AEKn euskaldundu zen osoki Kattalin Totorika Ondikola (Ziburu, 1959) eta ikastolan euskaldundu zen haren alaba Ana Ondikola (Ziburu, 1996). Egun, biek parte hartzen dute AEKren Donibane Lohizuneko Praktikatu egitasmoko mintza taldean; ama bidelagun eta alaba bidaiari. Lizeotik landa Frantzian egin zituen ikasketak Ondikolak, eta euskaraz jario mintzatzeko ohitura «galdu» zuen. Euskal Herrira itzultzean, euskara mailaz «ahalke» zen, eta mintzapraktika egiteko beharra sentitu zuen. Izena eman zuen taldean, eta bidelagun beharretan zirenez, amari eskatu zion etortzeko. Iaztik parte hartzen dute, eta taldea leku goxoa dela uste dute biek.
Ikusi gehiago
Ana, zergatik erabaki zenuen mintzapraktika talde batean sartzea?
ANA ONDIKOLA: Ama ikastolatik lizeoko lehen urtera arte Seaskan ibilia naiz; lizeotik landa Montpellierren eta Tolosan [Okzitania] egin nituen ikasketak, eta ez nuen batere euskara praktikatu. Euskal Herrira sartzen nintzenean, nire ikastolako lagunak ez nituen sobera ikusten, eta faltan nuen euskaraz mintzatzea. Gainera, etxean ez dugu euskaraz hitz egiten; nik ikastolan ikasia dut, ama AEKn euskaldundu zen, eta aita ere bai, berantago, baina etxeko hizkera frantsesa da, eta aita euskaldundu zenean ohiturak jadanik hor ziren. Gero, Euskal Herrira itzuli nintzenean bizitzera, lotsagarria zitzaidan ikastolatik pasatu eta ez euskara baliatzeko gai izatea. Ikastolako lagunak topatzean zailtasunak nituen euskaraz mintzatzeko, eta frantsesera lerratzen nintzen; horrek zinez lotsatzen ninduen. Arazo hori nuen, eta nik arazo bat dudanean, aterabide bat xerkatzen dut; hola ezagutu nuen mintzataldea. Izena eman nuen, eta taldean bidelagun bat falta zuten: amari galdetu nion euskaraz naturalki ari delako, eta onartu zuen.
Alabak bidelagun izatea proposatu zizunean, Praktikatu egitasmoa ezagutzen zenuen, Kattalin?
KATTALIN TOTORIKA: AEK biziki ontsa ezagutzen dut, hor euskaldundu bainintzen. Baina Praktikatu egitasmoa berria zen, eta ez nuen ezagutzen; ez nuen ikusten nik zer ekartzen ahal nion talde bati. Baina alabak eskatu zidanez, baietz erran nion. Ez naiz damutzen! Pentsatzen dut taldea pixka bat laguntzen dudala, eta plazera hartzen dut haiekin mintzatzean. Gainera, ondorioak ikusten ditut. Hasieran batzuek ez zuten hitz bat ere ateratzen. Gero, pixkanaka, kasu eginez, hitza goxoki emanez, gaiak bideratuz, lasaiki mintzatzen hasi dira, eta anitz hobetu dira; izugarria da. Plazer egiten du. Bestalde, uste dut zerbait zor niola AEKri, nik euskara hutsetik ikasi bainuen aspaldi hor; orain euskaldun berri zaharra naiz, eta momentua da ene esker ona adierazteko.
Ana, mintzalagun taldean zarenetik, mintzatzeko aisetasuna errekuperatu duzula sentitzen duzu?
ONDIKOLA: Bai, asko laguntzen du. Nik maite dut gauzak ongi egitea, eta, mintzo naizelarik, hitzak xerkatzea ez zait gustatzen; horregatik lerratzen naiz frantsesera. Taldean, hitzak bilatzeko denbora hartzen dugu, eta pixkanaka heldu dira berriz. Euskaraz hutsak egiten ditudala badakit, baina mintzatzean hutsak egitean talde kideek ez dute epaitzen, eta hori goxo da. Etxean entseatzen gara mintzataldea eta gero euskaraz segitzen, ohiturak aldatzeko ahalegina eginez.
Mintzataldeko giroa egokia dea hizkuntza lantzeko?
TOTORIKA: Ez da klase bat. Batzuek zailtasunak dituzte klaseekin; euskaldun zahar batzuek, euskara galdu dutenek, ez dute errazki irensten gramatika. Horrelakoek behar dute toki bat, zeinetan lasaiki ateratzen ahal duten jadanik barnean duten hizkuntza. Hizkuntza bat ikasteko biziki inportantea da ukaitea leku bat zeinetara heldu zaren lotsa guziak atean utzirik.
ONDIKOLA: Nik AEKn klaseak hartzen ahalko nituen, baina zinez umiliagarria zitzaidan berriz euskara klaseak hartzea ikastolatik pasatua izanik. Mintzataldera etortzean, hasieran gauza bera sentitzen nuen: lotsa. Afera da normalean ez nukeela zailtasunik ukan behar, baina baditut. Hola da, eta onartu behar da. Talde zinez goxoa osatu dugu, eta konfiantza hartu dut. Egin dudan bideaz harro naiz: lotsatik harrotasunera.