Ipuin bat asmatzeko, irakatsi ziguten bost atal nagusi behar direla: hasierako egoera, arazoa edo gertaera, peripeziak, ondorioa eta bukaera. Gaurko ipuinean, ez gara printzesen salbatzera heldu den printze urdinaz arituko, ezta otso beldurgarriaz eta amatxi gaixoaz ere…
Gaurko ipuinean, demagun, hasiera gisa hartzen dugula demokrazia baketsu eta lasaian bizi den herri zoriontsu bat. Halako herri ideal bat, non gatazkarik eta zapalkuntzarik ez den.
Ondotik, gure ipuinean problematika bat behar genuke egoera lasai horren eteteko eta animazio pixka bat ekartzeko: zergatik ez, herriko kontseilua oztopatzera heldu diren laborari euskaldun gaizto eta bortitzak, higiezin proiektu baten kontra protestatzen dutenak eta herriko ongizate eta lasaitasun hori hausten dutenak. Pentsa ezazue noraino doan gure ipuineko afera, poliziarekin bultzadak izan, eta auzapeza zauritu baita, ospitalean bukatzeraino. Jakin nahi duzue nola segitzen duen gure istorioak? Erreakzio zaparradarekin: hautetsiak, kazetari ezagunak mintzo dira eta polemika badoa puzten eta puzten. Hala ere, ondorioetara iritsi beharko dugu pixkanaka.
Ondorioetan, besteak beste, izan litezkeen batzuk: indar errepresiboen interbentzioak, kameren gehitzea, segitzeak, bide judiziala edo asma nahi dituzun ondorio guziak. Eta horrela, gure ipuinean bukaera lasai batera iritsiko ginatekeela konda genezake.
Ez dakit urrunegi noan edo ea batzuek sare sozialetan edo hedabideetan zabaldu dituzten ipuinak ez ote diren fikzio honen antzekoegiak.