Berrogaineko laborantza lizeoko zaindari nagusia da Peio Cachenaut (Donapaleu, 1979). Gaztetan hasi zen heavy metal edo rock taldeetan kantatzen; besteak beste, Mercurials, Ikus, Black Xalbbath, Iron eta Maider edo Mekauenla taldeetan. Zuberotar dantzaria izan zen, eta Iron eta Maider taldean, erraterako, zuberotar dantzariz jantzirik Iron Maiden taldearen kantuak berriz hartzen ditu. Iragan urteko martxoan Titan Lapurdiko talde ezagunaren kantari ere bilakatu zen, Patrice Le Calvez kantari historikoaren eskutik lekukoa harturik Bidaxuneko Metal festibalean. Xiberoko Botza irratiko asteazken gauetako entzuleek Cachenauten boza ezagutzen dute, Tumatxa irratsaio kulturalaren aurkezlea baita. 2012an, bestalde, Xora filma zuzendu zuen.
Titan taldearen kantari berria zara. Heavy metala ezagutzen ez dutenentzat nola aurkeztu behar da taldea?
Nik famaz ezagutzen nuen Titan, heavy metalaren fan bat naizen heinean. Estilo horri interesatzen direnek ezagutzen dute taldea, 38 urte baitira existitzen dela. Bi disko atera zituen 1980ko hamarkadaren bukaeran. Arrakasta ukan zuen garai hartan, eta taldea gelditu zen; Patrice Le Calvez Aistrika taldeko kantari bilakatu zen ondoko hogei urteentzat. Abantzu 30 urte berantago, 2017an, Pyrenean Warriors Open Air Okzitaniako festibalak proposatu zien taldea berriz osatzea kontzertu batentzat; lau kide historiko aritu ziren, eta Iñaki Plaa bateria jole gisa. Baziren 25 urte ez zutela jo, baina harrera ezin hobea ukan zuten, harrituak ziren. Ondotik, Palingenesia izeneko disko bat egin zuten, ontsa ezagutzen dudan norbaitekin, Paxkal Etxeparek grabatu baitzuen album hori.
Patrice Le Calvez kantari historikoak pasatu dizu lekukoa.
Enegana hurbildu ziren Iñaki [Plaa] eta Romain [Larregain] zuberotarrak taldean dira, eta biek ezagutzen naute. Haien ondoko diskorako prestatu zuten musika zati bat igorri zidaten, eta zerbait proposatzea galdetu zidaten. Bi arrazoirengatik, dudak ukan nituen: batetik, musika mailan zorrotza da Titan taldea, kantu berezia da, arrunt agresiboa eta gainean zintzilikatua. Bigarren duda iturria frantsesez kantatu beharrari lotua zen: nahiz zailtasunik ez dudan frantsesez idazteko, kantatzeko zaila da. Ingelesez eta euskaraz kantatu izan dut; bi hizkuntza horiek errazki sonarazten ahal dira rockean, gutxienez. Saiatu nintzen, segidan maitatu zuten, eta sei hilabetez bi kantari izan ginen taldean. Bidaxuneko metal festibalean Patricek lekukoa pasatu zidan, eta disko berria bidean da. Negu honetan edo berantenik heldu den udaberrian grabatuko dugu. Taldeak duen mailagatik desafio bat da enetako, kontzertuentzat urduri naiz, baina errepikentzat ere bai!
«Bidaxuneko metal festibalean Patrice Le Calvezek Titan taldeko kantuaren lekukoa pasatu zidan, eta disko berria bidean da»
Zaila da beharbada, baina esperientzia luzea duzu kantari gisa.
Bai, lizeoan nintzenetik taldeetan ari naizelako. Garai batean, duela hogei bat urte, Ikus taldearekin zinez aktibo izan ginen, baina ez naiz sekula profesionala izan. Ez naiz sekula musikatik bizi izan, eta ez dut sekula hori nahi izan ere. Badira 30 urte praktikatzen dudala amateur sutsu gisa, baina amateur mailan, halere. Presioa badut orain, baina on da hobetzeko.
Iron eta Maider, Ikus, Mercurials... talde horietan ere segituko duzu, halere?
Mercurials taldea alde batera utzirik, hori gelditua baita, beste taldeak existitzen dira oraino ere. Ongi pasatzeko dira, eta Iron eta Maiderrekin kontzertu bat proposatzen diguten ber, ahal badugu, baietz erraten dugu. Ez dugu errepikarik egiten, ez dugulako denborarik, baina ari gara. Ikus ere hor da, eta estudiora pasatzeko gogoa dugu; duela hamabost bat urte egin genituen kantu batzuk sekula ez dira grabatuak izan, eta berriz landurik eta kantu berri batzuekin disko bat egin nahi genuke. Talde berri bat ere sortu dugu, Iñaki Plaa eta Romain Larregainekin besteak beste, Mekauenla izenekoa, Metallicaren kantuen bertsioekin. Baina horiek guztiek ez dute zerikusirik Titan taldean behar den inplikazioarekin: Titanekin astero baditugu errepikak; ez zait gertatu 20 urte nituenetik! Arrunt bestelako engaiamendua da.
Belaunaldi gazteak heavy metal estiloari interesatzen ote dira? Edo lehengo publikoa da kontzertuetara joaten dena?
