Osasungintza saretzeko bidean, mediku beharra lehentasun

Osasungintzako profesionalak saretzeko sortu zen OPLK elkartea. Diagnostiko batek finkatu ditu lehentasunak: mediku anitz erretretatik hurbil dira, eta ordezkoak beharko dituzte.

Osasungintzako langileak
Erizain talde bat, Baionako ospitaleko bulego batean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2025eko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Osasungintzako Profesionalen Lurraldeko Komunitatea (OPLK edo CPTS frantsesezko sigletan) iazko martxoan sortu zuten Ipar Euskal Herrian, Biarnoko parte bat bere eremuan sarturik, osasungintza saretzeko xedez. Frantziako Gobernuaren laguntzekin, elkartea bidea egiten hasi zen, eta iragan urte hondarrean argitaratu zuen diagnostikoak argitu ditu haren lehentasunak: mediku eskasiari aitzin egitea izanen da ondoko urteetako erronka, besteak beste.

OPLKren lurraldeak ez du ments berezitasunik. Osasungintza aldetik, hasteko, bi ospitale talde badira: Pauekoa  —Mauleko ospitalea ere zuzentzen du— eta Baionakoa, Garazi eta Donapaleuko adarrekin. Politikoki ere bada dibertsitatea, Euskal Hirigune Elkargoak eta Biarnoko Herri Elkargoak eskumenak dituztelako eremu horretan. Baxenabarre, Zuberoa eta Biarnoko 124 herriko eremuan osasungintza elkartearen koordinazio lanak segurtatzen ditu Jenofa Lamarque amikuztarrak, eta konplexutasuna begi bistakoa zaio: «Ez dira osasun sistema berdinak leku guztietan, eta desafio bat da dena saretzea». 

Saretzea da hitz gakoa. Lamarqueren erranetan, elkartea ez da «sortu dena berriz asmatzeko, baizik eta bakoitzak egiten duen indarra argitan ezarri eta batzeko, azkarrago izateko elkarrekin». Zerbitzuen ezagutzarik eza konpontzeko, epe ertainean webgune bat sortuko dute osasungintzako profesionalen aurkibide batekin, batzuetan Pauera edo Baionara joaten baitira pazienteak, jakin gabe Maulen, Garazin edo Donapaleun badirela zerbitzu horiek eskaintzen dituzten permanentziak. 

Diagnostikotik, lehentasunak

Sortu berritan, elkarteak estaltzen duen eremuaren diagnostiko bat abiatu zuen, osasungintzako profesionalak kontsultatuz, eta, arrakasta urriagoarekin, pazienteei ere galdeketa bat helaraziz. Paziente gutik ihardetsi bazuten ere, 136 profesionalek igorri erantzunak aztertu dituzte, haien beharrak behatzeko. «Profesionalen eskakizun zabalena zen ospitalearekin komunikazioa azkartzea, pazientea ospitalera igortzeko eta ospitaletik informazioa ukaiteko», argitu du koordinatzaileak. 

%38

 

60 urtez gorako medikuak. Osasungintzako Profesionalen Lurraldeko Komunitateak egin diagnostikoan, iragan urte bukaeran 39 familia medikuetatik hamabost adin horretatik gorakoak ziren OPLKren eremuan; beste lau, 65 urtez gorakoak. Urte hastapen honetan beste bi mediku joan dira erretretara.

Baina komunikazio sarea plantan ezartzeko, zailtasuna sortzen du eremuak dituen bi ospitale zentroek tresna desberdinak baliatzen dituztela, Lamarquek aztertu duenez: «Biek logika desberdinak dituzte, informatika mailan software desberdinak dituzte... Baionarekin zerbait egiten badugu, ez da errana Pauerekin lortuko dugula, edo alderantziz». Ikuspegi «orokor» bat lantzen hasiak dira, halere, eta OPLKren lantaldean Mauleko ospitaleko zuzendaria izatea baikorki aipatu du Lamarque koordinatzaileak, «atzemateko plantan ezartzen ahal diren gauza komunak».

Frantziako Gobernuak plantan ezarri Mediku Dosier Partekatua aipatu du Lamarquek, «batere baliatzen» ez den tresna eraginkor gisa. Paziente bat artatzen duten profesional guztiek dosier bera partekatzeko sortu zen egitasmoa, izan mediku, erizain, ospitale edo farmazialariek baliatzeko. Dosier partekatu hori indartzeko nahia agertu du elkarteko langileak: «Aterabide bat izaten ahal da, eta nahi genuke plantan ezarri gure lurraldean. Ez da baliatua, edo gaizki baliatua da», haren ustez. Dena den, Baionako ospitalean egiten diren azterketen emaitza guztiak, adibidez, automatikoki sartuak dira dosier horretan, baina artatzaile gehienek ez dakite «eta ez dira joaten ikustera; beha egoten dira emaitzak gutunez errezibitzea», gehitu du Lamarquek.

