Etxea aldatu nahi baina ezin. Halakoa da Ophelie Vivier angeluarraren egoera. Angeluko Lespes auzoko etxebizitza sozial batean bizi da, eta hezetasun arazo larriak ditu etxean. Badu lau urte aldatzen saiatzen ari dela, baina etxebizitza sozialak kudeatzen dituen Office 64 egiturak ez dio aterabiderik proposatzen. Egoera berean da Andrea Chrestia-Mobaraig: 2019tik Angeluko etxebizitza sozial batean da —hura ere Office 64 egiturak kudeatua—, eta mutxidurak baditu apartamentuko gela guzietan. Osasun arazoak eragiten dizkio hezetasunak, eta «injustua» zaio horrelako baldintzetan bizi beharra.
Alda alokatzaileen defentsarako elkarteak ongi ezagutzen du mutxiduren arazoa. Ipar Euskal Herriko etxebizitza anitzetan agertzen da, hala sozialetan nola pribatuetan. Nicolas Struve Aldako kideak esplikatu du alokatzaile anitzek elkartera jotzen dutela hezetasun arazoengatik. «Lehen gauza da begiratzea ea apartamentuaren arazoa den ala eraikin osoarena», erran du. Eraikin osoa hunkia delarik, «auzotarrak kolektiboki antolatzen» laguntzen ditu Aldak, uste baitu aterabideak lortzea «errazagoa dela» desmartxak elkarrekin eginez. Urtarrilean, Aldak ekintza bat egin zuen bizitegi sozialak kudeatzen dituen HSA egituraren kontra: Baionako Habas auzoa bostehun bat etxebizitzak osatzen dute, eta Aldak horietarik 137tan atzeman zituen mutxidurak. Orduan, HSAren egoitzara sartu ziren, eta egitura horri obren plangintza bat egitea galdetu, eraikin horiek arraberritu ditzaten; batik bat, hunkienak ziren 36 etxebizitzetan.
Orain, Angeluko Lespes auzoko bizitokietan identifikatu dituzte mutxidurak. Struven arabera, legea aldatu behar da lehenik. «Sektore pribatuko etxebizitzetan plantan ezarri dituzte zenbait arau; besteak beste, alokairua izoztea arraberritze lanak egin arte. Ez dugu ulertzen zerendako lege horiek ez zaizkion arlo sozialari ere aplikatzen», deitoratu du.
Alokatzaile kaltetuak
Anartean, Viver eta Crestia-Mobareig batere sanoak ez diren etxebizitzetan bizi dira. Biek onartu dute lekukotasuna jende aitzinean ematea, baina egoera berean diren beste hamar alokatzailerekin elkartzen hasi dira, elkarren bizipenen berri izateko. Vivier 2020an arribatu zen Lespesera, eta sartu eta hiruzpalau hilabetera ohartu zen mutxidurak bazirela. «Etxebizitza pribatu batean bizi nintzen lehen, baina bereizi nintzen, eta presazko eskaera bat egin nuen etxebizitza sozial bat lortzeko. 2020ko ekainean sartu nintzen, eta urrian hasi ziren arazoak. Eraikineko zaindariari eman nion egoeraren berri, baina erran zuen mutxidurak ttipiak zirela eta ez kezkatzeko. Baina egoera okertu zen, eta Office 64 abisatzea erabaki nuen, telefonoz, posta elektronikoz, webgunearen bidez...; bide guztietatik», esplikatu du. Alta, egiturak ez du sekula «serioski aztertu» haren galdea. Egun, mutxidurak apartamentuko gela guzietan ditu.
«Esplikatu didate eraikinaren kanpoko isolamendua zaharkitua dela eta horregatik badirela mutxidurak. Gainera, eraikin zaharra denez ez du artifizialki aireztatzeko sistemarik, aireztatze naturala baizik» OPHELIE VIVIERAlokatzailea
Egoera aldarazteko, desmartxa bat baino gehiago abiatuak ditu Vivierrek, eta hainbat aditu izanak dira haren etxebizitzan hezetasun arazoak nondik heldu diren ikertzeko, baita Angeluko Herriko Etxeko higiene eta segurtasun zerbitzua ere. «Esplikatu didate eraikinaren kanpoko isolamendua zaharkitua dela, eta horregatik badirela mutxidurak. Gainera, eraikin zaharra denez, ez du artifizialki aireztatzeko sistemarik, aireztatze naturala baizik». Aterabide gisa, etxea gehiago berotzeko aholkatu diote. «Arazoa da gure berogailua kolektiboa dela eta hemeretzi gradura mugatua dutela. Baina gaizki isolatua denez, ez gara heltzen tenperatura horretara. Iazko neguan, hamalau gradu ziren semearen ganbaran», salatu du. Hortaz, behartua izan da berogailu elektriko bat ezartzera, baina jakinarazi du horrek elektrizitate faktura ikaragarri emendatzen diola eta ez duela ahalik hilabetero horren pagatzeko.
