Anderea arras xifritua da. Autoan errefuxiatu da, hatsa motz, bihotza bortizki taupaka eta eskuak oraindik dardarka. Beribilean sartzean abantzu trebukatu da. Esku zakua ondoko aulki gainera jaurtiki eta kopetatik darion izerdia atorraren mahungarekin lehortu du. Arnasa sakon harturik gakoa itzuli eta leku madarikatu honetatik ihesi doa. Jakin balu.
Orain duela berrogei urte herri otzan honetan kokatu zen. Paisaiek harritu zuten lehen-lehenik. Eremu trinkoan, oihanaz, mendiaz eta itsasbazterraz gozatzea zoragarria egin zitzaion. Herri ttipietako giro goxoak liluratu zuen. Etxaldeetako mozkin gozagarriak eta gastronomia dastatu zituen. Eta nola ez aipa Espainiarekiko hurbiltasuna, exotikoa bezain merkea.
Bazekien nortasun handiko lurra zela, ihardukitzailea. Begi onez ikusten zuen oro har, oldar independentistak salbu. Hori gehiegi zen harentzat. Nous sommes en France, après tout.
Urtez urte ikusi du aldaketa. Ikastolak biderkatu dira, helduak ere euskalduntzen hasi dira. Aski ez balitz bezala, eskubide gehiago lortu nahi izan dituzte, euskal hiztunek pairatzen zuten zapalketa salatuz. Et puis quoi encore. Erdara zaion mintzaira denetan dagoela iruditzen zaio. Bere frantses kuttuna desagertzear dela uste du.
Gaurkoa soberakina izan da. Beskoitzeko hondarkintegira joaterakoan, jakin balu. Autotik atera eta bertako langilea etorri zaio irribarretsu: Egun on!
Ez lioke frantsesez hitz egiten ahal! Petit con! Mehatxu terroristaren aitzinean, andereak egurrezko kaxa altxatu eta gaztea buruan jo du. Leku madarikatu honetatik ihesi doa orain. Jakin balu.