Mugerre eta Lehuntze arteko pleita gunea, hastapenetik, ehun hektareako eremuan egitea pentsatua zen. 1988an marraztu zuten eremua mapa batean, baina egun arte 88 hektarea dira baliatuak izan. Hezegunea denez, lurkatu zituzten gaur egun baliatuak diren lurrak, eta hala egin beharko litzateke oraino baliatua ez den eremuaren parte batekin ere, bost hektarea jadanik lurkatuak baitira, enpresa berrientzat baliagarri izan daitezen. CADE eta Bizi ingurumenaren babes taldeak, besteak beste, Euskal Hirigune Elkargoak bultzatzen duen moldaketa horren kontra altxatu dira. Haien arabera, hamabi hektareako hezegunea 58 bat espezieren babesleku da, eta baita Lehuntzeko uholdeak saihesteko gune garrantzitsua ere.
Are gehiago, bi elkarteak ohartu dira SAGE Ur Kudeaketaren Antolaketa Eskemaren arabera, eremu hori lehentasunezko hezegune gisa sailkatua dela, eta horren ondorioz legez kanpokoa dela edozein antolaketa lan. Ez dute baztertzen auzitara jotzea. Goiz honetan prentsaurrekoa eginen dute bi elkarteek horri buruz.
Nolanahi ere, iragan urtarrilaren 30ean, Roland Hirigoien Mugerreko auzapezak eremu berria egokitzeko baimena izenpetu zuen. Baina ehun hektareako eremu osoaren legezko antolaketa baimenak —uraren legearen inguruko baimena eta prefeturako erabakia— 2000tik eta 2001etik emanak izan ziren. Lehenik, Mugerren pleita gunea egin zen; gero, Lehuntzeko partean aktibitate zabalagoen zona; eta «orain abiatuko da hirugarren partea», Alain Iriart Elkargoko ordezkari gisa pleita gunearen ardura duen hautetsiaren arabera. Aspalditik abiatu planaren segida da, funtsean.
Aktibitate gehiago
Pleita gunean burdinbideko merkantzien garraioan ari diren bi operadorek aktibitatea handitu nahi lukete: Ambrogio eta Novatrans enpresek. Sektore bereko Brittany Ferries ere eremu berrian plantatzekoa litzateke, Irlandaren eta Espainiako Estatuaren arteko merkantzia burdinbidetik garraiatzeko. Kamioiak trenetan ekarriko lituzkete Cherbourgetik (Frantzia), eta bidea hartuko lukete Mugerretik goiti. «Inportanteena da bideetan zena trenetan ezarria izan dadin, nahiz eta Brittany Ferriesen kasuan Cherbourg eta Mugerre artean baizik ez izan», Iriarten ustez.
Beste enpresa batek 3,3 hektarea okupatuko lituzke eremu berrian: AEBetako Enovisek —berriki arte DJO izena zuen—, medikuntzako materiala egiteko lantoki zabalagoa eraikitzeko. Enpresa hori Lehuntzeko lurretan da oraingoz, eta «garatzen ari da, baina ezin du handitu orain den lurretan, jadanik berrehun langile dituen gunean», zehaztu du Iriartek. CADE elkarteak egin dituen salaketen artean zen Enovisek ez duela «zerikusirik pleita gunearen hastapeneko xedearekin», Martine Bouchet CADEko kidearen erranetan, ez da trenbideari lotua; alta, prefetak hezegunea aktibitate ekonomikora moldatzeko eman baimena baldintzatua da trenbideko garraioarekin lotura ukaitera, «interes publiko gorenaren» izenean.
Protestak
CADE eta Bizi mugimendua, beraz, pleita gunearen ondoko hezegune naturalaren defentsan ari dira. Otsailaren 8an, Bizik ohikoa zaion agerraldi ikusgarri batean salatu zuen hamabi hektareako hezegunea aktibitate ekonomikoetara egokitzeko egin behar litzatekeen lurkatze lana; mugimenduko hamar bat kidek hiru metro kubiko lur eraman zituzten Mugerreko herriko etxe aitzinera, bi kamioitan, hezegunea moldatzeko beharko liratekeen 160.000 eta 180.000 metro kubikoak irudikatzeko, eta Mugerreko auzapezari «gibel egitea» galdetzeko. Gaelle Vincens Biziko bozeramailearentzat, zentzugabea da hezegunea lurkatzea: «Nehondik ere ezin da utzi Mugerreko Herriko Etxea baimentzen 14.000 kamioi hezeguneetako hamabi hektarea hauek artifizializatzen. Hezeguneok suntsitzeak gure klima segurtasun sareak ahultzen ditu, eta arriskuan ezartzen gaitu», trenkatu du. Bouchetek gehitu du «harrigarria» dela eremu hori SAGEn arabera lehentasunezko hezegune dela ez kontuan hartu izana.
