Museo barneko egurjaleak errez

Baionako Euskal Museoak ateak hetsi behar izan ditu, pipia atzeman dutelako. Jacques Battesti kontserbazio arduradunak zehaztu du enpresa berezitu batek eginen duela tratamendua eta museoa martxoan irekiko dutela berriz. 100.000 euroko kostua izanen du.

(ID_17371328205595) (/EZEZAGUNA)
Euskal Museoko hilarrien gela, plastikoz tapaturik, urtarrileko irudi batean. HITZA
Xalbat Alzugaray
2025eko urtarrilaren 31
05:05
Entzun

Calymmaderus solidus. Izen hori du Baionako Euskal Museoan iazko ekainean aurkitu zuten pipiak, eta urtarrilaren 6an hetsi behar izan zuten. Martxoan ireki nahi dute berriz. Europan «mendeetan ezaguna» den intsektua dela zehaztu du Jacques Battesti museoko kontserbazio arduradunak. Euskal Herrian, duela urte batzuk agertu zen pipi mota hori, eta orain guti arte Espainian eta Italian ezaguna zen intsektu hori bertzeak baino «azkarragoa» dela erran du arduradunak. Museoko bigarren estaiko zurerian hasi zen zabaltzen, eta, zabalpena handituz joan den heinean, museoko bilduma eta pieza batzuk kutsatu ditu. Battestiren ustez, pipiaren hedapena «aski handia» da, pipi bakarrak «ehun» arroltze ere errun baititzake zurezko piezetan.

Pipiak lau garapen fase izaten ditu. Izan ere, bi astez arroltze izan ondotik, har bilakatzen da. Zortzi eta 36 aste artean, ninfa da. Azkenik, heldua izatera heltzen da, eta zureriatik kanpora doa, hegaldaka. Kontserbazio arduradunaren hitzetan, pipiek, hegaldatzen direlarik, ernaietan marka uzten dute, eta horiek dira ikusten diren zulo ttipiak.

Ondorioz, Battestik zehaztu du lehenik eraikinak tratatuko dituztela eta ondotik museoko obrak tratatuak izanen direla. Esplikatu duenez, Thermo Lignum Austriako enpresak tratatuko du Baionako Euskal Museoa, horretan berezitua baita. Europa osoko museoetan tratamenduak egiten ibiltzen da enpresa, eta eraikin horretan intsektizida bat hedatuko dute. Obrentzat eta bildumentzat, berriz, desinfekzio enpresak berotzearen bidez eginen du tratamendua, bestelako teknika bat beharrezkoa baitute.

Tratamendu mota

Thermo Lignum enpresaren arabera, museoan emanen duten tratamenduaren helburua berotasunaren bidez pipia hiltzea izanen da. Segurtatu duenez, intsektu guziak 48 eta 55 gradu artean hilko lirateke. Esku hartzea antolatzeko tenorean, kutsaturiko obrak eta bildumak ganbara moduko batean sartuko dituzte pipien hiltze tenperaturara heldu arte. Enpresak dio protokolo «zehatza» izanen dela, eta «biziki garrantzitsua» izanen dela hezetasuna kontrolatzea ganbara berotzen den denboran. «Helburua eta prozesuaren gakoa da aire beroa eta hezetasuna ongi kudeatzea. Hain zuzen, tratamendua ongi iragan dadin, 49 eta 57 graduren artean egon behar du ganbarak».

«Obrak eta bildumak 45 gradutan emanez, intsektuak oren batez hilak izanen dira, baita larbak eta arroltzeak ere»

JACQUES BATTESTIBaionako Euskal Museoko kontserbazio arduraduna

Pipia erreko litzateke, baina ganbaran sartutako obrak, ez. Enpresak tratamenduaren hainbat «abantaila» xehatu ditu. Batetik, tratamendua ez da toxikoa gizakientzat. Bertzetik, tratamenduak pipia den egoeran dela hiltzen du; museoari dagokionez, beraz, pipia fase guzietan egonik ere, tratamenduak denak hilen ditu. Azkenik, tratamendua fite eginen dela aditzera eman dute. Battestik baieztatu duenez, tratamendua eraginkorra izanen da. «Obrak eta bildumak 45 gradutan emanez, intsektuak oren batez hilak izanen dira, baita larbak eta arroltzeak ere».

Hiru alditan iraganen da intsektuen kentzeko prozesua: lehen hilabetean, gunea eta obrak prestatuko dituzte esku hartzerako; bigarrenean, gelak eta bildumak tratatuko dituzte; eta hirugarrenean, dena garbitu eta berrezarriko dute. Euskal Museoak aitzinetik ikusi du tratamendua orotara 100.000 euro kostatuko zaiola.

Garbiketa orokor baten ondotik, aurreikusi dute Baionako museoa martxoaren 24an berriz irekitzea. Eraikina «sanotua» izan dadin, tratamenduaren prozesua ontsa egin nahi luke Battestik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.