k Irati Fernandez Arbelaitz

Oholtza laborantzaren erdigunean

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Ostiral gauean larre berde eta etxe zuri artetik zoaz, Izura-Azmeko Latsaga gazteluraino. Latsaga familiarena omen zen jauregia, 1870ean notario bati saldu zioten arte. Ondotik honek izurar bati saldu zion, eta geroztik, beti izan da Izurako familia baten eskuetan. Gaur egun, zalditokia bada bertan. Baina ez hori bakarrik: Axut konpainiaren eskutik, Lurrez estali antzerkia eskainiko da ekaineko asteburuetan. Hamabi aktore, 120 ikusle, bi zaldi, argiak eta musika. Has dadila obra. Familia bat erdigunean, erdibiturik, bizitzaren nekeziek higaturik. Laborantzak hartzen du ingurunea, Baxenabarreko herrixka batean kokatzen da. Udan, etxaldean bizi diren anaiak eta aitak arrebaren familia errezibituko dute. Arreba gazteagoa ere bertan da, idazle grina handikoa, eta auzoak agertuko dira, betikoak, edota hiritik aire garbiagoen bila mugitutakoak.

Laborantza, beraz, testuinguru eta gai gisa, honela azaltzen dute aurkezpenean: «Laborarien herena txirotasunak harrapatzen du, eta bi egunero nekazari batek bere buruaz beste egiten du. Munduko lanik ederrena dela erraiten bada ere, ezinbesteko ofizioa bada ere, eta gure kulturaren ohantzea baldin bada ere, zergatik ez diogu begietara begiratzen?».

2024. urtearen lehen parte hau laborarien mobilizazioek markatu dute hein handi batean: manifestaldiak, bide eta portu blokatzeak, eta beste hainbat ekintza. Axuten antzerkia ikusiko dugunok, ezintasun horiek ikusiko ditugu taulan islatuta, baita gure kulturaren funtsa ere: «Lur bat ukaitearen zailtasuna erran (etxebizitzen prezioek laborantza-lurrak erostezin bihurtu baitituzte); lana, lotsa, umilazioa erran; eta jatorriaren harrotasuna, kabalak erran; eta lurraren kultura erran».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.