Ortzaize da ikerketaren eremua; aita hangoa du Ana Jaunarena ikerlariak (Baiona, 2001), eta amatxiren etxean entzun ditu «aita arrebarekin eta amatxi ahizparekin» noka mintzatzen. Noka ez ikasi izanaren doluak pusaturik eta nahi zituelako «urgentziaz aditz horiek bildu desagertu aitzin», ikerketa abiatu zuen Baionako Unibertsitateko ikasle Jaunarenak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, Gasteizen eta Baionan ikasketak eginik. Mintzolak lana saritu du, eta irailaren 30era arte izanen du, beste hiru sarituek bezala, lana ondu eta aurkezteko.
Ortzaizen ttipitik entzun du noka mintzo zen jendea Jaunarenak. Toka, berriz, beste eremuetan ere baliatzen dela ohartu zen handitzean: «Mutikoak, handitzean, anitz pasatzen dira zukatik tokara. Ikusi dut ene inguruan, lizeoan, eta fite ohartu naiz hori mutikoen arteko tokaren istorioa soilik zela, zukatik nokara ez dela mudantza hori izan». Hortik abiaturik, «zerbait polita ikertzeko» ikusi zuen.
Galdetzean ikerketak lagundu duenetz ulertzen tokaren eta nokaren arteko desoreka, ezezko argian da Jaunarena: «Ez da batere erantzunik. Fenomeno multifaktorial izugarri konplexu bat da, anitz faktoreren menpekoa: jendarte mailakoak, hizkuntza mailakoak, egoera diglosikoak, sexismoa... Anitz gauza badira jokoan, eta ez da erantzun bakar bat arrazoi guztiak bere gain har litzakeena». Bazka eman dioten iturrien artean, Xabier Alberdik 1990eko hamarkadan egin zuen tesi bat aipatu du ikerlariak, zehaztuz jadanik agertzen zela «tokaren eta nokaren arteko arroila». Eta «arroila sakontzen ari da», Jaunarenaren erranetan.
Higatzearen bi alderdi
Nokaren higatzea bi alderditatik ikertu du Jaunarenak. Batetik, «hizkuntzaren barnetik, noka formen aldakortasuna aztertuz». Alde horretatik, datu argigarri batez ohartu da elkarrizketak egitean, 60 urtez beheiti ez baitu noka ari denik atzeman: «Erran nahi du Ortzaizen noka mintzo diren azkenak 60 urtez goitikakoak direla. Alta, izan naiz bortaz borta ahal bezainbat xerkatzen». Adinekoek, «euskara gai bat ez den belaunaldi» batekoak direnek, ikergaiaren berri ukaitean «arbuioa» zuten lehen erreakzioa, Jaunarenak dioenez, noka aritzea «itsusia» delakoan.
«Batzuek arroztua dute noka berreskuratzeko gogo baten sentitzeko. Halere, denak atxikiak dira, ez dute adinekoek duten arbuio hori barneratua ikusi dudanaren arabera».
ANA JAUNARENA Ikerlea
Bigarren alderdiak, noka «zergatik ez den transmititu» ulertzera eraman behar zuen ikerlaria. Horrentzat, hiru belaunalditako kideak elkarrizketatu ditu, gazteek noka ez baliaturik ere badutelako «zer erran», Jaunarenak segurtatu duenez. «Oro har, badute atxikimendua, polita atzematen dute eta euskararen aberastasun gisa dute. Batek aipatu du ikuspegi feminista batetik ere noka berreskuratzea ahalduntzeko tresna gisa izaten ahal zela», adierazi du Jaunarenak.
Elkarrizketen ondorio gisa, azaldu du gazteen erranetatik «berreskuratzeko gutizia erakutsi dute batzuek», baina ez denek. «Batzuek arroztua dute noka berreskuratzeko gogo baten sentitzeko. Halere, denak atxikiak dira, ez dute adinekoek duten arbuio hori barneratua, ikusi dudanaren arabera», zehaztu du. Duela bi urte egin zen Ortzaizeko kabalkada ere aipatu du Jaunarenak, antzerkiaren idazketan belaunaldiak nahasiak zirelarik, noka baliatu zutelako eta truke interesgarriak piztu zituelako.
Jaunarenak berak noka aritzeko gogoa balukeenez galdeturik, lehenik ikerketarekin bildu dituen aditzak aipatu ditu, nahi baitzuen «corpus bat izan dadin, sekula nahi bada ikasi edo konprenitu, izan dadin tresna bat». Eta mintzatzekotan, noka baliatuko luke «tratamendu simetriko batean». «Ez naiz mintzatuko toka edo noka zuka ariko zaidan bati», argitu du.
Ikerlanaren defentsa egin, eta tesi baten aukera hetsi gabe utzi du, haren ustez balitzatekeelako «luzatzeko mentura».