Mugarik Gabe festibala: elkartasuna eta salaketa

Asteartean hasi zen festibala, Baionan, eta urriaren 5ean bukatuko da, Uztaritzen. Etorkinen hainbat errealitate izanen dituzte hizpide.

Mugarik Gabe festibalaren estreina
Mugarik Gabe festibalaren estreina, Baionako Atalanten, iragan asteartean. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2024ko irailaren 27a
05:25
Entzun

Mugarik Gabe festibal sortu berriaren helburuak Etorkinekin Diakite federazioarenak dira, bera baita antolatzailea: «Lagundu eta salatu». Asteartean estreinatu zuten festibala, L’histoire de Souleymane (Souleymanen historia) filmarekin, eta mukuru betea zen Baionako Atalante zinema gela. Han zen Boris Lojkine zuzendaria. Jaialdia urriaren 5ean bukatuko da, Uztaritzen, hitzaldi eta mahai inguru batzuekin. Anartean, beste hiru saio izanen dira: film proiekzio bat, bisita gidatu bat eta mahai inguru bat.

Etorkinen hainbat errealitatetatik abiatuz, elkartasun mugimenduak aipatuz eta bestari lekua ematea ahantzi gabe, Mugarik Gabe festibalaren xedeak federazioaren lanari ikusgaitasuna ematea eta militante gehiago biltzea dira, besteak beste. Testuinguruari loturik, gainera, helburu gehiago dituztela zehaztu du Amaia Fontan Etorkinekin federazioko kideak: «Beste helburu bat aterpeak atzematea da, errekonozituak ez diren adingabekoentzat. Departamenduaren sailkapenaren arabera erabakitzen da migratzaileak adin txikikoak diren ala ez. Errekonozituak ez direlarik, karrikan dira, eta guk biltzen ditugu gazte horiek; horientzat behar ditugu familiak».

Testuinguru gogorra

Hitzaldi, mahai inguru, film proiekzio eta eztabaidetan, mugetan jokatzen diren errealitateak aletuko dituzte. Europan eta Frantziako Estatuan etorkinen «egoera geroz eta larriagoa» dela ikusten dute elkartasun taldeek. Frantzian eskuin muturrak izaniko gorakadak «gobernu berria eskuin muturreko ideiekin osatua» izatera eraman du, Fontanen erranetan, eta, ondorioz, «migratzailea bilakatzen da gaitz guztien hobenduna», haren analisiaren arabera. Europari so, berriz, duela hilabete batzuk adostu ituna salatu du Fontanek: «Etorkinak zerraturik atxikiak izanen dira ondoko herrietan Europan sartu aitzin, eta hor sailkatuko dituzte. Asiloa ukaiten ez dutenak kanporatuak izanen dira». Horri gehiturik, etorkinak laguntzen dituztenen kontrako «jazarpen polizial eta judizialak» panorama iluntzen du, haren arabera. 

Mugarik Gabe festibalaren estreina Boris Lojkinekin
Mugarik Gabe festibalaren estreina, Boris Lojkine film zuzendariarekin, iragan asteartean, Baionan. PATXI BELTZAIZ

Festibaleko ekitaldietan egoera zehatzak ezagutaraziko dituzte: bihar, Larzabaleko Ezpeletenean, 19:00etan, Herrialde Katalanetako muga zeharkatzen dutenak hizpide dituen Frontiere 66 (66 muga) dokumentala erakutsiko dute, eta Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia arteko muga aipatuko dute geroko eztabaidan. Urriaren 3an, Donapaleuko Bideak gelan, Nigeriako Saharako egoera eta Mediterraneoko hilak aipatzeko mahai ingurua eginen dute, 19:00etatik goiti. 

Elkartasuna erdigunean

Etorkinekiko elkartasuna garatzea gero eta zailagoa zaie laguntza elkarteei. «Bereziki, Frantzia eta Italiako mugan eta Frantzia iparraldean militanteen kontrako erasoak» sufritzen dituztela azpimarratu du Fontanek. Euskal Herrian gertatzen badira ere, panorama bestelakoa dela uste du Ipar Euskal Herrian: «Baionako Pausa harrera zentroa laguntzeko, adibidez, kudeaketarentzat urtero behar den milioi bat euroko aitzinkontua emateko, Euskal Hirigune Elkargoan bada adostasun bat».

Festibalaren egun nagusia urriaren 5ekoa izanen da, Uztaritzeko herriko hainbat gunetan. Egun horretako saio inportanteak mahai inguruak izanen dira, eta horietan, Ipar eta Hego Euskal Herriko eragileen artekoa: Harrera egin eta salatu, edo nola antolatu sostengu herritarra eta ekintza publikoa Euskal Herrian. Mahai inguruan izanen dira Bilboko harrera sarea, Bizkaiko Arteako Kolektiboa eta Etorkinekin Diakite federazioa. 

Festibalean, federazioak berak dituen bi xedeak betetzeko helburua argitu du Fontanek: harrera ahal bezain ona ematea eta horrekin batean salaketa lana egitea. «Lan ardatz nagusiak bi horiek dira, eta ezin dira bereizi. Beraz, festibalean hori nahi dugu erakutsi hemengo eta kanpoko aktore batzuekin gogoetak eramanez». Egitarau zehatza Ezkermila.eus webgunean atzeman daiteke.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.