Segur dira Kanboko Marieneko lurretan Bouygues promotoreak duen etxebizitza proiektuaren kontrako borroka irabaziko dutela. Baina biharko antolatu duten «borroka» egunak, preseski, helburu du erakustea kolektiboak zertara bideratuko diren proiektuak aitzina segituz gero: okupaziora, besteak beste. Batere ñabardurarik gabe mintzatu da ELB Gazte taldeko Bruno Junquet baratzezain kanboarra: «Irabazten ahal da eta irabaziko dugu; ez dugu laxatuko, hori segur da». Biharko eguna balizko okupazio baten prestaketa gisa iragarri du, gainera: «Tailer batzuk eginen ditugu okupazioa antolatzeko publikoki».
Ikusi gehiago
ELB Gazte taldearekin, antolatzaileetan dira CADE, ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta Ostia sarea ere. Biharko deialdian, «hamabi ordu Marieneko borroka elkarrekin irabazteko» erranaldia irakur daiteke; borroka luze bat oroitarazteko mahai ingurua izanen da, eta segidarako pistak aipatzeko zenbait eztabaida eta tailer prestatu dituzte, Marieneren defentsan aritzeko urrats jakinak aipatzeko.
Indar harreman betean
Borroka luzea izanagatik, azken aste eta hilabeteetan intentsitate handikoa izan da Marieneko xedearen kontrakoentzat. Bouygues taldearen egoitzan Marieneko proiektuaren maketaren gainera lurra botatzeagatik, Ostia sareko lau kide auzipetuak eta isunekin zigortuak izan dira berriki: bakoitzarentzat 500 euroko isuna gibelapenarekin, eta, lauren artean pagatzeko, 5.900 euroko kalte ordainak eta 800 euroko abokatu gastuak. DNA eta hatz markak egitea ukatzeagatik, berriz, zurituak atera ziren maiatzaren 14ko epaian. «Kapitalismoa zalantzan jartzen duen herri iniziatiba orok jasaten ditu errepresioa eta difamazioa», laburbildu du Hartzea Lopez Ostiako kideak.
«Marienea hiriaren kanpoan da, eta hiriaren handitzea ekarriko luke; beraz, sinbolo inportantea da».
BRUNO JUNQUETELB Gazteko kidea
Apirilaren 10eko Kanboko herriko kontseilu zalapartatsuan proiektuaren kontrakoak sartu, eta bukaeran Christian Deveze Kanboko auzapeza erori izanak ere oihartzun handia izan du; mediatikoa eta politikoa. Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Errobi lurraldeko ordezkaritza kendu zion maiatzaren 15ean Peio Etxelekuri, sei auzapezek igorri gutunaren ondorioz. Kanboko auzapeza bera gutunaren sinatzaileetan zen, baina ez die Hitza-ren galderei erantzun nahi izan; halere, zenbait iturriren arabera, Etxegarairen deliberoa zuzenki lotua litzateke Etxelekuk apirilaren 10eko manifestariak irmoki ez kondenatu izanarekin. Gertakarien ondotik, Etxelekuk adierazi zuen Kontseiluan agitua ezin zela ulertu «Marieneko dosierraren mamia aipatu gabe».
«Ikusi genuen lekuko hautetsi batzuek, elkargoko lehendakaria barne, errekuperazio saiakerak egiten zituztela Frantziaren batasuna defendatzeko eta herritarren gogoen kontra egiteko», adierazi du Lopez Ostiako kideak. «Arrakasta eta duintasun txikiko maniobrak dira, Peio Etxelekuri egin dioten zangotraba lekuko».
Sinbolo azkarra
Marieneko lurren izendapen aldaketak sortu zituen lehen arrangurak 2009. urtekoak dira, eta 2020ko urrian Bouyguesek eraikitze baimenaren eskaera egin zuen. Urte horietan guztietan, Marienea lurren inguruko espekulazioa borrokatzen dutenen sinbolo bilakatua bada ere, Junquetek argitu du «gatazka guztientzat lan hori» egiten dutela. Halere, sinbolo azkarra denik ez du ukatzen ELB Gazte taldeko kideak: «Behar ditugu lur horiek ere defendatu, lur leunak direlako; gainera, hiriaren kanpoan da, eta hiriaren handitzea ekarriko luke. Beraz, sinbolo inportantea da». Berdin pentsatzen du Lopezek: «Ipar Euskal Herrian bizi dugun lurraren eta etxebizitzaren egoera dorpearen adibide da».