Biak badira. Badira beti fan zaharrak, badira belaunaldi berriak ere. Hendaian harritua izan nintzen ni baino hamabost edo hogei urte gutxiago zituen tipo batekin, testu guztiak ezagutzen baitzituen. Ni estiloari interesatu nintzenean, 1990eko hamarkadan, estiloa indarra galtzen ari zen. Eta alimaleko birakoa izan zen 2000. urtean, sekula gibel egin ez duena, Hellfest bezalako festibaletan haragitua. Onerako eta txarrerako, publiko zabala hurbildu da metalera. Partez dolu dut, 1980ko hamarkadan metala musika popularra zelako. Orain ikusten delarik metaleroen profila, klase ertain gorakoak dira gehienak. Horrek eragina badu musikan: iduri zait alde erradikal bat galdu dela. Metala paisaia kulturalean arrunt instalatu da, baina beti bezala mutazioekin, galerekin... arriskua da aberatsen musika bilakatzea, jazzarekin gertatu den bezala: hastapenean popularra zen, orain elitismoaren marka gorena da.
Lan egiten duzun ikastetxeko ikasleek badakite metal kantaria zarela?
Zuberoan ohikoa da jendea oholtzara igaitea, usu gertatzen da. Anitzek beren zaindari nagusiaren izenarekin bilaketak egiten dituzte Interneten. Atzematen dituzte ene kontzertuetako bideoak, baina ez dut batere arazorik horrekin, osoki asumitzen baitut. Irri egiten dute, edo desberdin ikusten naute. Gero badira beste batzuk, eta hor ageri da adinean aitzina goazela, erraten didatenak beren gurasoek kontzertuetan ikusi izan nautela. Usu gertatzen da; irrigarria da.
Xora filma zuzendu zenuen 2012an. Oraindik film zuzendaria zara?
Ez naiz sekula izan! Film bat egiteak ez nau zuzendari egiten; uste dut gehiago egin behar direla. Zinez, nahiko nuke beste bat egin, baina zaila da film bat egitea. Titika Rekaltekin bagenuelarik filmaketarako prest zen proiektu bat, ez zen momentu ona, COVID-19a eta diru laguntzak tarteko. Pisua zait zailtasun ekonomiko hori. Xora egitea kausitu genuenez, ikusi nuen zein zaila zen: bost urte joan ziren hastapenetik bururaino. Izen bat atxikitzen da gogoan, baina hori ideia faltsua da, ezin baita film bat egin bakarrik. Film mota bat egin daiteke bakarrik, bai, baina nik egin nahi dudana soilik kolektiboki egin daiteke. Baina pisua da. Pentsatze hutsarekin tresneria animala iduri zait, filma egitearen gogoa bera higatzeraino. Hori erranik, norbaitek gure xedea garatu nahi balu, joanen nintzateke buru-belarri berriz.
Zinema, musika eta literatura lotzen ditu Xiberoko Botzako Tumatxa irratsaioak, aspalditik.
2003an hasi nuen.
«'Tumatxa' emankizunak behartzen nau aste oroz liburu edo komiki bat irakurtzera, film bat ikustera, musika entzutera»
Eta hainbeste urtez zenbat film ikusiak, zenbat liburu irakurriak...
Helburua hori bera da. Emankizunak behartzen nau aste oroz liburu edo komiki bat irakurtzera, film bat ikustera, musika entzutera. Ez da soilik hori, lan horien analisia egin eta defendatzeko gai izan behar baitut. Partez horregatik egiten dut, enetako. Beste arrazoietarik bat, sinpleki, hedapen kulturala egitea da. Ez dut ene burua kritikari gisa ikusten, kritikariak maite ez duena ere landu behar baitu. Pixka bat egin izan dut, baina orain ez, eta soilik maite dudana aipatzen dut. Badira aktualitatea eta ondarea. Berriki, Citizen Kane 1941eko filma aipatu dut, adibidez. Ez da kultura akademikoa, gauza bitxiak badira, ene gustuen arabera hautatuak.
Podcast bat izan daiteke.
Baina nik maite dut irratian hedatua izan dadin. Horri bereziki atxikia naiz, norbaitek ustekabean entzun dezakeelako. Duela hamabi urte, Büxita olako [Larrainen] artzain batek aipatu zidan emankizuna asteazken oroz entzuten zuela, onartuz ez zuela aipatzen nuen deus ere ezagutzen. Beharbada izan dira emankizun batzuk nehork ere entzun ez dituenak, posible da. Orain badakit entzunak direla, Interneten hedatzen baitut, eta oihartzunak baditudalako.
Euskarazko irrati batean, frantsesez.
Frantsesez da ez naizelako gai euskaraz egiteko. Bestela, egia da Xiberoko Botza euskarazko irrati bat izateko sortu zela. Garai batean Irulegiko Irratian eta Gure Irratian ere hedatzen zen Tumatxa, baina ez dute gehiago hartzen frantsesezko emankizunak baztertu dituztelako, eta bistan da errespetatzen dudala. Galdetu izan didate euskaraz egitea pentsatu dudanetz; dena idatzi beharko nuke, eta alta, ene ustez, emankizunaren xarma da inprobisatua dela.
Denbora hartzen duzu ohikoa ez den garaietan.
Hori, enetako, inportanteena da. Denbora hedabideen etsai bilakatu da, beti beldur baikara jendea aspertuko dugula. Ene emankizunek hiru oren eta hiru oren eta erdi artean irauten dute, batez beste. Zenbait aldiz, lau orenez goiti. Arauz kanpoko emankizuna da, eta badakit batzuek ez dutela osorik behatzen eta beste batzuek bai. Baina ideia bat garatu nahi bada, denbora behar da nahi ala ez. Badakit gauzak errepikatzen ditudala batzuetan, baina ez luke neholako interesik emankizun hau oren batez egiteak.