«Gu herrialde estuan sortu ginen / arbasoek aberri mendrez utzi ziguten». Ruper Ordorikaren hitzak oroituz solasaldia bukatu, eta mugaren zein Euskal Herriaren egoera Izen zaharrak kantuaren bidez deskribatu du Elena Kasiriain Iturririak (Ortzaize, 1995). Euskal Herriko biztanle bakoitzak mugaren orotariko definizioak eta bizipenak izanik ere, Antropologiako doktoregaia Euskal Herrian dagoen muga politiko-administratiboaren eraginak, diskurtsoak eta praktikak aztertzen ari da bere tesian.
Mugaren zer alderdi ari zara aztertzen tesian?
Bi estatuen arteko muga erreferentziatzat harturik, gaur egun euskaldun gisa mugatik hurbil bizitzeak zer erran nahi duen nahi dut jakin. Mugako bizipenak, diskurtsoak eta, ondorioz, praktikak zein diren ari naiz aztertzen.
Nola deskribatuko zenuke muga? Zer definizio ematen diozu?
Lehenik, muga eraikuntza soziala dela erran behar da. Estatuen arteko muga eraikia da, eta hori aztertzen dut nik. Bestalde, geografoek hurbilekoen arteko distantzia markatzailetzat jotzen dute muga. Aski maite dut definizio hori, ahalbidetzen baitu muga mota desberdinak jorratzea.
Mugaren aipatzera joaten zarelarik jendearengana, iraganeko gauza balitz bezala ikusten dute?
Hortik bada. Argiki anitz-anitz entzun dut muga garai bateko zerbait dela eta ez dela gehiago mugarik. Mugarik nahi ez dutenek, aldiz, anitzetan onartzen dute muga bat badela. Gero, ene ustez, tentsio leku delarik erratean, denborarekiko biziki harreman berezia du mugak. Aldi berean, lehen zituen formak ahanzten ditugu, eta sekula ez dugu ahanzten hor dagoela. Erran nahi du gure iruditerian marra bat dela muga, eta naturalizatzen dugula muga mapa batean kokatzen dela, eta, ondorioz, badakigula zentimetro bakoitza zer estaturena den.
Alta, mugak forma desberdinak har ditzake.
Bai, beste forma batzuk izan ditu mugak. Adibidez, Erdi Aroan eremu gisa ikusiak ziren mugak. Azken finean, denboraren poderioz mugaren presentzia naturalizatzen da. Gainera, ikerlari anitzek erakusten dute biziki zaila dela muga fisiko bat desagertzean hor ez balitz bezala bizitzea. Alemanian, adibidez, Gerla Hotza garaian Berlinen muga bat bazen ekialdearen eta mendebaldearen artean, eta kendu zuten, baina gaur egun oraino muga horrek eragina du praktika sozialetan, baita jendearen buruan ere, belaunaldiz belaunaldi transmititzen baitira mugari loturiko bizipenak eta traumak.
Euskal Herrian, jendearen eguneroko bizitzan zer eragin ditu mugak?
Mugak estatuen presentzia erakusten du. Estatuak ez dira desagertuak eta, ondorioz, mugak ez dira desagertuko. Arlo juridikoan du eraginik handiena gaur egun. Zuzenbide sistema lurralde bati lotzen da; hots, estatu bati edo lurralde jakin bati. Bizipenak bildu ditudalarik, anitz aipatzen dira mugaz gaindiko langileek dituzten arazoak, zergak pagatzeko edo mugaz gaindiko langile estatutua lortzeko zailtasunak dituztelako. Gehi nezake mugaren inguruko bizipenak biziki desberdinak direla elkarrizketatuen arabera. Gainera, nahiz eta guk Euskal Herrian muga marra gisa definitzen dugun, ikerlariek erraten dute mugak itxuraz aldatu direla eta orain puntu batzuk direla. Adibidez, Bordelera joan zaitezke eta aduanaren kontrola izan. Aireportu batean noiznahi izan daitezke kontrolak. Ez dugu batere mugaren ikuspuntu hori oraino, ez dugu barneratua muga puntu izan daitekeela.
«Mugaz gaindikoan argi bat ezarri da, eta horrek erakusten du eraikuntza soziala dela mugaz gaindikoa»
Azkenaldian hedatzen ari diren mugaz gaindiko proiektuek ez ote dute berresten mugaren presentzia?
Bai, errotik ados naiz horrekin. Hitzak berak aipatzen du mugaz gaindikoa dela eta, ondorioz, muga onartzen dela. Muga baliabide leku bat izan da, eta mugaz gaindiko mundua zein Europako diru laguntzak hala dira gaur egun, klarki. Biztanle batzuek, berriz, erraten dute mugaz gaindikoa betidanik egin dutela, eta jende horrek anitzetan ez du aipatzen mugaz gaindikoa terminoa, ezta muga hitza ere. Mugaz gaindikoan argi bat ezarri da, eta horrek erakusten du eraikuntza soziala dela mugaz gaindikoa.
Europako hautu politikoen arabera bideratzen da mugaz gaindikoa?
Bai, hautu politikoek eragiten dute. Zehaztu behar da mugaz gaindiko politikak batzuentzat baizik ez direla. Errate baterako, Euskal Herrian harrigarria da nola egun berean mugaz gaindiko topaketa bat eta etorkinen atxiloketa bat izan daitezkeen.
Kontraerran handia da.
Alimalekoa! Enetzat, muga pasabidea da, eta hori aspalditik errana izan da. Muga diskriminatzailea baldin bada —hots, hautatzen bada nor utzi pasatzen eta nor ez—, mugak erakusten du demokrazian arazo larri bat dugula. Sozialki ere, mundializazioaren eraginez hurbildu gara munduaren beste puntan dagoen jendearekin, baina, aldi berean, auzoa ez dugu jasaten ahal, ez baita gu bezalakoa, eta, ondorioz, biziki mugatuak bizi gara. Guhauren mugak biziki azkarrak dira. Mugaren gaia ez da bakarrik bi estatuen arteko marra batean oinarritzen: orokorrean, mugak eraikitzeko dugun gaitasunean eta horiek hausteko ditugun zailtasunetan da afera.
Euskaraz mintzatzean muga berresten dituen terminoak erabiltzen ditugu. Iparraldea eta Hegoaldea terminoak ere ez direa hala?
Biziki zaila da termino horiek gainditzea, hitz horiek estruktura batzuk direlako eta batzuetan laguntzen gaituztelako gauzak esplikatzen. Irrigarria da, ene aita-amen belaunaldiak ez baitzituen hitz horiek erabiltzen. Euskal Herriaren mapari so egiten badiogu, gainera, ez gara arras iparraldean, baizik eta ekialdean: Donostia Garazi baino iparralderago da. Horrek erakusten du zenbateraino ez dugun mugaren bestaldeko errealitatea eta geografia ezagutzen. Ez duzu erraten ahal Hegoaldera zoazela baldin Otsagabira [Nafarroa] edo Bermeora [Bizkaia] bazoaz; ez dute deus ikustekorik.