«Nehondik ere ezin da utzi Mugerreko Herriko Etxea baimentzen 14.000 kamioi hezeguneetako hamabi hektarea hauek artifizializatzen. Hezeguneok suntsitzeak gure klima segurtasun sareak ahultzen ditu, eta arriskuan ezartzen gaitu».
GAELLE VINCENS Bizi mugimenduko kidea
CADE elkarteak herritarrei informaziorik eman ez izana salatu du. Kontsulta «elektroniko» bat egin da, aldiz, eta elkarteko kide Bouchetek Interneten bildu ditu proiektua zehazten duten zenbait informazio: «Ohartzen gara lurkatze berri horiekin uholdeak hamar zentimetro igoko direla Lehuntzen, Aturriko urak gainditzen baldin badira».
Uholdeei buruz, Iriarten erranak arrunt bestelakoak dira, pleita guneko lehen eremuen moldaketa lanetan ur atxikitzea ziurtatu zelakoan: «Gaur egun 183.000 metro kubikoko uraskak badira; besteak beste, pleita guneko bigarren obretan egin ziren lanei esker. Lehenago, hezegune berrietako auzoan uholdeak baziren; geroztik ez dira gehiago izan», erran du. Iriartek gehitu du arauak betetzeko oraino 17.000 metro kubiko ur atxikitzeko lanak egin beharko dituztela. «Zentzu oneko betebeharrak dira, eta errespetatuko ditugu».
Protestak egiteaz gain, ingurumenaren defentsa elkarteek proposamenak ere egin dituzte. Enovis enpresa hezegune naturalak hunki gabe planta dadin, adibidez, alfer utzia den hurbileko industriagune bat proposatu du CADEk, gatz meatze ohietan, pleita gunetik hurbil. Biziko kide Vincensen ustez, egoera oraino «ulergaitzagoa da beste aterabideak badirelarik egitura horiek plantan emateko lurraldea babestuz».
«Gaur egun 183.000 metro kubikoko uraskak badira; besteak beste, pleita guneko bigarren obretan egin ziren lanei esker. Lehenago, hezegune berrietako auzoan uholdeak baziren; geroztik ez dira gehiago izan».ALAIN IRIART Pleita guneko hautetsi arduraduna
Iriartek argitu du elkargoak ahalak ezarri dituela industriagune hori erosi eta kutsadura arazoak konpondu ondotik «aktibitate ekonomiko bat segurtatzeko hor ere», baina dio xedea ez doala «tempo onean».
Kontsulta publikoa
Lehuntzek, balizko uholdeen gorakada jasateaz gain, bide berri bat ere ukanen luke bere lurretan. Hala agertu zen hezegune moldaketarekin bortxaz egin beharreko publikoaren kontsulta digitalean, hainbat txosten tekniko zabaldu zirelako abenduaren lehenetik urtarrilaren 2ra iraun zuen epean, Interneten. Herriko etxean aho batez adostu ekarpena egin zion Lehuntzek publikoaren kontsulta digitalari, bide hori egiteko «nehork galdetu ez dion baimena ez duela ematen zehazteko», Bouchetek dioenez. Publikoaren kontsulta luzatzea ere galdetu zion Lehuntzek Mugerreko herriari, baina legeak behartu epea bukatzean itxi zen ekarpenak egiteko parada.
Publikoaren parte hartzea bermatzen zuen kontsulta digitala itxi zelarik urtarrilaren 2an, ekarpenak oro saretik kenduak izan ziren. Ramdam agerkari digitalak zenbatu zituen ekarpenak: 70 orotara. Horietarik anitz Lehuntzeko herritarrek eginak dira, eta hiru soilik ziren proiektuaren aldekoak.
Zifrak
58Espezie babestu. CADE elkartearen arabera, pleita gunea handitzeko xedeak hunkitzen duen hezegunean, 58 espezie babestu zenbatu dira. Gainera, eremu horretan saldu nahi ez duen jabe baten etxea ere bada.
16,6milioi euro. Enovis enpresak Mugerren dituen berrehun langileekin duen aktibitatea garatu dezan, Elkargoak eta pleita guneko kudeatzaileak 16,6 milioi euroko eraikin bat egin nahi lukete 3,3 hektareako eremuan.
12hektarea. Pleita gunea handitzeko xedeak hamabi hektarea hezegune lurkatzea ekarriko luke. Aitzin-inkestaren arabera, eremu hori eraikuntzarako moldatzeko, 180.000 bat metro kubiko lur beharrezkoak izanen dira.