Basaizeko kideak

Kattalin Bidart eta Amaia Kastorene: «Nafarroaren Eguna urte guziko lanaren erakusleihoa da»

Igandean izanen da Nafarroaren Eguna, Baigorrin. Kattalin Bidartek eta Amaia Kastorenek esplikatu dute Euskal Herri osoko jendearekin harremanetan ezartzeko eguna dela.

Kattalin Bidart eta Amaia Kastorene Basaizea elkarteko kideak, Baigorrin, apirilaren 14an. GUILLAUME FAUVEAU
Kattalin Bidart eta Amaia Kastorene Basaizea elkarteko kideak, Baigorrin, apirilaren 14an. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baigorri
2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroaren Eguna igandean ospatuko dute, Baigorrin. Iaz gertatu zen eraso homofoboari erantzuteko pentsatu dute aurtengo lema: Kateekin ateak hauts. Kattlin Bidart (Baigorri, 1998) eta Amaia Kastorene (Baigorri, 1988) Basaizea elkarteko kide eta egunaren antolatzaileek esplikatu dute besta egunaz harago elkarlanak eta jendeen arteko harremanak trinkotu nahi dituztela, «erresistentziak» eraikitzeko. 

Urtero programa finkoa du Nafarroaren Egunak, baina aldaketa bat du aurtengo zuen egitarauak...

AMAIA KASTORENE: Urteetan herri bazkaria egin dugu zikiroarekin, baina aurten erabaki dugu aldatzea eta karrika giro bat sortzea gehiago. Bazkari bat izanen da, halere, baina heldu direnek noiznahi jaten ahalko dute, nahi bezala jartzen eta zutitzen ahalko dira, baina ez da usaiako bazkari instituzionala izanen.

Zendako egin duzue aldaketa hori?

KASTORENE: Ez zen hain ontsa martxan azken urteetan. Ikusten genuen jendeek beste zerbaiten beharra bazutela, arrakasta gero eta txikiagoa zuelako. Pentsatzen dugu jendea bereiz sentitzen zela Plaza Xoko gelan baitziren, bestatik pixka bat kanpo. Jendeek besta giroan gelditu nahi dute, gure ustez.

KATTALIN BIDART: Formula berri bat entseatzen dugu, eta ikusiko dugu publikoak nola erreakzionatzen duen.

KASTORENE: Gainera, prezioen igoerarekin bazkariaren kalitatea apaldu zen, eta kalitatea mantentzeko beste zerbait proposatu nahi genuen. Guretzat inportantea da kalitatea bermatzea.

Kateekin ateak hauts da aurtengo leloa. Zer da aldarri horren gibelean?

BIDART: Hasi ginen aurtengo leloari pentsatzen iazko erasoari erantzun bat eman nahian, plazan zintzilikatu zen LGTB bandera urratua izan baitzen. Gertaera hori pixka bat testuinguru orokorrago batean kokatu dugu, faxismoaren gorakadarekin, eta homofobia handitzen den arau, euskararen kontrako erasoak areagotzen dira, euskal kulturaren kontrako mehatxuak, arrazakeria eta matxismoa ere bai. Testuinguru horren kontra joan nahi dugu, denek elkarrekin eraso horiei aurre egiteko mezua helaraziz.

KASTORENE: Erran nahi duena da jendeen arteko harremanek, kateek paretak hautsiko dituztela arlo guzietan: euskararentzat metafora bera erabiltzen ahal da, baita beste arlo anitzetan ere. Kateek sistemarekiko erresistentzia irudikatzen dute.

«Hasi ginen aurtengo leloari pentsatzen iazko erasoari erantzun bat eman nahian, plazan zintzilikatu zen LGTB bandera urratua izan baitzen» 

KATTALIN BIDART
Aipatu duzue iazko erasoa. Protokolorik izanen duzue martxan?

BIDART: Urtero badugu protokolo bat, eta aurten ere bai. Saiatuko gara sentsibilizazio handiagoa egiten, usaian baino handiagoa.

KASTORENE: Dugun protokoloa aplikatzen segituko dugu. Eraso bakoitza kategoria desberdinetan sailkatu dugu, eta bakoitzeko arduradun bat izanen da. Formakuntza bat eginen dugu erasoak identifikatzen jakiteko, eta neurriak hartzeko araberan. Izaten ahal da hamar minutuz musika gelditzea, mezua pasaraztea bozgorailuetatik edo besta bera bertan behera uztea. Neurriak proportzionalak dira erasoaren arabera.