Mediku eskasia ate joka

Diagnostikoaren aurkezpen publikoak egin zirelarik, urte hondarrean 39 herritako sendagile zenbatu zituzten; 60 urtez goitikoak dira horietarik 15 eta lau 65 urte baino zaharragoak. Urte hastapen honetan, jadanik, mediku batzuk eskas dira erretretara joan direlako: Oztibarreko medikua abenduan joan zen, Donibane Garazin beste bat, eta Atharratzen mediku bat joanen da guti barne. Oztibarrekoaren hutsunea betetzeko, Donapaleuko medikuak aldizkatzen dira Larzabalen, oraingoz, eta besteak ez dira oraino ordezkatuak. Barkoxen, erretreta hartua zuen medikua lanera itzuli da, besterik ez baita herrian aritzeko prest agertu. Alta, Lamarquen erranetan, «larriena ez da oraino ikusia, erretretara joan behar diren mediku guztiak ez baitira oraino joanak. Heldu den urtean ageriko da zinez zilo hori».

«Larriena ez dugu oraino ikusia, erretretara joan behar diren mediku guztiak ez baitira oraino joanak»

JENOFA LAMARQUEOPLKren koordinatzailea

Haien estatus liberalarengatik, ez dira behartzen ahal medikuak nonbait instalatzera zerbitzu publikoan egin daitekeen gisan. Baina badira manerak lurralde bat erakargarriago bilakatzeko, Lamarquen ustez: «Ez da sekreturik: kostaldea erakargarria da. Barnealdea aise gutiago». Mediku gazteekin harremanetan da elkarteko langilea, eta argi du gazteek gero eta gehiago nahi dutela taldean aritu. «Horretarako OPLK bat edo osagarri zentro bat izateak erakargarritasuna ekartzen du. Gazteen lehen galdera izaten da bakarrik ala taldean ariko diren. Larzabalen medikua bakarrik zen, eta hara, adibidez, ez dute joan nahi», erran du. Zailtasuna handiagoa da jakinik duela zenbait urte medikuntzan onartzen ziren pertsona kopurua gutitu zela, numerus clausus delakoa tipituz; ondorioak ikusten dira orain, mediku gazte gutiago ateratzen baita eskolatik. Gainera, «ateratzen diren mediku berriek, ez dute segidan instalatu nahi», Lamarquek dioenez. 

BAIGORRIKO OSASUN ETXEA
Osagarri etxe anitz sortu dira azken urteetan. Argazkian, Baigorrikoa, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU

Ez da oraino egoera larria, elkarteko koordinatzailearen ustez. «Baina fite horretara arribatzen ahal ginateke ez badugu nehor atzematen segidak hartzeko», abisatu du. Oreka da giltza, haren ustez, pazienteen beharra eta medikuen kargaren artean: «Mediku gazte bat plantatzean, hori ere bada arazoa. Batzuetan beharra hain da azkarra, zaila dela presio horri erantzutea».

Hautetsiei deia

Medikuak erakartzeko lurralde erakargarria behar denez, elkarteak bere burua hautetsiei ezagutarazi nahi die, «ohartarazteko badutela indar eta boterea osasun mailan». Lamarquek azpimarratu du hautetsiak dinamikoak diren eskualde batzuetan kausitu dutela medikuak ekartzea. Prebentzioan ere rol bat jokatzen ahal dutela oroitarazi du, Lapurdiko adibideak aipatuz: «Bi herri ohartu dira kolonoko minbiziaren detekzio tasa zinez txarrak dituztela, eta OPLKri dei egin diote beren herrietan informazioa zabaltzeko».

Osasungintzako profesionalak elkartearen dinamikara hurbilarazteko ere lan badela ohartarazi du koordinatzaileak, batzuek ez baitute «lantaldearen beharra sentitzen beren lanean». Ahobizarrik gabe mintzatu da Lamarque OPLKren kontra artatzaile batzuek duten iritziaz: «Artatzaile izan naiz duela guti arte, eta badakit badela sentimendu bat nagusitzen dena mundu profesionalean: gobernuak ez duela ulertzen zein den egiazko beharra, sosa artan ezarri behar dela eta ez inguruko administrazio horretan guztian»; eta batzuentzat, preseski, elkartea «inguruko administrazio» horren parte da. «Ari naiz dena martxan ezartzen, erakusteko ez dela teoria hutsa eta lanak bideratzen ditugula», gehitu du segidan; izan ere, Lamarquek sinesten du «behingoz kartak eskuetan» dituztela lekuko aktoreek.

Diagnostikoak beste lan ardatz batzuk ere ekarri dizkio elkarteari, ohartu baitira, besteak beste, badela bihotzeko eritasun anitz lurralde horretan. Bizi bukaerari buruz lan egitea ere erabaki dute: Donapaleuko ospitalean arta aringarrietako lau ohe sortu dituzte, Donibane Garazin badira bi eta Maulen ere aipagaietan da. Xenda desberdinetan abiatu da elkartea, lan batzordeetan antolatuz gaien arabera. Koordinatzailea, hain zuzen, lan ardatz horiek martxan ezartzen ari da, teoria praktikan ezartzeko. 

DONIBANE LOHIZUNEKO LARRIALDI ZERBITZUAK LARRIALDI EGOeran

Duela bi urte bezala, iragan urtean ere Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzuak hainbat gauez eta egunez itxi behar izan zituzten mediku eskasagatik; azken aldian, joan den abenduan. Iragan udan ere itxi zituzten larrialdietako ateak, eta eragina ukan zuen beste ospitaleetan ere, hala nola Baionako larrialdietan. Baionan, uda partean, mediku gutiago dira larrialdi zerbitzua segurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.