Musikari eta kantaria

Darlene Gujiuminag: «Nire kulturan, musikak harrotasuna ematen du»

Quebeceko mikmak amerindiar komunitateko danbor jole eta kantaria da Gujiuminag. Bi euskaldunekin 'Lurretik lurrera' kantaldia eskaintzen ari da Euskal Herrian gaindi. Bihar, Gotaineko Xiru festibalean ariko dira.

 DSC7257 00001 00001
Darlene Gujiuminag musikari eta kantaria, apirilaren 4an, Atharratzen. J.E.
Joanes Etxebarria.
Atharratze
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mikmak amerindiar komunitateko musikari eta kantaria da Darlene Gujiuminag (Gesgapegiag, Quebec, 1971). Mixel Etxekopar eta Claudine Arhantzetekin, Lurretik lurrera kantaldia prestatu zuten Quebecen, eta azken asteetan Euskal Herrian gaindi eskaintzen ari dira. Bihar ariko dira azken aldiz Gotaineko Xiru festibalean, 21:00etan. 

Zertan da mikmak herria gaur egun?

Gaur egun hobetuz doa. Gure kulturara itzultzen ari gara, gure espiritualitatera eta gure hizkuntzara. Jendeak geroz eta gehiago ikasten du, eta horren adibide da zeremonietan egiten genuen performance gisako dantza. Gazte nintzelarik, zinez zaila zen mikmaka izatea. Gure musika ere indartzen ari da orain, jende anitzek musika sortzen du, eta horrek ekartzen du du zarenaz harro izatea.

Nola bizi zineten erreserbetan duela berrogei urte? 

Lehen, diskriminazio anitz izaten zen, eta gure komunitatean egoten ginen. Gure gurasoek ez gintuzten inora eramaten, beldur zirelako. Haien gaztaroan, ezin ziren erreserbatik atera baimen berezi bat gabe; baimenik gabe erreserbatik kanpo harrapatzen bazituzten, atxilotu edo jo egiten zituzten.

«Ez naiz gure hizkuntzan mintzatu ene haurrekin. Nahi nuen segurtatu hezkuntza ona ukanen zutela; beraz, ingelesa lehentasuna zen»

Hizkuntzan oraino mintzatzen da?

Bai, egunero mintzatzen da. Zaharrenak eta gazteenak mintzatzen dira, baina bien arteko belaunaldiak, ez. Gaztea nintzelarik, denek mikmaka bazekiten. Handitu naizelarik, arroila bat sortu da. Pentsatzen dut gurasoek traumatismo bat bazutela eta beldur zirela haurrei hizkuntza irakasteko. Ene kasua izan da hori. Bizi izan nuen traumatismoarengatik, ez naiz gure hizkuntzan mintzatu ene haurrekin. Nahi nuen segurtatu hezkuntza ona ukanen zutela; beraz, ingelesa lehentasuna zen. 20 urtez pekoak kulturari interesatzen dira, beste belaunaldietakoak baino gehiago. Zinez kulturaz gehiago ikasteko nahia badute, eta horretan ari dira.

Hemen ikusi duzunagatik, iruditu zaizu mikmak kulturaren eta euskal kulturen arteko parekotasunak badirela?

Pixka bat ulertzen dut hizkuntzarekin sentitzen duzuena, zuen nortasunaren parte baita. Guk ere ikusmolde bertsua dugu, gure nortasunaren parte baita.

Darlene GIJUMINAG
Darlene Gujiuminag, apirilaren 4an, Atharratzen. J.E
Zer rol jokatzen du musikak zuen kulturan?

Nire kulturan, musikak harrotasuna ematen du, harrotasun handia. Badira geroz eta gazte gehiago gure musika eta gure hizkuntza kantatzen dituztenak. Ber denboran, hizkuntza ikasten ahal dute. Musika itzultzen ari da, eta harrotasun sentimendu bat sortzen du. Lehen aldiz mikmak kantu bat entzun nuelarik, 20 urterekin, dardara sentitu nuen.

Jotzen duzun danborrak ba ote du loturarik espiritualitatearekin?

Beti baliatua izan da zeremonietan. Urte oroz, eguzkiaren dantza deitzen dugun zeremonia egiten dugu. Danbor joleak lau egunez aritzen dira, goizetik arratsera, goizeko zazpietatik iluntzeko zazpietara. Danborra jotzen dugunean, dantzariek zeremonia egiten dute, lau norabideetara buruz dantzatuz eta lau egunez barau eginez. Sakrifizio gisakoak egiten dituzte, larrua zulatuz. Dantzatzen hasi nintzelarik, gerlariaren dantza egin nuen; besoa zulatu eta orratz bat ezarri zidaten, lau egunez atxiki nuen arrano luma batekin. Ohore afera bat da, erakusteko gerlaria zarela. Lau egunez orratz bat besoan sartua, sendatzeko otoitzak eginez. Badira 25 bat urte eguzkiaren dantza egiten dudala; ene haurrak hori ikusiz handitu dira. Ene aita eta ama eguzkiaren dantzako buruzagiak dira.

Danborra ere jotzen duzu zeremonia horietan?

Bai, eta, gainera, kantatzen dut. Eguzkiaren dantzan danborra jo eta kantatu duen lehen emaztea izan naiz. Hamasei urtez egin dut hori; gero deliberatu nuen eguzkiaren dantza nihaurek egitea eta zeremonian parte hartzea. Lehen, borroka bat zen, baina, orain, emazteak berdin tratatuak dira.

«Lau egunez orratz bat besoan sartua, sendatzeko otoitzak eginez. Badira 25 bat urte eguzkiaren dantza egiten dudala»

Gazteekin ere ari zara transmisioan?

Bai. Kultura eta espiritualitatea irakasten ditut gazteen tratamendu zentro batean. Laguntzen ditut urarekin eta lurrarekin berriz konektatzen, gure nortasunaren parte direlako: ehiztari eta arrantzaleak gara. Gazteak oihanera eramaten ditugu sendagaiak bildu eta prestatzera. Gero garbitzen ditugu; ile, izpiritu eta gorputz osoa garbitzen diegu, ezkortasuna kanporatzeko.

Gazte horiek zergatik joaten dira zuen tratamendu zentrora?

Komunitate gehienetan adikzioaren kontra borrokatzen gara. Baditugu gazteak goizik hasten direnak; batzuk 10 urtetan drogei lotuak dira. Beraz, gure zentrora jiten dira aste batzuetako programa segitzera. Alkoholarekiko eta drogekiko dependentzia da arazoa. Errituekin, espiritualitatearekin, irakasten diegu izpirituaren eta bihotzaren arteko oreka sortzen. Lehen, alkohola zen arazo handiena; orain, drogak.

Zer uste duzu ekartzen duzula Euskal Herriko kantaldietan?

Ez dakit sobera. Nire kultura ekartzen dut. Harmonia, elkarbizitza eta musika egiten dugu euskal kulturaren eta mikmak kulturaren artean. Eder da ikustea jendeek, hitzak ulertu gabe ere, sentitzen ahal baitu kantatzen dudana. Esperientzia izugarri ederra izaten ari da. Mixel [Etxekopar], Claudine [Arhantzet] eta ni egiazki berdinak gara, naturari eta musikari lotuak garelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.