Orphee Aubame (Kessi, Gabon, 2000) 6 urterekin jin zen Afrikatik Zuberoara bizitzera. Onizepeko eskolatik Sohütako lizeora, eta, elektrikari ikasketak eginik, ofizio horretan ari da orain. Hirugarren lerroko jokalaria da Mauleko errugbi taldean. Sasoia gaizki hasirik, urte hasieran Frantziako Federal 1 mailari eusteko borrokan hasi ziren, eta, azkenean, Nationale 2 mailara igotzea lortu dute. Maulek Frantziako txapelketako finala jokatu zuen ekainaren 16an, Servetteren (Suitza) aurka, baina partida galdu zuen.
Nola barneratu duzu Frantziako txapelketako finala?
Egia da finalaren inguruko halako irakite giro bat izan zela, denek aipatzen zuten, eta orain doi bat apaldu da. Kontent naiz jende hori guztia Agdera [Okzitania] mugiarazi genuelako; bikaina izan zen.
Maulen nonahi ageri ziren sostengu mezuak, baziren banderak eta errugbi atorrak saltegien erakusleihoetan...
Ni ari naizenetik, ez dut halakorik ezagutu, baina zaharragoek erraten didate duela hamar edo hamabost urte finalean izan zirela eta giro pixka bat izan zela, jendeak segitzen zituela... Baina haiek ere harrituak izan dira aurten; erran digute sekula ez zela hainbesteko giroa piztu. Maulen ez zuten halakorik sekula ikusi.
«Sasoia gaizki hasi genuen; urtarrilean uste genuen maila berean egoteko borrokan ariko ginela»
Badakizu zerk eragin duen?
Ez dakit. Denak lekuko gazteak gara, ikusten gaituzte amiñi bat axolagabeak jokoan, eta uste dut gure jitearengatik maite gaituztela. Familia jiten da zelaira, lagunak ere bai, lagunek lagunak ekartzen dituzte... Sasoiaren istorioak ere zerbait piztu du, gaizki hasi ginelako; urtarrilean uste genuen maila berean egoteko borrokan ariko ginela, eta, azkenean, garaipenak bat bestearen gibeletik lerrokatu ditugu.
Taldeari zer ekartzen dio halako sasoi batek?
Ukan ditugu momentu konplikatuak, eta uste dut ez bagenu aspalditik elkar ezagutu taldea zartatuko zela. Ttipitik elkar ezagutzeak laguntzen du, beharrezkoa denean gauzak elkarri errateko. Urtarrilean juntatu ginen eta erran genuen zer ontsa joaten zen, zer ez eta ez zela laxatu behar potentziala bazelako. Baina emaitzak ez ziren onak. Horren ondotik, puntu batez galtzen genituen partidak puntu batez irabazten hasi ginen, eta goiti joan da emeki-emeki.
Finalarentzat berezia izan bada ere, beti bada publikoa zuen partidetan.
Beti bada presio hori, bai, eta egia da Marius [Rodrigo] zelaia usu betea dela. Gauzak ontsa joaten direlarik, dena eder da eta denak kontent, baina galtzen dugunean ere entzuten dugu. Presioa ekartzen du, baina motibazio iturri da. Publikoak nekeziak gainditzeko gogoa ematen du; akitua zarelarik publikoak pusatzen zaitu, harrigarria da. Beroketan edo aldageletatik itzultzean publiko aitzinetik pasatzen garelarik, akuilatzen gaituzte; ez dugu batere iruzur egiteko gogorik.
Ondoko sasoian mailaz igoko zarete, Nationale 2 mailara. Maule klub amateurra da, eta besteetan profesionalismo haboro izanen da.
Uste dut gure DNA atxiki nahiko dugula: handiak nardatu nahi dituen talde ttipia gara. Segur da jokalari batzuk ekarri beharko direla, parean pisu anitz izanen baita, eta sasoi honetan baino zauri gehiago izanen delako maila goragoa izanik. Baina iduri zait segitu behar dugula garena izaten, profesional izaten saiatzea baino gehiago, horrek ez baitigu deus onik ekarriko.
«Ttipitatik adoptatua izan naiz hemen, eta plazer bat zen Euskarians euskal selekzioaren atorra soinean ukaitea»
Finala egunean agerikoa zen zuen pareko jokalariek beste tamaina bazutela. Nola bizitzen da hori zelaian?
Alde batetik, motibazio iturri da. Usu agerikoa da parean ditugunak mutil puskak direla, eta finalean oraino diferentzia handiagoa zen. Baina motibatzen du, pentsatzen duzulako haien kontra ere lehiatzen ahal duzula. Ez du beldurrik ematen, usaia badugu.
Maulez aparte, Euskarians euskal selekzioarekin ere ari izan zara.
Mauleko jokalari batzuk hautatuak izan ginen inguruko beste taldeetako jokalariekin batean. Ohore bat zen Euskal Herria ordezkatzea. Ene izenak ez badu ere euskal kontsonantziarik, ttipitatik adoptatua izan naiz hemen, eta plazer bat zen atorra hori soinean ukaitea.
Hego Euskal Herriko jokalariak ere ari dira Euskarians taldean. Euskara da komunikatzeko hizkuntza?
Bai. Ez naiz euskaraz mintzo, baina hitz batzuk ulertzen ditut. Gaztelera ere mintzatzen da, eta ahal bezala komunikatzen dugu. Behin zelaian garelarik, denek atorra bustitzen dugu, eta hor fite elkar ulertzen dugu. Talde ederra da, Angelu, Baiona edo Donibane Lohizuneko jokalari batzuekin, eta maila ona bada.
Gabonen sortua zarenez, hautatu behar bazenu Gaboneko edo Euskal Herriko selekzioen artean bat, zein?
Euskal Herrikoa. Gabonen ditut jatorriak, baina hemen handitu naiz, hemen ikasi dut, ene lagunak hemen dira. Hautatu behar balitz, hemengoa hautatuko nuke.
Maila pertsonalean gorago joateko ametsak badituzu?
Ez bortxaz, Maulen ontsa naizelako. Maila bereko beste taldeetan aritzeko proposamenak ukan ditut, eta ez naiz sekula joanen; ez dut Mauleren kontra aritzeko gogorik! Gorago aritzeko bada, zergatik ez.