Ostatu bat auzotarrek egina, Hazparneko Elizaberrin

Agorrilean ireki zituen ateak Elizaberriko Etxeberria ostatuak. Auzotarrek muntatu dute proiektua, eta «behar sozial» bati erantzuteko gunea izanen dela uste dute.

Hazparneko Elizaberri auzoko herritarrak
Elizaberriko Etxeberria jatetxeko jabeak eta kudeatzaileak, agorrilean, Hazparneko Elizaberri auzoan. LOUIS TRIOL
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Hazparneko Elizaberri auzoko herritarra da Bixente Lohiaga, eta oroitzapen goxoa du haur denboran auzoko ostatuan pasatu denboraz. Herri ttipietako ostatu anitz bezala, ordea, ateak hetsi zituen lekuak, eta hamar bat urtez lo egon da —duela bost urte elkarte bat arra hartzen entseatu zen, baina ez zuen iraun—. Horiek horrela, auzotarrek elkartzeko gune baten «falta sentitzen» zuten, eta zortzi familia elkartu ziren eraikin horren inguruko proiektu bat garatzeko xedez. Finean, bost familia sartu dira buru-belarri ostatua erosteko xedean, eta SCI higiezinen sozietate zibil bat osatu dute hori kudeatzeko. Lohiaga da sozietateko kideetariko bat, eta esplikatu du hiruzpalau urteko gogoetaren emaitza dela agorrilean zabaldu zuten gunea. Elizaberriko Etxeberria izena du, eta, ostatuaz eta jatetxeaz gain, kirol gelak eta bizitegiak ere baditu.

«Duela bost urte elkarte ostatua plantan ezarri zelarik, auzoko jendea zinez kontent zen berriz elkartzeko gune bat ukaiteaz. Baina ez zuen iraun, eta, gelditu zelarik, talde bat bildu ginen, enbeia genuelako zerbaiten egiteko. Jabea deitu genuen eta erran genion interesatuak ginela egoitza erosteko», esplikatu du Loihagak. Elizaberriko jabea Ameriketako Estatu Batuetan bizi da sortzez, eta auzotarrei urtebeteko tartea eman zien proiektu baten muntatzeko. Xedearekin aitzina segitu zuten, eta, proiektuaren nondik norakoak zehaztu ondoan, jabeak haiei saltzea onartu zuen.

Lan kolektiboa

Eraikina arrunt zahartua zenez, dena arraberritu behar izan dute lehenik. «Hor zinez ikusi dugu auzoaren indarra», erran du Lohiagak. Erraterako, gutxi gorabehera 150 jende hurbildu zaizkie obrak egiten laguntzeko; tartean, auzoko ofiziale batzuk. «Hasieran jendeak uste zuen eroak ginela. Baina gu auzo horretan sortuak gara, ostatu horren ondoan handituak, eta guretako rol sozial bat du horrelako leku batek. Gure proiektua ez da sosa irabazteko proiektu bat: gune sozial bat da herritarrendako, eta behar sozial bati erantzuten dio».

«Gure proiektua ez da sosa irabazteko proiektu bat: gune sozial bat da herritarrendako, eta behar sozial bati erantzuten dio» BIXENTE LOHIAGAHazparneko Elizaberri auzoko herritarra

Eraikinaren jabeak izanagatik ere, Lohiaga eta haren kideak ez dira ostalariak, eta hasieratik argi zuten ostalari batzuen esku utzi beharko zutela jatetxea. Hain zuzen ere, Eva Jaurena eta Alex Mahood bikotearen ezagutza egin zuten orduan; atzerrian ari ziren lanean, eta, Jaurenaren familia jatorriz hazpandarra izanik, Euskal Herrira jiteko gogoa zuten beren jatetxea zabaltzeko. «Tokiaz berehala maitemindu ginen, baina, sustut, ikusi dugu auzoan izaera komunitario biziki handia badela, eta elkarlaguntza anitz badela», erran du Jaurenak.

2022ko udan, Jaurenak eta Mahoodek behin-behineko ostatu bat ezarri zuten plantan, proiektua izanen zenaren inguruko saiakerak eta egokitzapenak egiteko. «Berehala ohartu ginen elkarlanean egindako proiektu bat zela, eta elkartzeko gune bat izanen zela», azaldu du Jaurenak.

«Jatetxe bat hetsi behar izatearen beldurrez bizi bazara, ez duzu gehiago deus egiten. Gure ofizioan arriskuak hartzeko prest izan behar da» EVA JAURENAOstalaria

Hazparneko Elizaberriko auzotarrek bi urtez obrak bukatzea lortu dute, eta, azkenean, agorrilaren 7an ireki zuten ostatua. Agorrileko esperientzia «baikorra» izan da, Jaurenaren arabera, eta geroari begira konfiantzaz mintzatu da. Herri ttipietan gisa horretako proiektuak garatzea «inportantea» zaio, eta, zernahi gerta, egokitzeko prest direla segurtatu du. «Jatetxe bat hetsi behar izatearen beldurrez bizi bazara, ez duzu gehiago deus egiten. Gure ofizioan arriskuak hartzeko prest izan behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.