«Hautetsi batzuen partetik errekuperazio saiakerak ikusi genituen, Elkargoko lehendakariarena barne». HARTZEA LOPEZOstia sareko kidea
Laborantzaren panorama ikusirik, «lurrak galtzea bertze problema bat» dela erran du Junquetek, jakina baita laborarien erdiak erretretara joatekoak direla. Kanboko eta inguruko herrietako panoramaz arrunt deskripzio ezkorra egin du laborariak: «Badira laborari gazteak lurrak xerkatzen dituztenak, eta ez dituzte atzematen. Baratzezaintzan bai, baina hazkuntzan behar dira lur gehiago, eta oraino zailago da atzematea etxalde bat hutsa edo lur baliagarri bat».
Tailerrak borrokarako
Bihar gogoetarekin hasiko dute eguna, Kanboko Bernadette Jougleux merkatu estalian, 11:00etan hasiko den mahai inguruarekin, Marieneko proiektuarekin zertan diren eta «nola irabazi» aipatzeko. Bazkaritik landa, 15:00etan, tailer desberdinetan bereiziko dira: herri laborantzaz eta laborantza iraunkorraz ariko dira batzuk, mobilizazio sozialetan eta ekologikoetan zer eskubide diren ikusiko dute besteek, eta beste talde bat «borrokaren segida nola antolatu» hausnartzen ariko da. Eskulanak eta haurrentzako tailerrak ere izanen dira.
Lopezek argitu du Ostiaren ekarpena «okupazioa eta ekintza zuzena» direla talde desberdinen koordinazioan. Baina, gehitu duenez, «ekimen soil horiek ez dira aski, taktiken arteko konbinazioak emaitza baikorrak» ekarriko baititu, haren ustez.
Kronologia
- 2009: Marieneko laborantzarako lurrak 1AU izendaturik, epe laburrean eraikiak izan zitezkeen.
2014: Kanboko hirigintza planaren (PLU) berrikusketa orokorra abiatu zen, Vincent Bru auzapez zelarik.
2015: prefetak aldaketak finkatutzat jo zituen, aitzinetik Nahi Dugun Herria (NDH) oposizio taldeak salaketak eginik ere.
2018: Kanboko kontseiluak hirigintza plana onartu zuen, NDHren kontrako bozekin eta, besteak beste, gehiengoan zen Peio Etxelekuren abstentzioarekin.
2019: Euskal Hirigune Elkargoak hirigintza plana baieztatu ondotik, protestak izan ziren Baionan, otsailean. Martxoan errekurtso zenbait egin ziren.
2020: Bouygues promotoreak eraikitze-baimen eskaera egin zuen urrian. 2021eko ekainean, herriko etxeak eskaera onartu zuen; errekurtso zenbait egin ziren gero.
2021: azaroan, Ostia sarearen lehen bilkura Kanbon. Abenduan, manifestazioa hirurehun pertsonarekin.
2022: apirilean, manifestazioa, 1.200 pertsonarekin. Ekainean, Paueko Auzitegian hirigintza planarekiko errekurtsoa galdua. Urrian, Marienearen okupazioa bi egunez. Abenduan, ekintza Bouyguesen bulegoan, lurra botaz proiektuaren maketara.
2024: martxoan Ostiako lau kideren auzia; deliberoa, maiatzaren 14an: isunak. Apirilaren 10ean, laborariek antolaturik, laurogei bat pertsona sartu ziren Kanboko kontseiluan, eta hedexuri, oposizio eta hautetsien arteko bultzadetan, Christian Deveze auzapeza erori eta arinki zauritu zen.