'La Negresse auzian' atzera bota dute Miarritzeko Herriko Etxearen helegitea

Herriko etxeak argudiatu zuen auzoari izena eman zion erabakia ez dela existitzen. Auzitegiak ebatzi du orain arte ez dutela halakorik adierazi, eta udalak berak bere defentsan aipatu zuela delibero hura.

Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. BERRIA
Miarritzeko aireportuko biribilguneko bide seinalea, 'La Negresse' izenarekin. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko apirilaren 17a
13:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Bordeleko Administrazio Auzitegiak ez du ontzat eman La Negresse auzo izenaren auzian Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxeak jarritako helegitea. Izena arrazista dela salatu zuen Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak, eta otsail hasieran arrazoi eman zion Bordeleko Administrazio Auzitegiak. Estatu Kontseilura jotzeko asmoa iragarri zuen Maider Arostegi auzapez errepublikanoak, baina, hori egin aitzin, erabaki hari izkin egiten saiatu dira, argudiatuz auzoari izena eman zion herriko etxearen deliberoa ez dela existitzen. Auzitegiak atzera bota du eskaera.

Badu hamar urte Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak auzoaren izen arrazista salatzen duela. Bataila juridikoa 2020an abiatu zuten, 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko eskatuta. Paueko Administrazio Auzitegiak elkartearen argumentuen kontra egin zuen, baina Bordeleko Administrazio Auzitegiak besterik ebatzi du. Auzoaren izena aldatzera behartu zuen Miarritzeko Herriko Etxea. 

Orduan iritsi zen «akats materialean» oinarritutako helegitea. Herriko etxeak adierazi zuen ez dela inon ageri auzoari izena eman zion delibero hori, eta, beraz, ezinezkoa dela haren kontra egitea. «Historialariek ez dute aurkitu auzoari izena aldatzen dion deliberorik, eta are gutxiago 1861ekorik», adierazi zuen Arostegik. 

Ez du luze iraun saiakerak. Honela dio Bordeleko Auzitegiak gaur argitaratu duen ebazpenak: «Espedienteko piezetatik ondoriozta daitekeenez, parteek, bereziki Miarritzeko herriak, ez dute nehoiz auzitan jarri 1861eko urriaren 22ko deliberoaren existentzia. Administrazio Auzitegiaren epaian aipatua izan da, Miarritzeko herriak berak bere idazkietan halako deliberamendu bati buruz hitz egin du, eta ez du nehoiz aipatu deliberamendu hori existitzen ez denik». Akats materiala izatea ukatu du.

Euskal izena berreskuratzea

Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak auzitegiaren erabakia goretsi du, baieztatzen baitu Miarritzeko auzoaren izendapena «giza duintasunaren aurkako erasoa» dela. Karfa Diallo elkartearen sortzailearen iritziz, Miarritzeko Herriko Etxearen esku da afera orain. «Arostegi andereari dei egiten diote arduraz joka dezan; historia malurus honetatik atera behar dugu», adierazi du. «Bere zigorgabetasunaz hain segur den herriko etxe harro baten defentsaren hustasuna egiaztatu besterik ez du egiten Administrazio Dei Auzitegiak, sei urteko prozeduran ez baitu begiratu ere egin dokumentu administratibo hori bazen ala ez».

Diallok argi du: «Irain arrazista bat ezin da auzo baten izendapen gisa onartua izan». Argitu du elkartearen ekintza kolonizazioari buruzko pedagogia eta sentsibilizazio lan batean oinarritzen dela. «Ezin dugu utzi auzo horrek izen hori atxiki dezan. Mundua ez da miarriztarren buru gainera eroriko auzoari izena aldatzeagatik». Hala, jatorrizko euskal izena berreskura dezala eskatu du, Harausta, eta azalpen plaka bat ezarria izan dadila, sentsibilizatu eta hezteko. «Dei egiten diet izen lotsagarri hori daramaten komertzio guziei, izendapena alda dezaten. Bestela, administrazio auzitegiaren ebazpenak ezarritako legearen kontra joanen dira».

Auzitegiaren erabakia plazaratu eta gero, Miarritzeko Herriko Etxeak jakinarazi du maiatzaren 5ean bilduko dela, zer neurri hartu erabakitzeko. Erabakia hartu baino lehen, ordea, galdeketa bat abiatu du, La Negresse kalearentzat beste izen bat aukeratzeko. Hiru izen jarri ditu aukeran, eta haien artean ez dago jatorrizko euskal izena. Hauek dira herriko etxeak eskaintzen dituen hiru aukerak: Lana Gresa (buztinezko lurra, gaskoineraz), Buztinlurra eta l'Allegresse (alaitasuna). Apirilaren 28ko 12:00ak arte aukeratu ahal da izena, herriko etxean bertan, erakundearen webgunean edo posta elektronikoz.

Heriotza mehatxuak

Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak ziberjazarpena jasan du, eta heriotza mehatxuak egin dizkiote azken asteetan; Diallo ere eraso horien biktima izan da. Ezezagunen kontrako bi salaketa ezarri zituzten lehengo astean, Bordeleko auzitegian (Okzitania), oraingoz erasotzaileak ez baitira identifikatuak izan; ehunka mezu elektroniko eta dei anonimo errezibitu dituzte. Salaketarik bat elkarteak ezarri du, eta bestea, Diallok berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.