«Serios edo irriz?», galdegin dio Iban Larreburu Zetak taldeko bateria jotzaileak (Urruña, 1983) argazkilariari, hortzak tinko eta bi eskuak belaunetan jarririk. «Denetarik eginen dugu», erantzun dio argazkilariak. «Objektibora behatu, otoi», agindu dio argazkilariak, eta Larrebururen Senpereko estudioan hasi da argazki saioa, urtarrileko goiz hotz batez. Bateriaren aitzinean, gibelean eta zutik, bisai alaiak eta seriosak txandakatuz ibili da bateria jotzailea. Argazki tresnaren hotsen artean, Zetak-en Mitoaroa ikuskizunetik «berriki» bizkortu dela erran du Larreburuk.
Noiz hasi zinen bateria jotzen?
Gazte-gazterik, nire aita musikaria zelako. Musika nahiko berezia entzuten genuen etxean; jazz fusion estiloko musikak aditzen genituela oroitzen naiz. Baterian 11 urterekin hasi nintzen, klaseak hartuz. Lizeora iristean, 15 edo 16 urterekin Otsoak taldean hasi nintzen jotzen. Orduan ohartu nintzen oholtza gainera igotzea, taldekideekin errepertorioak osatzea eta musika jotzea asko gustatzen zitzaidala. Hori maite nuela sentitu nuen. Urte batzuk berantago Bordelera joan nintzen ikasketen egitera Fisika eta Elektronikan. Han ezagutu nuen irakasle bat, eta harekin hasi nintzen musika serioski lantzen. 2005etik, musikari osoki eskaintzen diot nire denbora.
Zetak taldean zabiltza. Euskal Herritik kanpoko talde batzuekin ibili zinen Zetak-ekin aritu baino lehen. Zer ekarri dizute talde horiek?
Kanpoko jendearekin, hots, ezagutzen ez dugun kultura bateko jendearekin zehaztasuna lantzen ikasi nuen. Jendeak ezagutuz fintzen duzu zure estiloa. Kubako musikariekin jo nuen, eta, nahiz eta nire estudioan partiturak lantzen nituen, oholtzara ailegatzen nintzelarik kubatarrek erraten zidaten ez zela arras haiek egiten zutenaren parekoa. Paperean landu arren, haiek zerbait gehiago fintzen laguntzen zidaten. Horrelako harremanek anitz lagundu naute.
Estilo desberdinetan aritzeko parada ireki dizu kanpoan jotzeak?
Bai, hala da. Denetarik jotzea maite dut. Interesatzen zait, eta kuriositate nahikoa dut. Baina denetan espezializatua izateko bost bizitza behar dituzu.
Hona etorri, eta Zetak-ekin hasi zinen 2019an.
Euskal Herrian ikusten ari nintzen zerbait aldatzen ari zela musikaren arloan. Bateriaren arloan gauzak aldatzen ari ziren. Bateria akustikoa musika elektronikoarekin nahasten hasi zen. Bateria jotzaile batzuk ikusi nituen hori egiten, eta neure buruari erran nion hori egin behar nuela. Garaian jotzen ari nintzen taldeetan ez nuen ikusten hori egin nezakeela. Beharbada, jendea ez zelako oraino prest musika estilo hori entzuteko edo nihaur ez nintzelako prest egiteko. Aukera ez nuen argi ikusten, behintzat. Pellorekin [Reparaz] elkartzean, Zetak-en musika entzunarazi zidan, eta bateria akustikoa musika elektronikoarekin nahasteko parada eskaini.
«Pello Reparazekin elkartzean, Zetak-en musika entzunarazi zidan, eta bateria akustikoa musika elektronikoarekin nahasteko parada eskaini»
Zetak-en Mitoaroak ikuskizunean parte hartu zenuen urtarrilaren 5 eta 6an, Iruñean.
Bai. Erranen nuke Mitoaroa lantzen hasi ginela Aaztiyen diskoarekin. Duela bi urte, Pello hasi zen mitologiaren inguruko azterketa bat egiten, informazioa hartuz eta jendearekin anitz hitz eginez. Sakanako herrietako jendearekin egon zen, eta elkarrizketatu zituen. Pellok mitologiaren munduan sartu gintuen. Bestalde, jotzen dudanean, proiektuari zentzua eman behar diot, eta ulertu behar dut. Aaztiyen diskoko kontzertu bira antolatzen hasi ginen, eta ohartu ginen mitologiaz aparte tradizioaren eta musika modernoaren arteko nahasketak funtzionatzen zuela eta publikoak ongi jasotzen zuela. Ondorioz, Mitoaroa izan da Aaztiyen diskoaren biraren ikuskizun handia, nolabait errateko. Ondotik, udan ikusgarria josten hasi zen Pello. Mitoaroa bost kapituluz osatua zen, eta nik lehen-lehenik historia irakurri nuen. Kontzeptua ulertzea izan da gakoa nihauren burua kokatzeko. Pixkanaka-pixkanaka, xehetasunetan sartu, eta kantuen arteko trantsizioak lantzen hasi nintzen. Musikaren aldetik, teknikoki ez zitzaizkigun gauza anitz aldatu. Niri gustatzen zait sentitzea zu zauden lekuan zaudela proiektu horretan sinesten duzula.
Euskal mitologia lehenagotik ezagutzen zenuen?
Biziki guti. Elementu batzuk banituen. Senperen izanda, laminen mundua ezagutzen hasi nintzen haurrekin, ikastolaren bidez. Ez dut sakonki ezagutzen, baina Mitoaroa-ren ondotik gogoa piztu zait euskal mitologiari buruz gehiago jakiteko, gai horrekin eroso senti nadin.
Zail izan da Mitoaroa prestatzeko bidea?
Bide hori oso intentsoa izan da. Ordu anitz egin behar izan genituen denbora gutian. Arbizun hasi ginen taldeko laurak, bakarrik. Argi teknikariekin mugimenduak landu genituen, eta horrek kantuetan ondorio bat ukan du, iraupenak laburtu edo luzatu baititu. Momentu hoberena momotxorro, joaldun eta beste guztiekin entsegua egitea izan zen. Aste bat lehenago elkartu ginen denak. Dozenaka bilkura izan ziren lehenago. Fisikoki bafle batekin elkartu ginen pabiloi handi batean Mitoaroa-n egon den oholtzaren egiazko distantzia kontuan hartuz. Gauza batzuek funtzionatu zuten, beste batzuk berrikustekoak ziren. Iruñeko Nafarroa Arenara urtarrilaren 2an ailegatu ginen, eta gure markak hartu genituen.
Mitoaroa pasaturik, zer erran diozu zuhauren buruari?
Emaitzaz oso-oso pozik naiz. Jendeak buruan du guk 30.000 pertsonen aitzinean jo genuela. Jendea markatu du Mitoaroa-k, eta niri bereziki zerbait egin dit horrek. Jendea hortik atera da erranez: «Uau, zer izan da hori?». Jendea Mitoaroa-ren kontzeptuan zinez sartu dela uste dut.
Heldu den ikuskizuna buruilaren 5ean, 6an eta 7an izanen duzue, Donostian, Illunben.
Orain Mitoaroa digeritzen ari gara. Distantzia bat hartu beharko dugu hurrengo ikuskizunerako. Egia errateko, udaberrian loratuko dira ideia berriak. Askok galdegin didate ea Mitoaroa-ren gauza bera izanen den. Mitoaroa-k bide bat ireki du, eta horren segida izanen da Illunbeko ikuskizuna.