Marieneko lurren afera urrundik heldu da, eta luze joko du oraino ere. Kanbon laborantzarako baliatuak diren lurretan Bouygues promotoreak duen higiezin proiektuaren kontrako borrokan buru-belarri murgilduak dira ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria, CADE eta Ostia sarea. Azken horretako lau kideren kontrako auziak berriz ere oihartzuna ukan zuen urte hastapen honetan; 2022ko abenduaren 17an Bouygues Immobilier sozietatearen Angeluko egoitzan Marieneko egitasmoaren maketa gainera lurra, lastoa eta ura botatzeagatik zigortuak izan ziren maiatzaren 14an.
Baionako auzitegiak 5.000 euro inguruko kalte ordainak pagatzera kondenatu zituen, eta 500 euroko isuna ezarri zion bakoitzari, gibelapenarekin. Epaia nonbait ez zen Bouyguesen gustukoa izan, eta dei egin zion. Joan den astean, Paueko Auzitegiak (Okzitania) jakinarazi zuen dei auzia heldu den martxoaren 13ra arte gibelatu duela. Abenduaren 12ko BERRIAn irakur zitekeenez, argudio politikoetan urrunago joan dira Bouyguesen abokatuak, lau auzipetuak «lanjerosak izan daitezkeen euskal nazionalista» gisa izendaturik.
Kontseilu baten tentsioa
Urte hastapenean, aferaren inguruko beste gertakari batek bi aldeetako salaketa hari luzea ekarri zuen: apirilaren 10ean, Kanboko herriko kontseiluan, ehun bat lagun bilkurara sartu ziren Marieneko proiektua gelditzea galdetzeko; kontseilu bukaerako nahasmenduan, jendarme, hautetsi eta manifestarien arteko bultzadan, Christian Deveze auzapeza erori eta arinki zauritu zen. «Bortizkeriaren» kontrako salaketak izan ziren alde batetik; Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariarena, besteak beste. Parean, protesta egin zutenek erran zuten auzapezak oreka galdu zuela: «Ez da erasorik izan, ez dute jo, ez eta iraindu ere». Auzapezak bertsio hori konfirmatu zuen gero.
Gertakariak sortu harrabots mediatiko handiaren erdian, Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta EAJren garai hartako Ipar Buru Batzarreko lehendakariak agerraldia egin zuen: «eskaladaren logika» gelditzera deitu, eta horretarako bitartekari lanak egitea galdegin zion Etxegarairi. «Erran gabe doa laborarien manifestazioa bultzada batekin eta auzapezaren erorikoarekin finitu izana deitoragarria dela», adierazi zuen Etxelekuk, bilkura hartan izan ez zen arren. «Hautetsiek, beren engaiamendua dela eta, errespetatuak izatea merezi dute. Hala eta guziz ere, eztabaida baketsu bat helburu dudanez, ez dut laborarien ekintzari buruz kondenatu hitza erabiliko. Ez dut uste nahitarako bortizkeriarik erabili denik». Agerraldi hartan, Etxelekuk erran zuen ez zuela elkargoko Errobiko poloko buru gisa zuen postua galtzeko beldurrik, baina hala gertatu zen gero, maiatzaren 15ean, Etxegarairen erabakiz.
Marieneko borrokan ari diren hiru pertsona atxilotuak izan ziren urriaren 2an. Borroka horretan ari diren taldeek neurriz kanpoko egin-moldeak salatu zituzten, agiri batean: «Polizia sarekadak goizeko seietan, etxe miaketak, esku burdinen emateak, komisarietako egonaldiak». 2025eko otsailaren 11n izanen da hiru lagun horien auzia, Baionan.
Amore emateko keinu ñimiñorik ez dute egin Marieneko lurren defentsan ari direnek: maiatzaren 25ean Kanbon antolatu zuten borroka egunean Irabazi arte! zioen pankartak argi utzi zuen hori. Beste agerraldi bat egin zuten Baionako Arteen Hirian, abenduaren 7an, Euskal Elkargoaren urteko azken biltzarraren aitzakian, hautetsien inplikazioa galdegiteko. Biltzarrean berean, berriz, elkargoko 64 hautetsik Jean Rene Etxegarairi galdetu zioten Marieneko higiezin proiektuari buruzko eztabaida baten antolatzea. «Gai hauek politikoki konpondu behar dira, eta ez judizialki», adierazi zuen Filipe Aramendi Urruñako auzapezak.