Mauleko errugbi taldea, nehoiz baino gorago

Mauleko gizonezkoen errubgi taldeak Nationale 2. mailan jokatuko du heldu den sasoian. Lehenik, Federale 1. mailako finalerdia jokatuko dute ekainaren 9an, Orleanseko taldearen kontra. Heldu den sasoiari aitzin egiteko «prest» agertu dira.

Mauleko errugbi taldea
Mauleko errugbi taldearen partida bat Mauleko zelaian, zaleen ikurrarekin. SAM OFFICIEL
Oihana Teyseyre Koskarat.
Maule
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Mauleko gizonezkoen errugbi taldeak maila bat gorago jokatuko du heldu den denboraldian, bosgarren mailatik laugarren mailara pasatuko baita; nehoiz baino gorago. Okzitaniako L'Isle Jourdaineko taldearen kontra behin irabazirik (20-6) eta behin galdurik (21-8), aski puntu lortu ditu Mauleko taldeak Frantziako Federale 1. mailako finalerdia jokatzeko —bosgarren maila da—; hori kausiturik, heldu den sasoian gorago den Nationale 2. mailan jokatzeko lekua segurtatua du. Donibane Lohizuneko eta Angeluko errugbi taldeek lekua atxikitzea lortuko balute, Iparraldeko hiru talde ariko lirateke Nationale 2. mailan heldu den sasoian. Mauleko jokalariak «prest» dira desafioari heltzeko, baina, momentuz, Orleansen (Frantzia) kontra ekainaren 9an jokatuko duten partida dute gogoan.

Mattin Epherre Mauleko gibelarietakoari iragan igandeko eguna aldi berean «gaitz eta eder» izan zaio. «Eguna luzea izan da partida hasi arte. Lasaitzeko, gure artean mintzatu gara, eta urte honetan egin duguna jadanik ontsa zela erran». Partidaren bilan gazi-gozoa egin du: «Partida ontsa hasi dugu, eta lehen zati ona egin dugu; bigarrena gaitzago izan da guretako, eta parekoek beren indar guziak igorri dituzte. Abantzu galdu dugu, baina ahal bezala atxiki dugu. Ulertu dugularik finalerdian ginela, eta, sustut, igoko ginela, plazer handia izan da», kontatu du.

Philippe Hontaas taldeko entrenatzaileak bat egin du bilan gazi-gozoarekin; Maulen partida «ona» eginik ere, «zailagoa» iruditu zaio L'Isle Jourdainekoa, parekoak «fisikoki indartsuagoak» izan direlako. Dena den, «nahikoa» izan da mailaz igotzeko, eta sasoiaren hastapena ikusiz, «jokalariek bururaino atxiki» izana goraipatu du. «Helburua ez zen mailaz igotzea, baina prest gara igotze hori onartzeko».

«Nationale 2. mailan zera gertatuko da, azken fasean atzeman ditugun zailtasunak atzemanen ditugula asteburuero».

PHILIPPE HONTAAS Mauleko errugbi entrenatzailea

Heldu den sasoiko desafioari begira, pausatuki mintzatu da Epherre, eta erran du lehen erronka finalerdiarena izanen dela. «Klubak ez du sekula erran goiti joan nahi zuenik, baina zelaian irabazi dugu. Ikusiko dugu nola eginen dugun. Dena den, lehen gauza finalerdia prestatzea izanen da». Fisikoki errekuperatu ondotik, Orleanseko taldeak nola jokatzen duen so eginen dute mauletarrek, kontra ukanen dituztenen «ahuleziak» eta «indarrak» aztertzeko, araberan jokatzeko.

«Batak bestea lagunduz»

Ekainaren 9ko emaitza nolanahikoa izanik ere, heldu diren lekura heldu izana «jadanik ontsa» dela uste du Epherrek. Heldu den sasoiari begira, besteen aldean Mauleko taldea «ttipittoa» da, haren hitzetan, denak amateurrak baitira. Buxetan ere ageri da klub xumeagoa dela: 380.000 euroko buxeta du Maulek, jakinez Nationale 2. mailako klub batzuek kasik milioi bat euro ingurukoa dutela. Nolanahi ere, partida bakoitzean «edozer iragaten ahal» da, Epherren arabera, eta taldearen helburua plazera hartzea izanen da, «pase anitz eginez» eta defentsan «parekoei lotuz».

«Zelaian ageri da lagun talde bat garela eta bata bestearendako ari garela. Aski ahul gara fisikoki, eta justuki horri aitzin egiteko arizale orok baloia pasarazten dugu, aitzindari ala gibelari izan, jokoa ontsa eginez».

MATTIN EPHERREMauleko errugbi taldeko gibelaria

Mauleko taldearen eta sailkapenaren hastapenean direnen arteko oreka eskasa aipatu du jokalariak: «Sentitzen dugu azken faseak gogorrago direla eta gu baino azkarrago direla parean, hobeki prestatuak baitira. Muskulazioa egiten dute egun oroz, teknika handia badute...». Hontaasek ñabardura gehiago ikusten ditu, eta pentsatzen du Nationale 2. mailako talde ahulenen artean eta Mauleko taldearen artean ez dela «hainbesteko» desorekarik izanen. Azpimarratu du laugarren mailan diren taldeak ezagutzen dituztela: Lannemezan, Auch (Okzitania), Angelu, Donibane Lohizune... «Duela ez hain aspaldi arituak gara talde horien kontra, eta ezagutzen ditugu. Nationale 2. mailan zera gertatuko da, azken fasean atzeman ditugun zailtasunak atzemanen ditugula asteburuero». Horri aurre egiteko jokalari gehiago beharko dituztela uste du, itzulikatu ahal izateko eta egungo jokalariak ez gehiegi akitzeko.

Halere, Epherren hitzetan, dituzten ahulezia horiek «konpentsatzen» dituzte «energia anitz» ezarriz eta «batak bestea lagunduz beti». Gibelariak uste du kirol taldea izanagatik ere «lagun taldea» direla oroz gainetik: «Zelaian ageri da lagun talde bat garela eta bata bestearendako ari garela. Aski ahul gara fisikoki, eta justuki horri aitzin egiteko arizale orok baloia pasarazten dugu, aitzindari ala gibelari izan, jokoa ontsa eginez. Errugbia maite dugu eta ontsa aritzen entseatzen gara», erran du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.