BIDART: Edozer gerta ere, erasoa jasan dutenentzat badugu gune seguru bat, bestatik pixka bat aparte, leku lasaiago batean, harrera egiteko eta laguntzeko. Erasoen kontrako brigadakoak identifikatuak izanen dira jaka laranja batekin, eta eraso diotena edo lekukoa noiznahi joaten ahal da ostatura laguntza galdetzera. Ostatukoak sentsibilizatuak dira gure protokoloarekin, eta jakinen dute nola erantzun.

Euskal komunitatearen besta handienetako bat da Nafarroaren Eguna. Nola kudeatzen duzue besta eredua kontsumotik harago joan dadin?

KASTORENE: Ideia batzuk defendatzen ditugu, eta komunikazioa araberako besta eredu baten inguruan egiten dugu. Pentsatzen dut nahiz eta ezjakintasuna izan gehienek badakitela Basaizeak zer egiten duen; egunean berean badira anitz afixa mezu batzuk pasarazten dituztenak. Bestan aurkezten diren musikari eta ikusgarrien bidez mezu bat pasarazi nahi dugu. Badira onartzen ez ditugun portaera batzuk, eta aurreikusia dugu holako kasuetan nola jokatu, jarrera desegokia dela esplikatzeko, edo, beharrezkoa bada, pertsona bestatik kanporatzeko.

BIDART: Euskarari dagokionez ere pentsatuak ditugu zenbait gauza. Ostatuetan, adibidez, euskararik ez dakitenek euskaraz manatu ahal izateko afixak ezarri ditugu, eta publiko hori ere bultzatu nahi dugu euskaraz mintzatzera. Ez da ahantzi behar euskararen kontrako erasoak eraso bezala hartzen ditugula gure protokoloan, eta ez dela lotsatu behar guregana jiten eraso egin bazaio pertsona bati euskaraz mintzatzeagatik, edo euskal kulturaren edo euskararen kontrako oharrak ukan badituzte. Hori ere salatzen dugu, eta erantzunak baditugu horren aitzinean.

2024ko Nafarroaren Eguna, Baigorrin (Nafarroa Beherea).
Iazko Nafarroaren Eguna, Baigorrin. BASAIZEA
Kulturaldia egin duzue apirilean, eta Kulturaldiko azken kontzertua bihar izanen da. 

KASTORENE: Basaizeak egiten duen lana barnera begira egiten du gehienik, Baigorri eta haren eskualdeko herritarrentzat kultur proposamen bat ukaiteko urte guzian. Nafarroaren Eguna urte guziko lanaren erakusleihoa da, eta jende askoz gehiago hunkitzen dugu, baina ez da urtean antolatzen dugun gauza bakarra. Kulturaldia horrekin bururatzen dugu, besta handia da, eta hor nahi dugu harremandu Euskal Herri osoarekin eta, bereziki, Nafarroarekin. Kulturaldiak balio du hilabetez ahal bezainbat ekimen kultural proposatzeko eta erakusteko aniztasun kultural bat badela Euskal Herrian.

«Ideia batzuk defendatzen ditugu, eta komunikazioa araberako besta eredu baten inguruan egiten dugu. Pentsatzen dut nahiz eta ezjakintasuna izan gehienek badakitela Basaizeak zer egiten duen» 

AMAIA KASTORENE
Basaizearen urte osoko lana aipatu duzue; Kulturalditik kanpo zer proposatzen duzue?

BIDART: Berriki, Haizebasa egiten hasi gara, hilabetean behin gaualdi kualitatibo bat proposatuz.

KASTORENE: Hilabetan behin antolatua den herriko merkatua ere Basaizeak du berpiztu; beraz, rol ekonomiko bat ere badugu herrian. Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, biziki plurala izan daiteke proposatzen duguna. Izpegiko bestak ere antolatzen ditugu, Baztango gazteekin. Badugu tresna bat, Bixentanea, eta ekipo biziki dinamiko bat; beraz, hori abiapuntutzat hartuta, burutik pasatzen zaiguna antolatzen dugu.

Hirugarren aldia izanen dute Izpegiko bestek. Hutsetik hasi zenuten. Zertan da?

BIDART: Ikusi dugu arrakasta zutela eta Izpegiko bi aldeetako jendea batzen zutela. Harremandu gara Baztango jendearekin ekimen horren inguruan, eta laguntzen gaitu urtean zehar harremana atxikitzen. Usu elkartzen gara, eta harremanak sendotzen lagundu gaitu.

KASTORENE: Iraunarazi nahi genuke, eta ondoko belaunaldiei transmititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.