Chrestia-Mobareigen egoera berdintsua da. 2019an sartu zen Venise etxebizitza sozialean, Angelun. «Gazte-gaztea nintzen, 20 urte nituen, eta ez nuen beste apartamentu bat hartzeko baliabiderik. Bisitatu nuenean, jadanik baziren mutxidurak. Hitzeman zidaten beharrezko obrak eginen zituztela, baina geroztik hor naiz, egongelan lo egitera behartua; ene gela hain da usteldua...», salatu du. Gainera, asma du, eta hezetasunak kalte egiten dio haren osasunari —medikuak agiri bat egina dio horren baieztatzeko—. Hark ere hainbat desmartxa eginak ditu: asurantzarekin lehenik, Angeluko Herriko Etxeko zerbitzu batzuekin ondotik, abokatu batekin ere bai, baina «desesperatua» da, egoera ez baita hobetzen. Office 64 egiturari leporatu dio gauzak ez konpontzea. «Haserre naiz, eta injustizia handi bat dela iruditzen zait. Lotsagarria da ikustea nola zerbitzuek pilota elkarri botatzen dioten eta nola zerbitzu batetik bestera igortzen gaituzten. Erraten digute Euskal Herria hezea dela eta horregatik gertatzen dela fenomeno hori. Iruditzen zait zozotzat hartzen gaituztela».
«Haserre naiz, eta injustizia handi bat dela iruditzen zait. Lotsagarria da ikustea nola zerbitzuek pilota elkarri botatzen dioten eta nola zerbitzu batetik bestera igortzen gaituzten» ANDREA CHRESTIA-MOBAREIGAlokatzailea
Biek galdea egina dute beste etxebizitza sozial bat ukaiteko, baina ez dute erantzunik ukan oraindik. Struvek azpimarratu du etxebizitza sozialen merkatua erabat saturatua dela eta arlo pribatuko prezioen gorakadak zailtzen duela sektore horretara pasatzea. Hortaz, azpimarratu du garrantzitsua delaetxebizitzaren krisiaren «ertz guztiei heltzea». «Saiatzen garelarik arlo pribatuko arazoak konpontzen —bigarren etxebizitzak, Airbnb...—, espero dugu urte osorako alokairurako etxebizitzak libratzea eta etxebizitza pribatuen sektoreari hatsa ematea. Helburua da horren bidez arlo soziala ere pixka bat libratzea».
Arraberritzea, abian
Office 64 egiturako Audrey Barrere bezeroen harreraren arduradunak esplikatu du badakitela zenbaitek mutxidurak dituztela etxean, nahiz eta «ahal duten guztia» egin alokatzaileen ongizatea bermatzeko. Lespes eta Venise inguruetako etxebizitzak direla eta, onartu du «obra handiak» behar direla, eta segurtatu du abian direla. Denetara, 4,32 milioi euro kostatuko diren obrak eginen dituzte Angeluko bi bizitoki horietan. Dena dela, Barrerek aitortu du egituraren «epeak» eta alokatzaileenak ez datozela bat, eta denbora anitz beharko dutela arraberritze obra guzien egiteko. «Eraikuntza zaharrak arraberritzea lehentasunezkoa da guretzat, eta, lehentasun horren barnean, kasu larrienak konpontzen ari gara», segurtatu du.
Etxebizitza sozialak kudeatzen dituzten egituren buxetari dagokionez, Aldako kide Struvek azaldu du diru sartzeak apaldu zaizkiela Frantziako Gobernuaren neurri batzuen ondorioz, eta erran du egiturak akuilatzeaz gain neurri horien kontra ere egin behar dela, «kolektiboki», egiturek baliabide gehiago izan ditzaten.
«Nolanahi ere, eraikuntza zaharrak arraberritzea lehentasunezkoa da guretzat, eta, lehentasun horren barnean, kasu larrienak konpontzen ari gara» AUDREY BARREREOffice 64ko bezero harrera arduraduna
Aterabideak proposatzeko, hezetasun arazoak dituzten alokatzaileentzako bilkura bat egin zuen Aldak ostiralean Donibane Lohizunen. Eric Toulouze Aldako kide eta inspektore termikoak parte hartu zuen hartan, eta adierazi usu isolamendua zahartua delako gertatzen direla horrelako arazoak. Gaineratu zuen klima aldaketaren ondorioz kondentsazio fenomenoak emendatuko direla eta horrek egoera okertuko duela. Horretarako, aterabide kolektiboak hartzeko beharra azpimarratu zuen: «Problematika honi erantzuteko urbanismoari lotutako neurriak hartu behar dira, eta hori kolektibitateei ere badagokie».