Trikota polita eskaini zidaten joan den urtean, All Cyclists Are Beautiful, handiz idatzirik bizkar gainean. Ingelesfobikoentzat: «Txirrindulari guztiak ederrak dira» itzul genezake euskaraz.
Gustatu zait oparia, bizikletazale bainaiz eta ez hainbeste poliziazale —egia erran, txirrindularien kategoria anitzek eskaintzen digute aztertzeko eta kritikatzeko gaia, baina hori ez da gaurkoa—. Bizikletaren eta poliziaren arteko lotura bilatzen dutenentzat, lau hitzeko esaldi labur honetan, garrantzitsua, ACAB akronimoa da. Ingelesezko All Cops Are Bastards esaldia eta erreferentzia du oinarria, Wikipediak «Polizia guztiak sasikumeak dira» itzultzen duena.
Lema bihurtu da, poliziaren jazarpena, gehiegikeriak eta inpunitatea salatzeko, eta bide beretik estatu baten politika. Zuriak ziren murru belztuetan, manifestazioetan, papoetan harroki tatuaturik, kantuetan oihukatuak edota tote bag modernoetan agertzen diren lau letrak bereganatu ditu jendarte batek. Urrunago joanez, alfabetoaren ordena berriz hartuz, akronimoak zenbakiekin ordezkatzearekin ere mezua pasarazteko bidea da —betiere kodea ulertuko duenarentzat—; 1.312 arrazoi baitira polizia eta estatu baten sistema dominatzailea gorrotatzeko.
Deigarri egin zait duela zenbait egun Bidarten gertatutakoa. Deskubritu dut estatuaren beso armatuak «bitartekaritzazko suizidioa» egiten eta asumitzen zuela. Kasketadunekin bederen segur zara zure suizidioa ez duzula huts eginen, lana ez baitute erdizka egiten.
Euskaltzaindiaren itzulpenaren beha egon gabe, anartean lau letra hauen ordezkatzeko, manifestazioetan oihukatzen den lema berriz hartu du Nakar taldeak: Mundu Guztiak Gorroto Du Polizia.