Aines Hariztoi

Makuluak

2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Badakizu makuluekin ibiltzen? Teknika aldatu egiten da baldin hanka sendo bat edo bi izan, baldin makulu batekin edo birekin ibili. Nahiz eta teoria ezagutu, praktika beste istorio bat da. Esperientzia egin dut berriki.

Baionako larrialdietara heltzerakoan, makolekin hinki-hanka, harrerako idazkariak ene nekeziaz oharturik gurpil aulki batean jartzea proposatu dit. Gogotik onartu dut eta besapeko makilak berehala despeditu. Handik gutira, erizain batek deitu nau. Ez nintzenez nahi bezain zaluki agertzen, igurika gelara etorri zait xerka. Gurpil aulki batekin ere ez naizela trebe aitortu behar dut. Martxa azkartzeko, azkenean erizainak besaulkiko giderretatik pusatu nau galdeginez:

—Zure aulkia da?

—Ez, harreran ukan dut, makuluekin ibiltzean min dudalako.

—Gaur egun jendeak ez daki gehiago makuluekin ibiltzen!, erantzun dit trufari.

Medikuak ikertu nau ti-ta batean eta ondotik bost orduz diagnostikoaren zain egon naiz. Erizainaren arraileria hausnartuz denbora-pasa.

Ez dut uste protesi batekin kurritzea senezkoa denik. Jende zenbaitek erraztasunak ditu segur, sortzez gaitasun bereziak. Nini batzuek ibiltzen dakite hamar hilabeterekin, beste batzuk berriz urte eta erdi pasa oraindik itsumandoka aitzinatzen dira. Bigarren kategoriakoa naizenez, ezin dut esan oreka nire ezaugarri handienetako bat denik.

Ezintasun bat gordetzeko, ahulezia bat lausotzeko, urritasun bat konpentsatzeko, bakoitzak ditu bere makuluak. Horiekin ere til-til-til aitzina joaten ikasten da, zangoak nahasiz eta eroriz batzuetan. Japonian erran ohi den bezala: zazpi aldiz lurrean, zortzi aldiz zutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.