatu du. Elkartean berean ere desadostasun batzuen ondorioz zatiketa bat jin zen hogei urteren buruan; kide batzuk euskara hutsezko jarduerak egitearekin ez ziren ados, eta elkartetik joan ziren beste bat muntatzeko. Halere, Ote Lorek «kontrako haizeen gainetik» iraun du, Oureten ustez, eta hori «taldearen indarrari eta kideen adiskidetasunari» zor zaiolakoan da. Urtez urte, hala, mendi ateraldiak, kirol jarduerak eta kultur saioak proposatzen segitu dute, baita urteroko Harrizko Zubiko Besta ere.

«Euskaldun eta euskaltzaleak biziki gaizki ikusiak ginen; pairatu behar izan ditugu kontrakoen jarrerak eta herrian zinez zaila zen» MICHELLE ERREKALDEOte Loreko kidea

Egungo egunean, erronka handia da elkartearentzat bizirik segitzea: azken urteetan azkarki emendatu da Larresoroko biztanleria, eta Ote Loreren helburua da jende horren aitzinean euskarari eta euskal kulturari gutieneko «ikusgarritasun bat» ematea, Oureten ustez. 

Azaroan Lore

Erakusketaz gain, egitarau berezia prestatu dute larrazkenerako Ote Loreko kideek. Azaroan Lore kulturaldia eginen dute urrian eta azaroan, eta jadanik prest dute programazioa. Lehenik, Ihesi antzerkia emanen dute, urriaren 20an. Bertso krakada izanen da herritarrentzat urriaren 31n. Miñan antzerkia jinaraziko dute azaroaren 2an, eta Bizkarsoro filma emanen dute 3an. Lehen aldiko, eta urtebetetzea markatzeko, kontzertu gaualdi bat antolatu dute azaroaren 23rako: Bloñ, Mugan eta Puntu Kakotx taldeak ariko dira. 

Orain, Larresoroko gazteengana hurbiltzea dute erronka Ote Loreko kideek, aitortu baitute zaila dela gazte belaunaldiarentzat elkartean sartzea. «Beharbada, beren gurasoen talde gisa ikusten dute, eta ez da baitezpada erraza hor sartzea. Gainera, ez dira lehen ginen bezala elkarren artean saretuak», erran du Michelle Errekaldek. Nolanahi ere, «euskararentzako eta euskal kulturarentzako oasi ttipi bat» segurtatzen dutelakoan daude kideak, eta geroan ere hala segitzea espero dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.